Reala
Europa Liga
EITB MEDIA
Talde txuri-urdina aurretik jarri da, bosgarren minutuan, Pablo Marinen bidez, baina Belgikako taldeak markagailua irauli du, 29. eta 40. minutuetan Luis Vazquezek eta Leonik golak sartuta. Beraz, Realak, Europa Ligan, bi partida jokatuta, puntu bat duela jarraitzen du.
Beñat Turrientes, Anderlechteko Stroeykensekin lehian, neurketako jokaldi batean. Argazkia: EFE.
Realak galdu egin du, 1-2, Anderlechten aurka, Reale Arenan, Donostian, ostegunean, 2024-25 denboraldiko Europa Ligako liga faseko bigarren jardunaldian. Pablo Marinek aurretik jarri du Reala 5. minutuan, eta Luis Vazquezek eta Theo Leonik Anderlechten golak sartu dituzte 29. eta 40. minutuetan. Donostiako taldeak, horrenbestez, Europa Ligan, bi neurketa jokatuta, puntu bat duela jarraitzen du.
Realaren hamaikakoan, larunbatean Valentziaren aurkako partidan hasieratik zelairatutako taldearekin alderatuta, hamar jokalari berri izan dira. Realak oso arin eman du lehenengo kolpea, 5. minutuan: Sadiqek presio ona egin du Anderlecht baloiarekin ateratzen saiatzen ari zela, baloia lapurtu, eta erdiraketa bikaina jarri du bigarren zutoinera; bertan, Pablo Marinek, ezkerrez, lehen taldearekin sartu duen lehen gola egin du. Imanolen gizonak aurretik jarri dira horrela.
Realak ondo jokatu du lehen ordu erdian, baloia ondo mugituta eta presioan sendotasuna erakutsita. Sadiqek abagune ona izan du, 17. minutuan, 2-0ekoa egiteko, baina, 29.ean, Anderlechtek sartu du 1-1ekoa. Erasoko jokaldi luze batean, Luis Vazquezek pase sakona jaso du, eta ondo jaurti du Remiroren aurrean. Jokaldian, zalantzagarria izan da ez ote dioten faltarik egin Sadiqi, zelai erdian, azken pasea eman baino lehen. Belgikako taldeak gola sartu aurretik, talde bisitariaren zale ultrak istiluak sortzen hasiak ziren, Reale Arenan zeuden goiko harmailatik beheko harmailara gauzak jaurtiz.
40. minutuan, Theo Leonik, areaz kanpotik egindako jaurtiketa bikain baten bidez, 1-2koa sartu du. Anderlecht, berdinketaren ostean, hobeto aritu da; gainera, neurketa eten egin dute minutu batzuetan, Belgikatik iritsitako zale erradikalak istiluak sortzen ari zirelako. Imanolen gizonak, norgehiagokako puntu horretan, ez zebiltzan batere eroso berdegunean; 45. minutuan, baina, kontraeraso azkar batean, Oskarssonek langara bota du, aukera oso argia ezerezean utzita. Horrela amaitu da lehen zatia, Anderlecht aurretik zegoela. Bruselatik heldutako bi ultra atxilotu dituzte partidaren aurreneko 45 minutuetan izandako istiluengatik.
Bigarren zatirako, Imanolek Aguerd, Barrene eta Kubo jarri ditu zelaian, Pachecoren, Sadiqen eta Odriozolaren ordez. Partidako lehen minutuetan bezala, Reala aurkaria itotzeko asmoz irten da, eta Oskarssonek eta Kubok gol aukera on bana izan dute. Gipuzkoako taldeak jokoaren kontrola hartu du, erabat, eta, bigarren zatian, hainbat aldiz Anderlechteko atearen ingurura. 67. minutuan, Braisek, buruz, Coosemansen eskuineko zutoinetik oso hurbil errematatu du. Realak berdinketa nahi zuen, eta merezi zuen 2-2koa, indartsu eta ausart jokatzen ari baitzen. Aguerdek eta Kubok (jokaldi batean baino gehiagotan) gola egiteko aukerak izan dituzte.
Anderlechtek, kontraeraso arriskutsu batzuetan, Reala oso goian zebilela, hirugarrena sartzeko parada izan du. Azken minutuetan, baina, Donostiako taldeak gogorrago egin du eraso, gutxienez puntu bat lortzea helburu. Imanolen gizonek ezin izan dute bigarren gola sartu, eta, horrenbestez, 3. jardunaldian dute jomuga dagoeneko. Belgraden, Makabi Tel Aviv izango du aurkari Realak, aurreneko garaipena erdieste aldera.
Fitxa teknikoa
1 - Reala: Remiro; Odriozola (Barrenetxea, 46. min), Jon Martin, Aritz, Pacheco (Aguerd, 46. min), Aihen; Turrientes, Pablo Marin (Sergio Gomez, 67. min), Brais Mendez; Oskarsson (Oyarzabal, 75. min) eta Sadiq (Kubo, 46. min).
2 - Anderlecht: Coosemans; Foket (Sardella, 64. min), Zanka, Simic, N'diaye (Augustinsson, 75. min); Rits, Stroeykens (Ashimeru, 89. min), Leoni; Degreef (Verschaeren, 64. min), Luis Vazquez eta Dreyer (Dolberg, 75. min).
Golak: 1-0, 5. min: Pablo Marin. 1-1, 29. min: Luis Vazquez. 1-2, 40. min: Leoni.
Epailea: Marian Barbu (Errumania). Realeko Oskarsson eta Anderlechteko Rits eta Foket zigortu ditu, txartel horia aterata.
Gertakizunak: Europa Ligako bigarren jardunaldiko partida. 30.985 zale bildu dira Reale Arenan.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 12:00 - 14:00 | HARRI-JASOTZAILEAK | Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa |
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa