20:42

Reala

EA Sports Liga

Realak garaipena bereganatu du Mallorcaren kontra (1-2), Merinok azken minutuan sartutako golari esker

EITB Media

Txuri-urdinek irabazi egin dute Son Moixen jokatutako EA Sports Ligako 25. jardunaldiko partida, 1-2ko emaitzarekin. Mallorcak jokalari bat gutxiagorekin jokatu du bigarren zati guztia. Kubo eta Merino izan dira Realeko golegileak.

  • Merino eta Kubo

    Merino eta Kubo, golegileak Mallorcaren aurkako partidan. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Realak 1 eta 2 irabazi dio Mallorcari, igande honetan, otsailaren 18an, Son Moixen jokatutako EA Sports Ligako 25. jardunaldiko partida. Ondorioz, Donostiako taldeak 40 puntu ditu, eta sailkapeneko seigarren postuari eutsi dio. 

Talde txuri-urdinari azkar jarri zaio neurketa maldan gora. Izan ere, laugarren minutuan, Mallorcak gola sartu du; Antonio Sanchezek jarri du 1-0ekoa markagailuan, Larinen pasea jaso, eta erremate ona eginez Remiro atezaina gaindituta.

Realaren erantzuna azkarra izan da, baina Rajkovc atezainak txuri-urdinen gola saihestu du, Zubimendiren erremateari erantzun ona emanda. Ondoren, parekotasuna izan da nagusi, eta bi taldeetako batek ere ez du abagunerik izan lehen zatiko azken txanpara arte.

35. minutuan, Mallorca bigarren gola egitetik gertu egon da; Dani Rodriguezen jaurtiketa, ordea, kanpora joan da gutxigatik. Etxeko taldeak barkatu egin du aurkariaren ate aurrean, eta Realak ez. Horrela, Donostiako taldeak markagailua parekatu du, Kubok 38. minutuan sartutako golari esker (1-1). Jokalari japoniarrak Rajkovicen atearen barruan sartu du baloia, area barrutik egindako jaurtiketa gurutzatuarekin.

Bazirudien atsedenaldira heldu aurretik ez zela askorik gertatuko, baina guztiz kontrakoa gertatu da. Luzapenean, Mikel Merinoren errematea kanpora joan da oso gutxigatik, eta, 48. minutuan, Gonzalez Fuertes epaileak Mallorcako kapitaina egotzi du, bigarren txartel horia aterata. Raillok epaileak hartutako erabaki bat txalotu du, eta horrexegatik ikusi du bigarren txartel horia.

Jokalari bat gehiagorekin jokatu du Realak bigarren zatia. Mallorca atzean sartuta egon da, eta Reala ekinean ibili da erasoan. Txuri-urdinei asko kostatu zaie abagune argiak sortzea. Bigarren zatiko lehen gol aukera Barrenetxeak izan du, 67. minutuan, area kanpotik egindako jaurtiketa batekin; kanpora joan zaio. Etxeko taldeak, aldiz, ez dio lan handiegirik eman Realeko defentsari.

Azkeneraino saiatu da Reala garaipenaren gola lortzen, eta izan ditu abaguneak. Rajkovicek Barrenetxearen jaurtiketa desbideratu du 86. minutuan, eta sei minutu geroago, Kuboren jaurtiketa kanpora joan da, langa urratuta.

Bazirudien neurketa berdinduta amaituko zela, baina Mikel Merinok gola sartu du (1-2) 93. minutuan, Realari hiru puntuak emateko. Jokalari nafarrak bikain errematatu du Pachecok hegaletik egindako erdiraketa.

Amaieran, Reala garaile Son Moixeko partida lehiatuan (1-2).

Fitxa teknikoa:

1-Mallorca: Rajkovic; Gio Gonzalez, Valjent, Raíllo, Nastasic, Jaume Costa (Toni Lato, 79. min); Antonio Sanchez (Morlanes, 64. min), Samu Costa, Dani Rodriguez (Sergi Darder, 79. min); Muriqi eta Larin (Abdon Prats, 64 min).

2-Reala: Remiro; Traore, Zubeldia (Andre Silva, 64. min), Le Normand, Javi Galan; Brais Mendez (Turrientes, 73. min), Zubimendi, Merino, Zakharyan (Pacheco, 64. min); Take eta Sadiq (Barrenetxea, 64. min).

Golak: 1-0, 3. min: Antonio Sanchez. 1-1, 37. min: Kubo. 1-2, 92. min: Merino.

Epailea: Gonzalez Fuertes. Txartel horia atera die Antonio Sanchez (30. min), Le Normand (40. min), Rajkovic (46. min), Zubeldia (61. min), Pacheco (77. min), Nastasic (81. min), Samu Costa (90. min), Mikel Merino (95. min) eta Turrientes (95. min) jokalariei. Gainera, Antonio Raillo egotzi du, bi txartel hori aterata (48. eta 49. min).

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    25 Zuzenean 17:00 - 20:00 PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena