Reala
F Liga (22. jardunaldia)
A. B. E. | EITB Media
Txuri-urdinek 6-5eko emaitzarekin bereganatu du garaipena Arabako taldearen kontra jokatutako F Ligako 22. jardunaldiko partidan. Bi taldeek ikuskizun bikaina eskaini dute.
Realak irabazi du Alavesen aurkako F Ligako 22. jardunaldiko euskal derbia 6-5eko emaitzarekin igande honetan, martxoaren 19an, Zubietan. Bi taldeek ikuskizun bikaina eskaini dute, eta, guztira, hamaika gol sartu dituzte.
Lehen abagunea Realak izan du, hirugarren minutuan; Amaiur Sarriegi area barruan sartu da, Jana Xin atezainak haren errematea desbideratu du lehenengo, eta, ondoren, Franssiren errematea bidali du kornerrera. Hurrengo jokaldian, ordea, ez du barkatu Donostiako taldeak: Amaiur Sarriegik buruz jo du baloia area ertzean, eta Etxezarretak 1-0ekoa jarri du markagailuan, area txikitik errematea eginda.
Ondoren, golak hauspotuta, baloiaren jabe egin da Reala. Gainera, zortzigarren minutuan bigarren gola sartu du etxeko taldeak; Franssik lortu du Alavesen atea zulatzea (2-0), Iris Arnaizen pase bikaina baliatu eta Jana Xin gaindituta.
Maldan gora jarri zaio neurketa Alavesi. Hala ere, Iñigo Juaristik zuzendutako taldeak desabantaila murrizteko aukera izan du hamargarren minutuan, baina Sanadriren errematea kanpora joan da. Juaristik aldaketa egin du 22. minutuan zelaira Carrillo sartuta Aby Manouren ordez. Orduan, baloiaren jabe egin da Arabako taldea, nahiz eta ez den gai izan abagune argirik sortzeko. Realak ondo eutsi dio Alavesen momentu onari eta 29. minutuan hirugarren gola sartu du: Franssi area barruan sartu da, haren errematea atepetik atera du Ohalek, baina baloia berriz iritsi zaio Realeko jokalariari, eta finlandiarrak 3-0ekoa markagailuratu du.
Bazirudien partida Realaren aldeko hiru goleko errentarekin iritsiko zela atsedenaldira; ez da horrela izan, ordea, Alavesek aldeak murriztu baititu 34. minutuan Carrilloren golari esker (3-1). Jokaldi ona egin du Chamorrok hegaletik, pasea eman dio Carrillori, eta honek Nanclares atezaina gainditu du area kanpotik egindako jaurtiketarekin.
Gainera, lehen zatiko azken hasperenean Alavesek bigarren gola sartu du: Gema Soliveresek ateratako kornerra Elba Vergesek errematatu eta baloia ate barruan sartu du (3-2).
Ondorioz, euskal derbia talde txuri-urdinaren aldeko gol bakarreko abantailarekin iritsi da atsedenaldira.
Bigarren zatiaren hasiera lehenengoaren antzekoa izan da, etxeko taldeak gola sartu baitu hirugarren minutuan, lehiako 48.ean; Amaiur Sarriegik sartu du Realaren laugarrena (4-2) Franssiren pase ona jaso, atezainari driblina egin eta baloia ate barruan sartuta.
Bost minutu beranduago Alavesek huts egin du baloia ateratzerakoan eta Realak beste gol bat sartu du. Jana Xin atezainak pase kaskarra eman du, baloia Andreia Jacintok hartu du, eta atepean inor ez zegoela 5-2koa egin du.
Berriz hiru goleko desabantailari egin behar izan dio aurre Alavesek eta lehen zatian bezala emaitza estutzeko aukera izan du aurkariaren bi gol ia jarraian jaso ostean, baina Nanclaresek eragotzi du gola, jokaldi nahasiaren ostean. Ekinean jarraitu Arabako taldeak, eta Chamorrok 5-3koa jarri du markagailuan Realak baloia ateratzerakoan egin duen hutsa baliatuta.
Pozak, ordea, ez dio asko iraun Alavesi, hurrengo jokaldian Realak seigarrena sartu baitu Amaiur Sarriegiren bitartez (6-3). Sarriegik Franssiren erdiraketa errematatuta gainditu du atezaina.
Eromenaren ostean barealdi momentua etorri da, baina azken txanpan zoramena izan da nagusi berriro. Bi minututan bi gol sartu ditu Alavesek, biak Clara Armengolek: 87. minutuan Realaren oparia ez du alferrik galdu (6-4), eta, 88.ean, Nanclares gainditu du area kanpotik egindako jaurtiketa bikainarekin (6-5).
Azkeneraino jarraitu du ekinean Alavesek, baina Realak ondo eutsi dio luzapenean eta hiru puntuak talde txuri-urdinak bereganatu ditu 6-5eko emaitzarekin.
Fitxa teknikoa:
6.- Reala: Nanclares; Iraia, Etxezarreta, Vanegas (Sarasola, 72. min) , Allegra; Arnaiz (Uria, 69. min), Andreia (Torre, 80. min), Eizagirre, Sarriegi (Gemma, 69. min); Franssi eta Jensen.
5.- Alaves: Jana; Laborde, Ohale, Verges, Sáez; Jessica (Carrillo, 24. min); Soliveres (Vignola, 83. min), Facila, Morera; Sanadri (Ane Martinez, 40. min) eta Chamorro (Armengol, 83. min).
Epailea: Planes Terol (Murtzia). Txartel horiak atera dizkie Franssi eta Soliveres jokalariei.
Golak: 1-0, 3. min: Etxezarreta. 2-0. 8. min: Franssi. 3-0, 29. min: Franssi. 3-1, min. 34: Carrillo. 3-2, 45. min: Vergés. 4-2, min. 48: Sarriegi. 5-2, min. 53: Andreia. 5-3, 63. min: Chamorro. 6-3, 64. min: Sarriegi. 6-4, 87. min: Armengol. 6-5, 88. min: Armengol.
Hurrengo zuzenekoak
08 | 21:00 - 23:45 | PILOTA | Lau t'erdiko txapelketa | B Serieko Finalaurrekoak: Bakaikoa vs Murua / Egiguren V vs Larrazabal |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa