20:43

Reala

Ofiziala

Arsen Zakharyan erdilari errusiarra fitxatu du Realak

EITB Media

20 urteko jokalaria Moskuko Dinamotik dator eta 6 denboralditarako kontratua sinatu du talde donostiarrarekin.

  • Arsen Zakharyan

    Arsen Zakharyan. Argazkia: Reala.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Realak Arsen Zakharyan futbolari errusiarraren fitxaketa iragarri du larubat honetan datozen 6 denboraldietarako. Jatorri armeniarra duen 20 urteko erdilari gaztea Dinamo Moskutik dator talde donostiarrera.

David Silva kanariarrak lesio larri baten ondorioz futbola uzteko erabakia hartu ostean, hura ordezkatzera dator Zakharyan. Beti erakutsi du LaLigan jokatzeko gogoa, jokalarien kalitate teknikoa dela eta. Iaz Chelsea taldearekin akordioa ixteko zorian izan zen -azkenean Mykhailo Mudryk ukrainiarra fitxatu zuen-, eta asteotan PSV, Lazio eta Estrasburgo taldeetara joateko zurrumurruak bolo-bolo ibili dira. Dena den, Jokin Aperribayk zuzendutako kluberako bidea hartzea erabaki du azkenean.

Arsen Zakharyan Samaran (Errusia) jaio zen 2003ko maiatzaren 26an eta erdilari bat da. Futbolaren promesa gaztea da eta dagoeneko debuta egin du bere herrialdeko selekzio absolutuarekin. Duela hiru urte, "The Guardian" egunkari britainiar ospetsuak futbol munduko 60 talentu gazte onenen artean hautatu zuen. Bere kirol ibilbidean beste urrats bat emateko eta Europako mailarik gorenean lehiatzeko helburuarekin dator. 15 gol sartu eta 23 asistentzia banatu ditu Premier errusiarran jokatu dituen 72 partidatan.

Errusiako prentsaren iritziz, Imanol Alguacil entrenatzaile txuri-urdinak erabiltzen duen erronboa oso ondo datorkio errusiarrari, ez baitzaio eskuin hegaletik oso hurbil jokatzea gustatzen.

Denboraldi gorabeheratsua egin ostean, aurten zazpi aldiz jokatu du Errusiako selekzioarekin, eta bi gol sartu ditu ligako eta kopako bost partidatan, horietako bat faltaz zuzenean.

Orotara, Zakharyanek 89 partida jokatu ditu Dinamorekin 2020az gero: 19 gol sartu eta 25 asistentzia egin zituen.

Karpin eta Khokhlov

Orain arte, beste bi errusiar fitxatu ditu talde donostiarrak bere historian zehar: Valeri Karpin egungo Errusiako hautatzailea eta Dmitri Khokhlov.

Errusiako klubek arazo larriak dituzte jokalariak kontratatzeko; izan ere, Ukrainako gerra hasi zenetik Mendebaldeak ezarritako zigorrak direla eta, zailtasunak dituzte banku bidezko ordainketak egiteko.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    25 Zuzenean 17:00 - 20:00 PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena