Reala
ERREGE KOPA
B. L. G. | EITB MEDIA
Goiz aurreratu dira txuri-urdinak, eta bazirudien partida erraza izango zela. Hala ere, etxekoek partida berdintzea lortu dute. Baloiaren jabetzan nagusitu den arren, azken 20 minutuetan atera du aurrera partida Imanolen taldeak.
Reala Errege Kopako hurrengo fasera sailkatu da. Lehenengo minutuan zabaldu du markagailua area kanpotik Navarrok egin duen gol batekin. Partidak, ordea, ez du hasierako traza jarraitu. Izan ere, Imanolek zuzendutako taldea baloi eta jokoaren jabe izan da norgehiagoka guztian zehar, baina 68. minutuan, Cazalegasek berdinketaren gola egin du. Imanolek, baina, partidak jokatzen dituzten jokalari ohikoenak zelairatu, eta 5 minututan, 3 gol lortu ditu.
Realak lehen aukeran egin du arratsaldeko lehen gola. Robert Navarrok area kanpotik egindako jaurtiketa neurtu batekin egin du gola (1. minutuan). Reala baloiaren jaun eta jabe izan da hasierako minutuetan, eta bazirudien erraz lortuko zuela garaipena Cazalegasen aurka.
Lehen zatian aukera ugari izan dituzte txuri-urdinek: Navarrok, Karrikaburuk eta Marinek, baina argiena Illarramendiren burukada bat izan da. 31. minutuan, korner bat luzatu du Aritz Elustondok, eta kapitainak bakar-bakarrik egin du errematea, baina kanpora bidali du.
44. minutuan, Cazalegasek atera egin duen lehen jaurtiketa heldu da; Alvaro Gilek egin du saiakera. Zubiaurrek arazo askorik gabe gelditu du.
Bigarren zatian, Cazalegasek Reala estutu du. Lehen aukera Karrikaburuk izan badu ere (51. minutuan), etxeko taldeak partida berdintzea lortu du. 68. mintuan, Riveirak baloia sareratu du kontraeraso baten ostean.
Gola jaso eta berehala, baina, sei minutu lehenago (62. minutuan) zelairatu diren Sorlothek eta Braisek aukera bikoitza izan dute, eta Cazalegas ez da gai izan hortik aurrera hasi den erauntsi txuri-urdina geratzeko.
75. minutuan, Braisen pase bat eta gero, Sorlothek 1 eta 2koa jarri du markagailuan. 2 minutu beranduago, norvegiarrak bere bigarren gola egin du bat baten aurkako jokaldia ate barrura bidaliz. 79. minutuan ere egoera berean ikusi du bere burua Sorlothek, baina orduan, etxeko atezainak jaurtiketa geratzea lortu du.
Aldaratzea kornerrera joan da, eta berau buruz errematatuta lortu du Merinok (73. minutuan zelairatu da) Realaren laugarrena. Txuri-urdinen gol festa handiagoa izan zitekeen baina partidako aukera garbiena langara bidali du Sorlothek.
Azkenean, Cazalegasen gola ilusioa izan da, eta Realak hurrengo faserako txartela lortu du.
Fitxa teknikoa:
1 – CD Cazalegas: Manchuca; Cristian Romero; Alonso; Barrientos; Ruben Rivera (Tesoro, 80. minutuan); Rober Nuevo (Chicha, 64. minutuan); Alfre Ramos; Nombela; Alvaro Gil; Victor Meneses; Crespo (Borja, 80. minutuan).
4 - Reala: Andoni Zubiaurre; Alex Sola (Andoni Gorosabel, 72. minutuan); Asier Illarramendi; Igor Zubeldia; Diego Rico; Ander Guevara; Robert Navarro; Beñat Turrientes (Mikel Merino, 72. minutuan); Jon Karrikaburu (Sorloth, 62. minutuan); Pablo Marin (Brais Mendez, 62. minutuan)
Golak: 0-1, 1. min.: Robert Navarro. 1-1, 68. min.: Ruben Rivera. 1-2, 76. min, Sorloth. 1-3, M.78, Sorloth. 1-4, 80. min, Mikel Merino.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa