10:33

Reala

Ez du berrituko

Asier Illarramendik denboraldia amaituta utziko du Reala

EITB MEDIA

Mutrikuko erdilariak 251 partida ofizial jokatu ditu orain arte Realeko jokalari gisa; asteazkenean klubak eta Illarramendik berak jakitera eman dutenez, ez du talde txuri-urdinean jarraituko.

13:08
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Asier Illarramendik denboraldi amaieran utziko du Reala, asteazkenean Donostiako klubak eta jokalariak berak jakitera eman dutenez. Mutrikuko erdilariak 251 partida ofizial jokatu ditu orain arte Realeko jokalari gisa; Illarramendik ez du Realarekin duen kontratua berrituko, eta, hortaz, ez du talde txuri-urdinean jarraituko.

Realak gogora ekarri duenez, Illarramendik (33 urte) 11 urte zituen klubean sartu zenean. Zubietako harrobian hazi zen, eta 2010ean egin zuen debuta lehen taldean, Martin Lasarte entrenatzaile zuela. 2011-12 denboraldian, Philippe Montanier entrenatzailearekin, Illarramendik titular postua irabazi zuen; 2013an, Montanierrekin, mutrikuarrak eta taldekideek hurrengo denboraldiko Txapeldunen Liga jokatzeko txartela lortu zuten.

2013ko udan, Real Madrilek fitxatu zuen Illarramendi, eta erdilariak bi urte eman zituen talde horretan. 2015-16 denboraldiaren hasieran, Realera bueltatu zen, eta Donostiako taldean ibili da ordutik. 2016-17, 2019-20, 2020-21 eta 2021-22 denboraldietan, Realak, Illarramendi taldean zela, Europa Ligarako sailkatzea lortu du; amaitzear dagoen denboraldian, talde txuri-urdinak bermatuta du Europa Ligarako sailkatzea berriro, eta litekeena da Txapeldunen Ligarako txartela erdiestea.

Realarekin izandako lorpenik handiena da 2019-20 denboraldiko Kopako titulua. Lesio bat tarteko, Illarramendik ezin izan zuen Athleticen aurkako finala jokatu, 2021eko apirilaren 3an, baina berak hartu zuen Kopa, Cartuja estadioan.

"Illarrak azken hamarkadetako Real onena utziko du", esan du klubak: "Neurri handi batean, hamaika urte hauetan lehen taldeko kide gisa taldeari egindako ekarpenari esker izan da Reala hain handi. Lesioak gainditu ditu, eta oso maila altua eskaini du. Zubieta izaera du. 'Made in Gipuzkoa' da. Klubaren alde egindako guztia eskertzea eta ahalik eta agurrik onena ematea besterik ez zaigu geratzen. Hamar egun barru, Reale Arenan, Sevillaren aurka, eta, ea, dagoeneko Txapeldunen Liga poltsikoan dugula, eztarria utzi dezagun oihu eginez: '¡Axi, Axi!'", adierazi du Realak.

Jokalariaren hitzetan, "ez da egun erraza", inoiz ez baita erraza agur esatea "maite duzun horri": "Sentimendu kontrajarriak ditut, baina kontziente naiz hartzen dudan erabakiarekin. Alde batetik, penaz noa, nire bizitza, nire familia, nire bihotza, hemen geratzen direlako; baina, bestalde, oso harro sentitzen naiz egin eta lortutako denagatik".

"Azken urte honetan, asko gogoratu naiz 11 urterekin lehen aldiz Zubietara joan zen haur ilehori hartaz. Haur hark bere amets ederrenean ere ez zuen irudikatuko bizi izan duen guztia bizitzea posible izango zenik, eta, 22 urte eta gero, hemen egongo zenik gutun hau idazten. Beraz, bihotz-bihotzez eskerturik nago Realeko familia guztiari".

 

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    25 12:00 - 14:00 HARRI-JASOTZAILEAK | Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa
    25 17:00 - 20:00 PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena