23:01

Reala

Errege Kopa

Realak berdinketa lortu du Mallorcan (0-0), eta Reale Arenan erabakiko da nor gailentzen den finalerdian

EITB MEDIA

Talde txuri-urdinak gola sartzeko hainbat aukera izan ditu, bereziki bigarren zatian, Son Moixen irabazteko, baina ezin izan du garaipena lortu, oso lehiatua izan den partidan. Hala, itzuliko neurketa, hilaren 27an, erabakigarria izango da, eta horrek zehaztuko du zein taldek egiten duen aurrera.

  • Le Normand eta Prats, partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

    Le Normand eta Prats, partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Realak berdinketa lortu du Mallorcan, 0-0, Estadi Mallorca Son Moixen, asteartean, 2023-24 denboraldiko Errege Kopako finalerdietako joaneko partidan. Hala, bi taldeek Reale Arenan, Donostian, izango dute jokoan, hilaren 27an, zeinek lortzen duen Kopako finalerako txartela. Norgehiagoka oso lehiatua izan da, eta Reala, bereziki bigarren zatian, Mallorca baino gehiago izan da.

Realak, Son Moixen, Hamari Traore eta Take Kubo izan ditu hasierako hamaikakoan, horiek, hurrenez hurren, Afrikako eta Asiako Kopan aritu ostean. Sadiq zelairatu da aurrealdean, japoniar futbolariarekin batera, eta Barrene irten da ezkerretik. Mikel Oyarzabal, larunbatean Montilivin jasotako kolpearen ondorioz, deialditik at gelditu da. Mallorcan, Javier Aguirrek erabaki du Cyle Larin eta Abdon Prats sartzea hasierako taldean, erasoan.

Testuinguru horretan, aurreneko zatia parekatua izan da. Biak ala biak euren baliabideak gailentzen saiatu dira, baina min txikia egin diote elkarri. Realak ondo mugitu du baloia zelai erdian, eta horrela ahalegindu da Greif atezainaren ateraino iristen, eta Mallorcaren asmoa izan da baloia lapurtu eta aurrera azkar irtetea; baina entrenatzaileen planek ez dute ia arriskuko jokaldirik ekarri.

Talde bakoitzak gola sartzeko aukera garbi bana izan du. 29. minutuan, Dani Rodriguez ondo sartu da eskuinaldetik, erdiratu du, eta Abdon Prats aurrelariak gutxigatik errematatu du kanpora. 38.ean, Ander Barrenetxeak erdiraketa bikaina egin du, eskuin oinaren kanpoaldea erabiliz, eta Sadiq bikain sartu da buruz, baina Realeko aurrelariak ezin izan du burukada hori nahi bezala zuzendu.

Nabarmentzeko modukoa da, halaber, zer jazo den 11. minutuan. Zubimendik pase sakon polita eman dio Barreneri, eta donostiarrak ondo kontrolatu du area barruan, baina Realeko hegalekoa lurrera joan da, Gio Gonzalezekin lehian. Muñiz Ruiz epailearen iritziz, ez da penaltia adierazteko jokaldia izan, baina zalantzagarria da hori, ikusita nola gertatu den.

Bigarren zatian, Reala nagusi

Atsedenaldiaren ostean, Mallorcak eta Realak zulo gehiago aurkitu dituzte, eta jokoa bizitu egin da, erritmoa bereganatu du partidak. Bigarren zatiko zazpigarren minutuan, Abdon Pratsek, area ertzetik, kanpora jaurti du, gutxigatik. Segituan izan du Donostiako taldeak 0-1ekoa egiteko abagune bikain bat: Barrenek ondo sakondu du, baloia area txikian jarri, eta Sadiq, bakarka, ezin izan du ondo bideratu errematea. Aukera bikaina izan dute Imanolen gizonek orduan. Bost minuturen buruan, Braisek ondo jaurti du ezkerrez, eta etxekoen atezaina ondo aritu da.

Sadiqek, 69. minutuan, beste aukera oso argi bat izan du gola sartzeko. Kubok, trebe, ezkerretik erdiratu du, eta Sadiqi, bakarka area barruan, baina baloia baino pixka bat aurrerago kokatuta, goitik joan zaio errematea. 73. minutuan, Barrenek area barrutik jaurti, eta Greifek geldiketa ona egin du. Reala Mallorca estutzen ari zen, Imanolen gizonak nagusi ziren berdegunean, eta etxeko taldeak, halabeharrez, atzerapausoa eman behar izan du.

Norgehiagokako azken tartean, jokoa parekatu egin da, eta inpresioa izan da Realaren eta Mallorcaren apustua izan dela, nolabait, ordura arte lortutakoa ez galtzea, arriskatzea baino gehiago. Ematen zuen, hala ere, Gipuzkoako taldeak zuela hurbilago aurreneko gola sartzea, aurkariak baino, baina ez da aipatzeko moduko beste gol aukerarik izan, eta partida berdinduta amaitu da, 0-0.

Anoetan erabakiko da zeinek egingo duen aurrera, hortaz; Realak eta Mallorcak eskura dute finala, Donostiako partidan garaile irtengo denak eskuratuko du sailkatzea. Anoetan, Donostian eta Gipuzkoan hilaren 27an izango den giroa historikoa izango da, ikusgarria, eta hori ere erabakigarria izan liteke. Egia da Realari ez zaiola erraz egiten ari gola sartzea, baina partida guztietan ari da taldea erakusten, halaber, zer zaila den aurkarientzat mendean hartzea.

Fitxa teknikoa

0 - Mallorca: Greif; Giovanni Gonzalez, Valjent, Nastasic, Copete, Costa; Darder (Morlanes, 77. min), Samu (Mascarell, 90. min), Dani Rodriguez (Antonio Sanchez, 77. min); Larin (Radonjic, 77. min) eta Abdon (Muriqi, 66. min).

0 - Reala: Remiro; Traore, Zubeldia, Le Normand, Galan; Mendez, Merino (Turrientes, 89. min), Zubimendi, Kubo (Andre Silva, 78. min); Sadiq eta Barrenetxea (Magunazelaia, 89. min).

Epailea: Muñiz Ruiz (Galiziako Batzordea). Mallorcako Copete (47. min), Dani Rodriguez (68. min) eta Jaume Costa (partida amaituta) zigortu ditu, txartel horia ateraz, eta Realeko Zubeldia (55. min), Merino (80. min) eta Andre Silva (95. min).

Gertakizunak: Errege Kopako finalerdietako joaneko partida, Estadi Mallorca Son Moixen. 22.051 zale izan dira.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    08 21:00 - 23:45 PILOTA | Lau t'erdiko txapelketa | B Serieko Finalaurrekoak: Bakaikoa vs Murua / Egiguren V vs Larrazabal

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena