Reala
Errege Kopa
EITB MEDIA
Imanolen gizonek 49. minutuan lortu dute gola, estrategia jokaldi batean; horretan, Einar Galilea gasteiztarrak bere atean sartu du baloia. Reala aurkaria baino gehiago izan da; nahiz eta emaitza estua izan den, Donostiako taldea merezita gailendu da.
Realeko jokalariak, sailkatzea eman dien gola ospatzen. Argazkia: EFE.
Albisteak (3)
Bideoak (1)
Reala 2023-24 denboraldiko Errege Kopako final zortzirenetarako sailkatu da igandean, final hamaseirenetan Malaga Rosaledan 0-1 menderatuta. Imanolen gizonek 49. minutuan lortu dute gola, estrategia jokaldi batean; horretan, Einar Galilea gasteiztarrak bere atean sartu du baloia. Reala aurkaria baino gehiago izan da; nahiz eta emaitza estua izan den, Donostiako taldea merezita gailendu da.
Talde txuri-urdinak lan ona egin du. Kontuan izan behar da, halaber, Malaga ere ibili dela ondo; Andaluziako taldea Hypermotion Ligara igotzeko lehian dabil, bete-betean, eta, hori gutxi balitz bezala, Kopan ere ibilbide polita burutu du. Hasieratik ahalegindu da Reala jokoa kontrolpean izaten; Imanolek hasierako hamaikakoetan ohikoak izaten diren hainbat jokalari zelairatu ditu, eta Gipuzkoako taldeak erakutsi du kanporaketa gainditu nahi zuela. Mikel Oyarzabal izan da Realeko aurrelaririk garrantzitsuena; izan ere, kapitaina hainbat gol aukeratan izan da protagonista. Atzealdean, Reala sendo aritu da, etxeko taldearen indarrari eusteko.
Realak gola sartzeko moduko hainbat jokaldi izan ditu aurreneko zatian, baina markagailua ez da aldatu; bai, ordea, bigarren zatian: 49. minutuan, Brais Mendezek falta bat atera du, Malagako areara, Mikel Merinok buruz jo du area txikira, eta Einar Galileak, Igor Zubeldiaren errematea saihestu nahirik, nahi gabe sartu du baloia bere atean.
Malagak, bereziki norgehiagokaren azken minutuetan, presio handia egin du, berdinketaren eta luzapenaren bila, baina Realak ere izan ditu abaguneak aldea handitzeko. Euskal taldea, horrenbestez final zortzirenetan dago, eta jarraitzen du erakusten maila bikaina ematen ari dela denboraldian, txapelketa guztietan.
Fitxa teknikoa
0 - Malaga: Carlos Lopez; Gabilondo, Murillo (Dioni, 54. min), Einar Galilea, Moussa, Victor Garcia; Antoñito (Kevin Medina, 54. min), Sangalli (Manu Molina, 78. min), Juanpe (Dani Lorenzo, 54. min), Aaron Ochoa (Larrubia, 65. min) eta Roberto.
1 - Reala: Marrero; Odriozola (Kieran Tierney, 79. min), Zubeldia, Le Normand, Aihen Muñoz (Elustondo, 79. min); Zakharyan (Carlos Fernandez, 46. min), Brais Mendez, Zubimendi (Beñat Turrientes, 46. min), Mikel Merino; Barrenetxea (Jon Magunazelaia, 72. min) eta Oyarzabal.
Gola: 0-1, 49. min: Einar Galilea, bere atean.
Epailea: Gil Manzano (Extremadura). Malagako Juanpe eta Moussa, eta Realeko Aihen eta Carlos Fernandez zigortu ditu, txartel horia aterata.
Gertakariak: Errege Kopako final hamaseirenetako kanporaketako partida, Malagako Rosaledan. 23 00 bat zale izan dira.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa