Reala
Santander Liga
EITB Media
Talde txuri-urdinak irabazi egin dio Almeriari 0-2ko emaitzarekin, etxetik kanpo jokatu duen Santander Ligako 16. jardunaldiko partida. Silva eta Sorloth izan dira golegileak.
Realeko jokalariak Silvak Almeriari sartu dion gola ospatzen. Argazkia: EFE
Realak irabazi egin dio Almeriari (0-2) igande honetan (urtarrilak 8) Juegos del Mediterraneo estadioan jokatu duen Santander Ligako 16. jardunaldiko partida. Ondorioz, talde txuri-urdinak sailkapeneko hirugarren postuan jarraitzen du, Txapeldunen Ligarako postuetan, 32 punturekin.
Almeria-Reala partidako laburpena
Lehen zatia parekatua eta abagune gutxikoa izan da. Reala izan da baloiaren jabe, eta talde txuri-urdina egon da gola sartzetik gertuen. Neurketako 14. minutuan Fernando Almeriako atezainak baloia oparitu dio Kubori, baina japoniarraren errematea kanpora joan da.
Ondoren, 32. minutura arte itxaron behar izan dute ikusleek norgehiagokako bigarren abagunea ikusteko, eta hori ere Realaren aldekoa izan da; Merinok erdiraketa ona egin, eta Illarramendiren errematea kanpora joan da.
Almeria aurkariari min egiten saiatu da kontraerasoen bidez, baina txuri-urdinek ez diote aukerarik eman. Atsedenaldira iritsi aurretik, Remiro atezainak baloia aldendu behar izan du Ramazaniri errematea egiteko aukera eragozteko.
Atsedenaldia bikain etorri zaio Realari, bigarren zatiko bigarren minutuan gola sartu baitu; Kubo area barruan sartu da, pasea eman du atzera, eta David Silvak 0-1ekoa jarri du markagailuan, Fernando atezaina gaindituta.
Gola jasotzeak min egin dio Almeriari, eta Reala jaun eta jabe izan da. Gauzak horrela, 53. minutuan, txuri-urdinek bigarren gola erdietsi dute; oraingoan, Sorloth izan da golegilea (0-2), Mikel Merinoren pase bikaina jaso eta baloia aurkariaren ate barruan sartuta.
Garaipena bideratuta utzi du Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldeak. Ondoren, txuri-urdinek kontrolpean izan dute lehia. Almeria ezinean ibili da. Etxeko taldeak 81. minutuan izan du bere lehen abagunea, baina Portilloren jaurtiketa kanpora joan da. Bi minutu beranduago, gola sartzeko aukera bikoitza izan du Realak; Oyarzabalen errematea, ordea, Fernandok desbideratu du, eta, jarraian, Almeriako atezainak Donostiako taldearen gola saihestu du Robert Navarroren jaurtiketa geldituta.
Partida amaitu aurretik, 90. minutuan, Almeriak desabantaila murrizteko aukera izan du, baina Babicen errematea ez du aurkariaren atea aurkitu.
Amaieran, Realak poltsikoratu ditu hiru puntuak (0-2).
Fitxa teknikoa:
0 - Almeria: Fernando Martinez; Mendes (Pozo, 74. min), Ely, Babic, Akieme; Robertone (Portillo, 65. min), Gonzalo Melero, Cesar de la Hoz; Luis Suarez (Embarba, 55. min), El Bilal Toure (Dyego Sousa, 65. min), Ramazani (Lazaro Vinicius, 65. min).
2 - Reala: Remiro; Elustondo, Zubeldia, Le Normand, Diego Rico; David Silva (Robert Navarro, 81. min), Illarramendi (Guevara, 81. min), Zubimendi, Mikel Merino (Oyarzabal, 70. min); Sorloth (Martin, 85. min), Take Kubo (Marin, 70. min).
Golak: 0-1, 47. min: David Silva. 0-2, 53. min: Sörloth.
Epailea: Alberola Rojas. Txartel horia atera dio Babic (90. min) Almeriako jokalariari.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa