Reala
0-2
Erredakzioa
Talde txuri-urdinak 0-2ko emaitzarekin irabazi du Santiago Bernabeun jokatutako partida. Willian Josek sartu du lehen gola, penaltiz, eta Ruben Pardok egin du bigarrena.
Willian Jose, Real Madrili sartu dion gola ospatzen. Argazkia: EFE
Realak garaipen handia eskuratu du Real Madrilen aurka (0-2) Santiago Bernabeun. Imanol Alguacilek debut bikaina izan du, hiru puntuak lortuta. Talde txuri-urdinak abagune gutxi sortu ditu, baina izan dituenak baliatu eta Real Madrilen punteria falta aprobetxatu ditu.
Neurketa ezin hobeto hasi da talde txuri-urdinarentzat, Casemirok penalti egin baitio Mikel Merinori, 2. minutuan. Willian Josek egin du jaurtiketa, eta 0-1ekoa jarri du markagailuan. Gola hartu ondoren, Real Madril egin da baloiaren jabe, eta Solarik zuzentzen duen taldea nagusitu da. Hainbat abagune izan ditu Real Madrilek, baina Rullik batzuetan eta punteria faltak besteetan etxeko taldeak golik ez egitea eragin dute. Rulli atezainak ondo gelditu du Modricen jaurtiketa eta buruz burukoan nagusitu egin zaio Lucas Vazquezi, Real Madrilen golak eragotziz.
Bigarren zatiko lehen jokaldian, arriskua sortu du Realak, baina ezin izan du gola sartu. Real Madrilek nagusi izaten eta abaguneak sortzen jarraitu du. Rullik erantzun ona eman dio Viniciusen jaurtiketari, eta Zurutuzak atepetik atera du Ramosen errematea. Zorte puntu bat ere izan du Realak, epaileak Lucas Vazquez egotzi baitu 61. minutuan, bigarren txartel horia atera eta gero. Zalantzazko falta bat egin izana egotzita atera dio bigarren horia epaileak Lucasi. Realak izan duen aukera gutxienetako bat Januzajen bitartez etorri da; belgikarrak jokaldi ona egin du, eta horren jaurtiketa gutxigatik joan da kanpora. Ondoren, epaileak ez du adierazi Rullik Viniciusi egindako penalti argi bat, eta epaileari laguntzeko bideo bidezko sistemak (VAR) ez du jokaldia aztertu.
Partidako azken minutuetan erasora jo du Real Madrilek, eta Reala horretaz baliatu da 83. minutuan, kontraerasoan, bigarren gola sartzeko; Willian Josek erdiraketa ona jarri du arean, eta Ruben Pardok sare barrura bidali du errematea (0-2).
Fitxa teknikoa:
0 - Real Madril: Courtois; Carvajal, Varane, Sergio Ramos, Marcelo (Reguilon, 77. min); Casemiro (Isco, 57. min), Kroos (Ceballos, 80. min), Modric; Lucas Vazquez, Vinicius eta Benzema.
2 - Reala: Rulli; Elustondo (Zaldua, 69. min), Llorente, Hector Moreno, Aihen Muñoz (Zubeldia, 84. min); Illarramendi, Zurutuza, Merino (Ruben Pardo, 73. min), Januzaj; Oyarzabal eta Willian Jose.
Golak: 0-1, 3. min: Willian Jose, penaltiz. 0-2, 83. min: Ruben Pardo.
Epailea: Munuera Montero. Txartel horiak atera dizkie Real Madrileko Marcelo (51. min), Modric (75. min) eta Isco (88. min) jokalariei eta Realeko Willian Jose (36. min) futbolariari. Lucas Vazquez egotzi du, bi txartel horia aterata (41. eta 61. min).
Hurrengo zuzenekoak
27 | 18:00 - 20:00 | IGERIKETA | Donostiako Gabonetako Saria |
28 | 22:10 - 00:30 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Jaka-Imaz |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa