Reala
ERREGE KOPA
I. G. | EITB MEDIA
Panaderia Pulido San Mateo futbol taldeak Realaren aurka jokatuko du Errege Kopako lehen kanporaketa abenduaren 1ean.
Club de Fútbol Panadería Pulido San Mateo. Imagen: EFE
Panaderia Pulido San Mateo futbol taldearen kasua atipikoa da, berezia. Ez da ohikoa talde bat hasieratik babesle baten izenez ezagutzea, ordezkatzen duen udalerriaren izenez izan beharrean. Are gutxiago, establezimendu horren izena taldearen armarrian agertzea. Arrazoia sinplea da: okindegiak sortu zuen kluba.
'Pulido' Vega de San Mateoko futbol talde xume bat da, Kanaria Handian 7.500 biztanle dituen herria. Duela 28 urte lagun talde batek sortu zuen taldea, horien artean Pulido okindegiaren jabea, dagoeneko laugarren belaunaldian dabilena.
Hastapenetatik, taldea beti egon zen erregional mailako futbolean lehiatzen. Kanariar Uharteetako Hirugarren Mailako multzoan bost denboraldi eman ondoren, 2021eko ekainean Espainiako Futbol Federazioko Bigarren Mailara jauzi egitea lortu zuen. Kategoria sortu berria, Espainiako futbol ordena berrian laugarrena litzatekeena.
Panaderia Pulido San Mateo futbol taldea. Argazkia: EFE
Lorpen horren ondoren, Errege Kopako zozketak Lehen Mailako aurkari baten kontrako norgehiagoka historikoa ekarri dio klubari: Reala izango dugu aurrez aurre, hain zuzen ere. Sari handia ia hiru hilabeteren ostean euren multzoko azken-aurrenak diren jokalarientzat; izana ere, zazpi puntu besterik ez dituzte lortu 12 jardunaldi jokatu eta gero. Dena den, horietako hiru azken neurketan bereganatu dituzte, denboraldiko lehen garaipena erdietsi baitute Antequeraren aurkako norgehiagokan (1-2), 90. minutuan sartutako gol bati esker.
650 ikuslerentzako edukiera duen zelai xume izanik (Vega de San Mateo udal-zelaia), klubak abenduaren 1eko Kopako partida Kanaria Handia estadiora eraman behar izan du. Taldeari Realaren aurkako kanporaketa bere estadioan jokatzea gustatu izango zitzaiokeen, baina instalazioak ez ditu betetzen horrelako kirol ekitaldi baterako eskatzen diren baldintzak.
"Aurkariaren izena jakitean ileak punta-puntan jartzen zaizkizu. Loteria egokitu izan balitzaigu bezala da, pentsaezina", aitortu du Cristo Rodríguez Panaderia Pulidoko zuzendari-gerenteak.
Panaderia Pulido San Mateo futbol taldea. Argazkia: EFE
Rodriguezek azaldu duenez, okindegia 1923an jaio zen, "hobby gisa", birraitona-amonek bultzatuta, baina publikoaren onarpenak ofizio bihurtu zuen. Horrela, astoz egiten ziren lehen banaketa haietatik gaur arte, ia mende bat geroago.
Eta aurrerago futbol talde bat osatzeko ideia sortu zen. "Udalerriko mutilek kirola egin ahal izatea zen oinarri nagusia. Futbol zelairik ere ez zegoen, sortu egin behar izan zen", gaineratu du Rodriguezek.
Pulidoko zuzendari-gerenteak zehaztu duenez, hasieratik beti egon dira "presente, erakunde paralelo gisa, klubaren arima gisa, eguneroko erabakietan beti parte hartuz, baina, batez ere, gure enpresaren balioak taldera estrapolatzen saiatzeko: apaltasuna, sakrifizioa eta lana".
Panaderia Pulido San Mateo futbol taldea. Argazkia: EFE
Gaur egun, kirol elkarteak futbol eskola bat dauka eta, oinarrian, benjamin, alebin, infantil, kadete eta jubenil mailako taldeak. Aurten, gainera, Bigarren Erregionaleko talde bat sortu da lehen taldea jokalariz hornitzeko. Milioi erdi euro inguruko aurrekontuarekin, maila honetako klub xumeenetakoa da.
Hurrengo zuzenekoak
28 | 11:00 - 14:00 | PILOTA | Afizionatuen Diario Vasco Txapelketa |
28 | 17:15 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Artola-Mariezkurrena II vs Elordi-Zabaleta |
29 | 23:15 - 00:45 | ERREMONTEA | Binakako Txapelketako finala |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa