Reala
35. JARDUNALDIA
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Txuri-urdinak 0-2ko markagailua orekatzeko gai izan dira, baina ezin eraginkorrago azaldu den Andaluziako taldea garaipenaren gola erdietsi du azken txanpan.
Granadako jokalariak lehen gola ospatzen. Argazkia: EFE
Albisteak (3)
Realak galdu egin du ostiral honetan Granadaren aurka, Reale Arenan jokatutako neurketan (2-3). Etxekoek gehiago merezi izan dute, baina granadarrek izugarrizko eraginkortasuna azaldu dute Moyaren atera hurbildu diren hiru aukeretan. Emaitza horrekin Granada bete-betean sartu da Europara sailkatzeko borrokan.
Neurketa ia finala zen Diego Martinezek zuzentzen duen taldearentzat, galduz gero zazpigarren postutik ia behin betiko aldentzen baitzen; etxekoentzat, berriz, aukera paregabea zen Europarako euren aukerak sendotu eta seigarren postura gerturatzeko.
Imanol Alguacilen taldeak aldaketa ugarirekin ekin dio neurketari, Isak, Monreal edo Odegaard bezalako jokalariak aulkian zeudela. Hala ere, baloia eskuratuz eta erasoari begira zelairatu da, hegaletatik erdiraketak eginez; andaluziarrak, bere aldetik, sendo zeuden, euren unea noiz iritsiko zain. Hala, partidako lehen aukera garbia Realarena izan da, 15. minutuan. Oyarzabalek baloi bat berreskuratu du zelai erdian, sakonean bidali dio baloia eskuinaldetik korrika zebilen Porturi, eta haren jaurtiketa kornerrera aldendu du Rui Silvak.
Aitzitik, Granadak jarri da agintzen markagailuan, lotu duen lehendabiziko jokaldi luzean. Duartek ezkerretik erdiraketa ona jarri du area barruan, eta Antonio Puertasek buruz errematatu du sare barrura, Le Normandi aurrea hartuta (21. minutua).
Golaren ostean, Realari kostatu egin zaio jokoaren jabetza berreskuratzea, eta Diego Martinezen gizonak arriskua eramaten jarraitu dute Moyaren inguruetara. Dena den, ura edateko geldialditik bueltan, etxekoak bizitu egin dira berriro, eta berdinketa lortzeko zorian egon dira, Barrenetxeak ezkerraldetik egindako erdiraketa bat gaiztotu eta zutoinaren kontra joan denean (38. minutua).
Granadaren erantzuna berehalakoa izan da. Yangel Herrerak baloia berreskuratu du zelai erdian, eta bere aurrelari bati eman nahi izan dio. Diego Llorente baloia urruntzen ahalegindu da, baina ez du asmatu, eta baloia bakar-bakarrik zegoen Soldadori heldu zaio. Hark Moyari iskin egin eta baloia sareetara bidali du (43. minutua).
Gol horrekin lehen zatia bukatutzat zirudien, baina luzapenean Realak beste aukera nabarmen bat izan du aldea murrizteko. Barrenetxeak, donostiarren aldetik jokalaririk onena partidan zehar, bakarkako jokaldi aparta egin du ezker hegaletik, eta haren eskuinkada Rui Silvaren ateko zutoinaren aurka joan da bigarrenez.
Bigarren zatia hasi eta jarraian, etxekoek emaitza iraultzeko itxaropena ekarri dien gola lortu dute. Oyarzabalek kornerra atera du, eta, alderatze baten ondoren, baloia Merinori etorri zaio area barruan. Nafarrak, buelta erdia eman eta doitasun handiz kokatu du atezain portugaldarrarengandik urruti (47. minutua).
Orduan izan dira Realaren minuturik onenak, batez ere, Barrenetxearen eskutik, eta estu hartu dute gipuzkoarrek abantailari eusteko xedea besterik ez zeukan Granada. Hurbilketa arriskutsuak pilatu dituzte txuri-urdinek, eta horietako batean, Oyarzabalek sakonean jarri dio baloia Willian Joseri lehen ukituan, baina aurrelari brasildarraren errematea desbideratuta joan da, atezainaren aurrean bakarrik zegoela (65. minutua).
Baloiaren jabetza etxekoena zen, eta aurrera begira segitu dute emaitza orekatuko zuen golaren bila, Granada bere zelaitik atera ezinda zegoen bitartean. Hala, bigarren zatian Porturen ordez atera den Näis Djouhara gazteak eskuinaldetik jokaldia egin, erdiratu eta area barrua zegoen Oyarzabalek gol ederra sartu du (83. minutua).
Neurketa etxekoen aldeko joera hartuko zuela zirudien une horretan, baina Granadak izugarrizko eraginkortasuna azaldu du hirugarren aldiz, Machisek jarritako erdiraketa batean Duartek garaipenaren gola gauzatu baitu 88. minutuan.
Fitxa teknikoa:
2 - Real Sociedad: Moyá, Aritz Elustondo (Gorosabel, 69. min), Llorente, Le Normand, Muñoz, Zubimendi, Merino, Portu (Näis, 63. min), Barrenetxea, Oyarzabal, Willian José (Roberto López, 78. min).
3 - Granada: Rui Silva, Víctor Díaz, Duarte, Carlos Neva, Jesús Vallejo, Foulquier, Yangel Herrera (Martínez, 89. min), Yan Eteki (Azeez, 63. min), Puertas (Gil Dias, 89. min), Carlos Fernández, Soldado (Machís, 62. min).
Golak: 0-1, 20. min: Puertas. 0-2, 43. min: Soldado. 1-2, 46. min: Merino. 2-2, 82. min: Oyarzabal. 2-3, 89. min: Duarte.
Epailea: Martínez Munuera. Txartel horiak: Aritz Elustondo (Reala) eta Carlos Fernández (Granada).
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa