Reala
Europa Liga
EITB MEDIA
Imanolen taldeak, ostegunean, Erromaren aurkako joaneko partida jokatuko dute. Jose Mourinho da italiarren entrenatzailea; egun, Erroma laugarren postuan dabil Italiako Ligan, eta Konferentzia Liga irabazi zuen 2022an. Sorloth eta Silva hamaikakoan egon litezke, eta neurketa 18:45ean hasiko da.
Brais Mendezek, irudian Manchester Uniteden aurkako partidan, hasieratik joka lezake. Argazkia: EFE.
Realak ostegunean ekingo dio Europa Ligako final zortzirenetako kanporaketari, Erromaren aurka, joaneko partidan. Neurketa 18:45ean hasiko da, eta talde txuri-urdinak lehen aldiz jokatuko du partida ofizialean Italiako hiriburuko Estadio Olinpikoan. Jose Mourinho da Erromaren entrenatzailea; egun, Realaren arerioa laugarren postuan dabil Italiako Ligan, eta, Europa mailan, Konferentzia Liga irabazi zuen 2021-22 denboraldian.
Erroma talde oso sendoa da bere etxean. Final zortzirenetan egoteko, Salzburgo 2-0 menderatu zuen, etxeko talde gisa, play-offean, joaneko partidan 1-0 galduta. Multzo fasean, Mourinhoren gizonak C multzoko bigarren postuan sailkatu ziren, Betisen atzetik, eta horregatik jokatu behar izan zuten play-off hori. Aurreko asteburuan, Italiako Ligan, etxean, 1-0 hartu zuten mendean Juventus.
Realak 0-0 amaitu zuen, ostiralean, Anoetan, Cadizen aurka. Santander Ligan, donostiarrek sei puntu eskuratu dituzte azken sei partidetan: Bartzelonan irabazi zuten, 2-3, Espanyolen zelaian, eta berdindu zuten Real Madrilen, Celtaren eta Cadizen aurka. Aurreko jardunaldian, hirugarren postua galdu zuten, Liga txapelketan, eta laugarren tokian daude une honetan. Esan daiteke, beraz, Realak etenalditxoa izan duela urtarrilaren amaierara arte zeraman bolada bikainean; baina Imanolen taldeak hainbat aldiz erakutsi du, denboraldi honetan eta aurrekoetan ere, baliabide ugari dituela eta gaitasuna duela edozein talderen aurka erantzun egokia emateko.
Baliteke Alexander Sorloth eta David Silva hasieratik jokatzea; Cadizen aurkakoan ez ziren hasierako hamaikakoan zelairatu. Kanariarra titular gisa zelairatuz gero, Kubo, Brais edo Mikel Oyarzabal, horietako bat, taldetik at geratuko litzateke. Oriotarrak, halaber, erabaki beharko du atzealdean, hegaletan, Andoni Gorosabelek eta Diego Ricok jarraitzen duten, ala, aldiz, Alex Sola edo Aihen Muñoz ateratzen diren.
Erromak kalitate handiko zenbait jokalari ditu, Paulo Dybala edo Andrea Belotti kasu, eta futbolari guztiak ditu prest. Bere etxean jokatutako azken zortzi partidetan, zazpi irabazi ditu; Europako txapelketetan Erroman jokatu dituen azken 33 partidei erreparatuta, 24 garaipen lortu ditu, zazpi aldiz berdindu du, eta soilik bi neurketa galdu ditu.
Erroma-Reala, ostegunean, 18:45ean; hamaikakoak hauek izan litezke:
ERROMA: Rui Patricio; Diego Llorente, Smalling, Mancini; Zalewski, Cristante, Wijnaldum, Spinazzola; Pellegrini, Dybala eta Abraham.
REALA: Remiro; Gorosabel, Zubeldia, Le Normand, Diego Rico; Brais Mendez, Zubimendi, Merino, Silva; Kubo eta Sorloth.
EPAILEA: Sandro Scharer suitzarra.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa