20:32

Reala

Porrota etxean

Agur Realak Imanolekin zuen bolada onari (0-2)

Agentziak | Erredakzioa

Atletico Madril 0 eta 2 gailendu da Anoetan Moratak hiru minututan egindako bi goleri esker. Madrildarrek 10 jokalarirekin jokatu dute azken ordu erdia baina Reala ez da egoera iraultzeko gai izan.

  • Morata, Anoetan sartutako bi goletako bat ospatzen

    Morata, Anoetan sartutako bi goletako bat ospatzen. Argazkia: Efe.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Alvaro Moratak lehen zatian buruarekin egindako bi golek garaipena eman diote Atletico Madrili Anoetan Realaren aurka jokatutako partidan. Madrildarrek ez dute estutasunik pasa, azken ordu erdian jokalari bat gutxiagorekin aritu badira ere, epaileak Kokeri bigarren txartel horia atera ostean.

Realak, hala ere, joko hobea egin du partidaren hasieran, baina donostiarrei gutxi iraun die baloiaren kontrolak.

Lehen zati osoan arrisku-jokaldi bakarra sortu dute gipuzkoarrek, Mikel Oyarzabalen bidez, baina Oblakek zailtasun handirik gabe erantzun dio Realeko aurrelariari. Erritmo  motela izan du partidak momentu horietan, bi taldeek baloi jabetza luzeak izan dituztelako baina aparteko arriskurik sortu gabe.

Moratak, aldiz, bi abisu eman ditu lehen ordu erdian, baina baloia ez da Rulliren atean sartu.

Lehen ordu erdia bete aurretik, Willian Josek zelaia utzi behar izan du min hartuta, eta Imanolek Bautista atera du bere ordez. Hortik aurrera, Simeoneren taldea jaun eta jabe izan da. Korner baten ostean, Moratak Navasi alde egin dio eta buruz madrildarren lehen gola lortu du, Godinek emandako paseaz aprobetxatuta.

Chleseako jokalari ohiak bigarrena sartu du hiru minutu geroago. Madrildarrek falta bat atera dute, Realaren defentsa lo geratu da eta Moratak buruz gainditu du berriro Rulli atezaina.

Kokeri txartel gorria eta Merinoren aukera

Epaileak Koke kalera bidali du bigarren txartel horia atera ostean. Donostiarrek ordu erdi zuten aurretik, eta posiblea ikusten zuten Atleticok markagailuan zuen aldea murriztea. Zaleek etengabe animatu dute taldea, baina txuriurdinak ez dira fin ibili, Atletico oso sendo agertu baita defentsan.

Mikel Merinok izan du aukerarik argiena azken minutuetan, Reala Oblaken inguruan jo eta ke erasoan ibili denean, baina golak ez dira iritsi. Azkenean, hiru puntuak Atleticok eraman ditu, eta Realak lehen porrota jaso du Imanol entrenatzaile denetik.


Fitxa teknikoa

0.- Reala: Rulli; Zaldua, Navas, Llorente, Theo; Zubeldia (Rubén Pardo, 74. min), Zurutuza (Juanmi, 67. min), Merino; Willian José (Jon Bautista, 26. min), Oyarzabal eta Sandro.

2.- Atletico Madril: Oblak, Juanfran, Giménez, Godín, Filipe Luis (Arias, 46. min); Saúl, Rodrigo, Koke, Lemar (Thomas, 57. min); Morata (Correa, 70. min) eta Griezmann.

Golak: 0-1, 29. min: Morata. 0-2, 32. min: Morata.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    29 17:00 - 20:00 PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Laso-Iztueta

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena