Reala
EUROPA LIGA
I. G. | EITB MEDIA
Lehen zatiaren amaieran Robert Navarrok sartutako gol batek eta bigarrenean Brais Mendezek sartutako beste batek hiru puntu eman dizkiete donostiarrei. Nahikoa zaie Manchester Uniteden aurka berdintzea multzoko liderrak izateko.
Realeko jokalariak gol bat ospatzen. Argazkia: EFE
Realak helburua bete du Nikosian Omonia 0-2 mendean hartuta txuri-urdinak jaun eta jabe izan diren partidan.
Navarroren eta Braisen golek talde donostiarraren nagusitasuna ziurtatu dute, Europa Ligako 32 taldeen artean partida guztiak irabazi dituen bakarra baita, eta, astebete barru, multzoko lehen postua jokatuko du Reale Arenan Manchester Uniteden aurka.
Txuri-urdinen zirkulazio geldoak eta horizontalak Zipreko taldearen defentsa lana erraztu dute, lehen ordu laurdena arazorik gabe gaindituz.
Kubo saiatu da atezaina gainditzen areaz kanpotik, baina bere jaurtiketa zutoinaren ondora joan da partidako lehen abisu serioan.
Askoz argiagoa izan da Navarrok izan duen aukera, Illarramendiren lapurreta baten eta Karrikabururen pase baten ondoren.
Erasoan, Omonia Nikosia ez da ia existitu. Kontraeraso pare batekin saiatu da, baina Realaren defentsa gainditzen jakin gabe, aukera arriskutsu bihurtu aurretik erasoak bertan behera uzteko.
Navarro eta Karrikabururen jaurtiketa batzuk izan dira Realaren lehen golaren aurrekariak, lehen zatiaren luzapenean iritsi dena. Illarramendik erdiraketa bat jarri du ezker hegaletik, eta Navarrok sare barrura sartu du atsedenaldira joan aurretik.
Bigarren zatian, Alguacilek aulkian utzi ditu Merino eta Kubo, sorbalda batean arazoak zituela, eta Brais eta Marin harrobiko jokalaria zelairatu ditu.
Brais izan da, hain zuzen ere, falta jaurtiketa batez abisatu duena, baina jaurtiketa hori gora joan zaio. Hala ere, ez du huts egin Navarrok baloia atzean utzi dionean, erdilari galiziarrak area barrutik Uzoho gainditu zezan.
Partida erabakita zegoela, euskal taldeko entrenatzaileak harrobiko jokalari batzuei minutuak eman dizkie, Magunazelaiaren debuta eraginez eta partida Zubietako bederatzi jokalarirekin amaituz.
Fitxa teknikoa
0 – Omonia Nicosia: Uzoho; Matthews (Panayiotou, 80. min), Lang, Miletic (Héctor Yuste, 64. min), Lecjacks; Cassama, Bezus, Charalampous (Kousoulos, 72. min); Bruno (Ansarifard, 64. min), Kakoulli eta Barker (Papoulis, 46. min).
2 – Reala: Remiro; Aritz, Zubeldia, Pacheco, Rico (Arambarri, 70. min); Guevara, Merino (Brais, 46. min), Illarramendi (Turrientes, 80. min), Navarro; Kubo (Marin, 46. min) eta Karrikaburu (Magunazelaia, 70. min).
Golak: 0-1, 45. min: Navarro. 0-2, 60. min: Brais.
Epailea: Tamas Bognar. Txartel horia atera die Charalampous (Omonia), Papoulis (Omonia), Cassama (Omonia), Illarramendi (Reala) eta Brais (Reala) jokalariei.
Hurrengo zuzenekoak
09 | 17:15 - 20:00 | PILOTA | Lau t'erdiko txapelketa | Finalaurrekoa: Jaka vs P. Etxeberria |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa