Reala
SANTANDER LIGA (35. JARD.)
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Alberola Rojasek zigortu egin du Diego Ricok area barruan aurkari bati, itxuraz nahi gabe, aurpegian emandako kolpea, eta Melerok bere taldearen bigarren gola egiteko baliatu du.
Reala esku-hutsik atera da Ciutat de València futbol-zelaitik, aukera ugari barkatu ondoren. Donostiarrak aurkaria baino gehiago izan dira, batez ere lehen zatian, baina azkenerako galdu egin dute Levanteren aurka (2-1), Gonzalo Melerok azken minutuan sartutako penalti batekin.
Txuri-urdinen aldetik, besteak beste, Isakek oso aktibo jardun du neurketa guztian zehar, baina zorterik gabe golari begira, bi baloi bidali baititu langaren aurka, zati bakoitzean bat. Gorosabelek ere aukera argia izan du lehen zatiaren azken txanpan, baina indar askorik gabeko bere errematea ate barrura zihoanean, defentsa bat agertu da atepean baloia aldentzeko.
Aitzitik, etxeko taldeak ere izan du aukera nabarmenik lehen zatian, Moralesen oinetan, hain zuzen ere. Bi jokaldien oinarrian txuri-urdinek atzealdean egindako akatsak egon dira, baina, batean zein bestean, Remirok gelditu apartak egin ditu.
Horrela, Levantek Imanol Alguacilen mutilei aurre egin die, eta pixkanaka-pixkanaka hazten joan da bigarren zatian. Saria 53. minutuan iritsi zaio:
Campañak eskuin hegaletik bakar-bakarrik zegoen Miramoni bidali dio baloia, eta haren eskuinkada gurutzatua ezin izan du Remirok gelditu.
Horren aurrean, Realaren erantzuna etorri da, eta abaguneak pilatzen hasi da berriro ere. Hala, 66. minutuan. aste honetan kontratua berritu duen Silvak sareetara bidali du baloia buruz, Gorosabelen erdiraketaren ondoren. Gol horrek suspertu egin du talde txuri-urdina, eta garaipena lor zezakeela sinetsi du.
Partida, ordea, erotu egin da Rogerri baliogabetutako golarekin, eta goitik behera aldatu da amaierarako lau minutura, Alberola Rojasek penaltia adierazi duenean Diego Ricok aurkariaren aurpegiari nahi gabe jotako kolpea.
Polemika handia izan arren, Melerok ez du barkatu 11 metroetatik egindako jaurtiketa, eta etxekoei garaipena eman dien gola erdietsi du.
Emaitza horrek mailari eusteko aukera aitortzen dio oraindik ere Levanteri; Realari, aldiz, Europa Ligako edo Txapeldunen Ligako postuetara hurbiltzea eragotzi dio.
Fitxa teknikoa:
2 - Levante: Cárdenas, Miramón, Róber Pier, Duarte (Postigo, 76. min), Vezo, Son, Radoja (Roger, 76. min), Pepelu, Campaña (Melero, 62. min), Morales (Malsa, 91. min) eta Dani Gómez (Bardhi, 62. min).
1 - Real Sociedad: Remiro, Gorosabel, Zubeldia, Le Normand, Rico, Rafael (Januzaj, 85. min), Zubimendi, Merino (Illarra, 87. min), Silva, Isak (Portu, 85. min) eta Sorloth.
Golak: 1-0, 53. min: Miramón. 1-1, 66. min: Silva. 2-1, 89. min: Melero, penaltiz.
Epailea: Alberola Rojas. Txartel horiak: Róber Pier eta Postigo (Levante); Isak, Rico eta Le Normand (Reala).
Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa