Reala
3-2
eitb.eus
Talde txuri-urdinak 3-2 irabazi du Anoetan denboraldi honetan jokatu duen azken partida. Xabi Prieto 82. minutuan zelairatu da, eta berdegunean esan die agur zale txuri-urdinei.
Willian Jose eta Oyarzabal, Leganesi sartutako hiru goletako bat ospatzen. Argazkia: EFE
Realak 3-2 irabazi dio Leganesi, Anoetan denboraldi honetan jokatu duen azken partida, Ligako azken-aurreko jardunaldiko neurketa. Xabi Prieto 82. minutuan zelairatu da, eta berdegunean esan die agur zaleei. Carlos Martinezek ere minutu batzuk izan ditu zaleei agur esateko, 87. minutuan zelairatu baita.
Neurketa bizi hasi da, eta Reala egin da baloiaren jabe hasieratik. Talde txuri-urdina garaipenaren bila atera da, eta talde txuri-urdinak izan ditu abagune argienak. Norgehiagokako 8. minutuan Juanmik kanpora bidali du errematea ate aurrean bakarrik egon denean, baina 18. minutuan, Realak 1-0ekoa sartu du; Champagne atezainak erantzun ona emanda desbideartu du Juanmiren jaurtiketa eta aldaratzea sare barrura bidali du Oyarzabalek. Golaren ostean, nabarmenagoa izan da Realaren nagusitasuna eta 25. minutuan Canalesek sartu du 2-0ekoa Willian Joseren pase bati amaiera bikaina emanda. Bigarren gola hartu eta jarraian Leganesek aldeak murriztea lortu du Diego Ricok sartutako golari esker (2-1). Atsedenaldira iritsi aurretik, abagune ona izan du Realak hirugarren gola sartzeko, baina gora joan da Canalesen jaurtiketa.
Bigarren zatiari erasokor ekin dio Leganesek. Asier Garitanok zuzentzen duen taldeak presio aurreratua egin du, eta neurketa berdindu du Guerrerok sartutako golari esker (2-2); Realaren defentsak ez dira gai izan Diego Ricoren erdiraketa mozteko eta Guerrerok ez du barkatu ate aurrean. Ondorengo minutuetan, bi taldeek izan dituzte golak sartzeko abaguneak, baina gola sartu duena Reala izan da, 77. minutuan; epaileak txuri-urdinen aldeko penaltia adierazi du, Willian Josek jaurti eta 3-2koa sartu du. Luzapenean partida berdintzeko aukera izan du Leganesek, baina Madrileko taldeak ez du asmatu eta Realak garaipenarekin esan dio agur Anoetan jokatu duen denboraldiko azken partidari.
Azken minutuak omenaldietarako minutuak izan dira. Xabi Prieto 82. minutuan zelairatu da, eta Carlos Martinez, 87. minutuan. Biek berdegunean esan die agur zale txuri-urdinei.
Fitxa teknikoa:
3.- Reala: Rulli; Odriozola (Carlos Martinez, min. 87), Navas, Hector, Rodrigues; Illarramendi, Pardo (Zurutuza, min. 65), Canales; Juanmi (Xabi Prieto, min. 83), Oyarzabal eta Willian Jose.
2.- C.D. Leganes: Champagne; Rico, Mantovani, Dos Santos, Bustinza; Omar (Beauve, min. 81), Gumbau (Raúl, min. 71), Ruben Perez, El Zhar (Brasanac, min. 46); Eraso eta Guerrero.
Epailea: Medie Jimenez.
Golak: 1-0, min. 18: Oyarzabal. 2-0, min. 25: Canales. 2-1, min. 27: Rico. 2-2, min. 52: Guerrero. 3-2, min. 77: Willian Jose, penaltiz.
Hurrengo zuzenekoak
28 | 11:00 - 14:00 | PILOTA | Afizionatuen Diario Vasco Txapelketa |
28 | 17:15 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Artola-Mariezkurrena II vs Elordi-Zabaleta |
29 | 23:15 - 00:45 | ERREMONTEA | Binakako Txapelketako finala |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa