20:50

Reala

EA Sports Liga

Hamar minutuan egindako hiru golek garaipena eman diote Realari Vila-realen etxean (0-3)

EITB MEDIA

Mikel Merino, Zubimendi eta Take izan dira golegileak. Donostiarrek jipoia eman diote Marcelinoren taldeari lehen zatian.

  • Realeko jokalariak, goletako bat ospatzen

    Realeko jokalariak, goletako bat ospatzen. Argazkia: Efe.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Realak garaipena lortu du Ceramica zelaian Vila-Realen aurka jokatutako EA Sports Ligako 16. jardunaldiko partidan. Gipuzkoarrak 0 eta 3 gailendu dira Mikel Merinok, Zubimendik eta Kubok egindako golekin.

Lehen zatian jaun eta jabe izan da Reala, Vila-reali neurria ondo hartuta. Lehen abisua Mikel Merinok eman du 5. minutuan, baina burukada ondo aldendu du Jorgensen atezain danimarkarrak.

Sadiqek arriskua sortu du behin eta berriro Vila-realen area inguruan. Marcelinoren taldeari sakontasuna falta izan zaio. 29. minutuan, Brais Mendez lesionatu egin da eta Imanolek Turrientes sartu du haren ordez.

Txuri-urdinen lehen gola 38. minutuan iritsi da. Mikel Merinok egin du, buruz, Take Kubok ateratako korner bat errematatuta.

Reala nahieran aritu da, eta hiru minutu geroago, 41.ean, Zubimendik 0 eta 2koa egin du.

45.ean, Alex Remirok geldiketa bikoitza egin du, Parejok eta Gerd Morenok egindako errematei erantzun ikusgarria emanda. Donostiarren hirugarren golaren atarikoa izan da, 49.ean Take Kubok gola egin baitu Zakharyanek Vila-realeko atzelariei lapurtutako baloi bat aprobetxatuta.

Vila-realen aukerak

Atsedenaldiaren ostean, etxeko taldea markagailuko aldea murrizteko asmoarekin atera da eta erasora jo du. Arriskua hainbat alditan sortu dute, baina azken metroetan ez dute asmatu.

Realean, Sadiqek laugarrena egiteko aukera argia izan du, baina huts egin du Jorgensenen aurrean bakar-bakarrik geratu denean.

Azkenean, 0 eta 3 Reala nagusi, Marcelinoren Vila-realen etxean.

Fitxa teknikoa:

0. Vila-real: Jorgensen; Foyth, Albiol, Cuenca, Altimira (Ilias Akhomach, 46. min); Pedraza, Parejo (Terrats, 91. min), Capoue, Álex Baena, Morales (Sorloth, 73. min) eta Gerard Moreno (Brereton Díaz, 91. min).

3. Reala: Remiro; Traore, Elustondo, Zubeldia (Pacheco, 58. min), Tierney; Brais Mendez (Turrientes, min. 29), Zubimendi, Mikel Merino, Zakharyan (Aihen, 77. min), Kubo eta Sadiq (Carlos Fernández, 77. min).

Golak: 0-1, 37. min: Mikel Merino. 0-2, 40. min: Zubimendi. 0-3, 48. min: Kubo.

Epailea: Melero Lopez (Andaluziako Batzordekoa). Txartel horia atera die Capoue eta Pedraza Vila-realeko jokalariei eta Zubimendi Realekoari.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    25 Zuzenean 17:00 - 20:00 PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena