Reala
2-2
Erredakzioa
Txuri-urdinek bina (2-2) berdindu dute Butarquen. Aurrea hartu dute Zurutuzaren eta Illarramendiren golei esker, baina El Zharrek sartutako bi golen ondorioz, neurketa berdindu du talde pepineroak.
Carrillo eta Illarramendi, Leganes-Reala (2-2) partidan. Argazkia: EFE
Realak bina (2-2) berdindu du Leganesen aurka, Butarquen jokatu duen Ligako bigarren jardunaldiko partida. Txuri-urdinek bi goleko abantaila eskuratu dute, baina bigarren zati kaskarra jokatu ostean, talde pepineroak puntu bat urratzea lortu du.
Erritmo biziarekin hasi da norgehiagoka Butarquen eta bi taldeek arriskua sortu dute aurkariaren atean, lehen minutuetan. Joan-etorri horretan, Realak eman du lehen kolpea, 11. minutuan gola sartuta; Zalduak jokaldi bikaina egin du hegaletik, pasea eman du area barrura eta Zurutuzak sare barrura bultzatu du baloia, 0-1ekoa sartuta. Leganesek azkar jo nahi izan du berdinketaren bila eta horretaz baliatu da Reala, 16. minutuan bigarren gola sartzeko; Cuellar atezainak desbideratu egin du Juanmiren erremate ona, aldaratzea Illarramendiri iritsi zaio, eta boleaz 0-2koa sartu du.
Partida nahi zuen moduan jarri zaio talde donostiarrari, baina 26. minutuan Diego Llorentek zelaia utzi behar izan du, lesionatuta. Leganesek ez ditu abagune argi asko sortu lehen zatian, baina Siovasek langara bidali du errematea, 31. minutuan.
Bigarren zatian erasokorrago zelairatu da etxeko taldea eta aldeak murriztea lortu du, 54. minutuan El Zharrek sartutako golari esker (1-2). Leganeseko jokalariak area kanpotik egin duen jaurtiketa geldiezina izan da Rulli atezainarentzat.
Nagusi izan da Pellegrinok zuzentzen duen taldea bigarren 45 minutuetan eta Realak gogotik egin behar izan du lana, talde pepineroaren erasoko jokaldiak ezerezean uzteko. Abagune oso argiak izan ditu Leganesek berdinketa lortzeko; 67. minutuan atepetik atera du baloia Hector Morenok, eta hiru minutu beranduago, Rullik erantzun paregabea eman dio Ruben Perezen jaurtiketa bortitzari. Ekinean jarraitu du Leganesek eta Siovasek gertu izan du gola, oso gutxigatik kanpora joan den erremate batekin. Erasora jo du itsu-itsuan etxeko taldeak bigarren zatian, eta Realak neurketa erabakita uzteko aukera izan du kontraeraso baten bitartez; Zubeldiak baloia lapurtu du zelai erdian, areara iritsi aurretik pasea eman dio Willian Joseri, eta brasildarrak kale egin du Cuellar atezainarekin izan duen buruz-burukoan.
Azken 10 minutuetan golaren bila jarraitu du Leganesek. Realak barkatu egin du, eta Madrilgo taldeak ez zuen aukera alferrik galtzen utzi nahi. Carrillok eta En-Nesyrik abagune bana izan dute, eta, 88. minutuan saria lortu du Leganesek: Realak ez du ondo desbideratu loratuta zetorren erdiraketa eta El Zharrek binakoa (2-2) sartu du, Rulli buruz-burukoan gaindituta. Partidako azken aukera izan du talde gipuzkoarrak, baina Ruben Pardoren falta jaurtiketa aise gelditu du Cuellar atezainak.
Fitxa teknikoa:
2 - Leganes: Cuellar, Juanfran, Ezequiel (En-Nesyri, 84. min), Siovas, Jonathan Silva; Ruben Perez, Gumbau; El Zhar, Ojeda (Rolan, 65. in), Eraso (Santos, min.46); eta Carrillo.
2 - Reala: Rulli; Zaldua, Llorente (Elustondo, 26. min), Hector Moreno, Theo; Illarra, Zubeldia, Zurutuza (Merino, 58. min), Oyarzabal (Pardo, min.73); Juanmi eta Willian Jose.
Golak: 0-1, 11. min: Zurutuza. 0-2, 17. min: Illarra. 1-2, 52. min: El Zhar. 2-2, 88. min: El Zhar.
Epailea: Munuera Montero. Txartel horiak atera dizkie Realeko Zaldua (52. min) eta Juanmi (80. min) jokalariei.
Hurrengo zuzenekoak
29 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Altuna III-Aranguren vs Laso-Iztueta |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa