Reala
Txapeldunen Liga
EITB MEDIA
Realak ezin hobeto kontrolatu du Inter, hau da, Italiako Ligako lider eta Txapeldunen Ligako egungo txapeldunordea, eta helburua gauzatu du: D multzoko aurreneko postua eskuratuta, final zortzirenetan Reale Arenan jokatuko du itzuliko partida, eta aurkari gogorrenetako batzuk saihestuko ditu.
Robin Le Normand, Alexis Sanchez baino azkarrago, partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.
Realak 0-0 berdindu du Giuseppe Meazza futbol zelaian, Inter Milan aurkari, astearte gauean, 2023-24 denboraldiko Txapeldunen Ligako multzo faseko seigarren eta azken jardunaldian, eta, horrenbestez, D multzoko lehenengo postua lortu du. Imanolen gizonek ezin hobeto kontrolatu dute Inter, hau da, Italiako Ligako lider eta Txapeldunen Ligako egungo txapeldunordea, eta helburua gauzatu dute: D multzoko aurreneko postua eskuratuta, final zortzirenetako kanporaketan Reale Arenan jokatuko dute itzuliko partida, eta, gainera, zozketan txapelketako talde gogorrenetako batzuk saihestuko ditu, kontuan izanik ez duela izango aurkari gainerako multzoetan lehenengo postua eskuratu duen talderik.
Realak, horrenbestez, amaiera ezin hobea eman dio multzo faseari. Donostiako taldea bikain ibili da orain arte Txapeldunen Liga, eta merezimendu osoz esan dezakegu Reala ere badagoela arestian aipatutako zerrendan: alegia, txapelketako talde gogorrenetakoa dela. Jokatutako sei partidetan, hiru irabazi ditu, eta beste hirurak berdindu; 12 puntu erdietsi ditu, zazpi gol sartuta eta soilik bi jasota, bana etxean eta etxetik kanpo. Ia ezinezkoa da Reala baino hobeto aritzea. Asteartean, futbol zelai mitiko batean, Milango Giuseppe Meazzan, oso sendo jokatu du, akatsik egin gabe, ederto beste behin.
Testuinguru horretan, Reala baloia mugitzen ahalegindu da, aurreneko zatian, eta Inter Milanen asmoa izan da baloia lapurtu eta azkar egitea aurrera; hau da, talde bakoitza bere tresnarik onenak baliatzen saiatu da, lehen 45 minutuetan. Parekotasuna izan da, eta arnasa hartzeko aukerarik ere ia-ia ez dute izan jokalariek.
Imanolek esana zuen helburua irabaztea zela, eta Realaren plana izan da, hasieratik, baloia hartu eta garaipenaren bila aritzea. Agian, Sommer atezainaren aurrean arrisku handiagoa sortzea falta izan zaio talde txuri-urdinari; hori kenduta, Gipuzkoako taldearen balantzea ona izan da, oso ona, aurreneko zati horretan.
Alex Remirok lehenengo zatiko azken minutuetan ibili behar izan du adi, Inter Milan tarte horretan jo duelako aurrera jokaldi gehiagotan; nafarrak, ohi bezala, erantzun bikaina eman du. Talde osoak erantzun du ondo, berez. Atsedenaldian, 0-0ekoak ondo erakusten zuen berdegunean zer ari zen gertatzen, eta, garrantzitsuena, Reala, une horretan, D multzoko lehen postua zuen eskura.
Bigarren zatiko lehen minutuetan ematen zuen Italiako taldeak aurrerapausoa eman nahi zuela, eta Reala estutzeko asmoz zelairatuta zela; berehala egiaztatu da, baina, euskal taldeak kontrolpean zuela egoera. Gol aukera gutxi izan dira. Korner batean, Mikel Oyarzabalek (kapitaina erasoko posizio guztietan ibili da) penaltia eskatu du, eta inpresioa da elastikotik heldu diotela, baina epaileak, Scharer suitzarrak, ez du ezer adierazi. Bai, ordea, Take Kuboren jokaldi polit batean, baina, erorikoa berriro aztertuta, baliorik gabe utzi du aurreneko erabakia.
Inzaghik Lautaro Martinez zelairatu du. Aurrelari argentinarrak ordezkoen aulkian hasi du neurketa, eta, berdegunean, Inter Milango futbolari arriskutsuena izan da, Marcus Thuramekin batera. Luzapenean, etxeko taldeak abagune ona izan du, Lautarok berak bigarren zutoinean erdiraketa bat harrapatu duenean; jaurti du, angelu txikia zuela, eta errematea kanpora joan zaio.
Milanen 3.000 zale baino gehiago izan dira Reala animatzen, eta ospatu ahal izan dute, azken finean, historikoa den zerbait: Gipuzkoako taldea Europako txapelketa nagusiko final zortzirenetan da berriro, eta historian hirugarren aldiz lehiatuko da final laurdenetara sailkatzeko. 1982-83 denboraldian erdietsi zuen, eta orain errepikatu nahi du.
Fitxa teknikoa
0 - Inter Milan: Sommer; Darmian, Acerbi, Carlos Augusto; Cuadrado, Frattesi, Calhanoglu (Asllani, 82. min), Mkhitaryan (Barella, 65. min), Dimarco (Bastoni, 77. min); Thuram (Arnautovic, 65. min), Alexis Sanchez (Lautaro, 65. min).
0 - Reala: Remiro; Traore, Zubeldia (Elustondo, 77. min), Le Normand, Aihen Muñoz (Tierney, 87. min); Zubimendi, Zakharyan (Magunazelaia, 77. min), Merino, Oyarzabal; Kubo (Carlos Fernandez, 87. min) eta Sadiq (Turrientes, 61. min).
Epailea: Sandro Scharer (Suitza). Inter Milango Lautaro eta Realeko Zubeldia, ZZakharyan, Kubo eta Elustondo zigortu ditu, txartel horia aterata.
Gertakizunak: Txapeldunen Ligako multzo faseko seigarren jardunaldiko partida, Milango Giuseppe Meazza futbol zelaian.
Beste emaitza batzuk, Txapeldunen Ligan asteartean jokatutako partidetan
Lens 2-1 Sevilla
PSV Eindhoven 1-1 Arsenal
Kopenhage 1-0 Galatasaray
Union Berlin 2-3 Real Madril
Napoli 2-0 Braga
Manchester United 0-1 Bayern Munich
Salzburgo 1-3 Benfica
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa