Reala
AGURRA
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jokalari txuri-urdinak ez du baztertzen zelaitik bertatik agur esan ahal izatea.
Albisteak (3)
Bideoak (1)
Carlos Martinez Realeko jokalariak agur esango dio taldeari denboraldi amaieran. Nafarrak ezin izan du oraindik partidarik jokatu aurtengo Ligan, 2016an lesionatu zenetik ezin sendatuta ibili baita. Bere nahia zale txuri-urdinak zelaitik bertatik agurtzea litzateke, Realak larunbat honetan Leganesen aurka jokatu behar duen partidan.
"Nik ahalegin guztiak egingo ditut bertan izateko, zelaian, oraindik bost egun geratzen baitira. Ikusiko dugu", aurreratu du jokalariak klubak antolatutako agur-ekitaldian. Anoetako prentsa-aretoan izan da, eta bere taldekideak bertan izan dira babesa emateko.
Martinezek esan duenez, ez dago nahigabetuta klubak ez diolako ekainean bukatzen zaion kontratua berritzeko eskaintzarik egin. Bere aburuz, egoera hori futbol profesionalari dagokion gertaera da, "hemen ez baita oparirik egiten", azaldu du.
Jokalariak ez du oraindik bere etorkizunari buruz pentsatu. "Zaharra" ez dela azpimarratu du, eta Ligan jokatzen jarraitzea gustatuko litzaioke. Erantsi du ez zaiola axola Anoetan arerio gisa aritzea, "zelai berria ikusteko", klubean "bizi osoa" eman ostean.
"Oraindik ez dut albistea guztiz asimilatu, eta asko kostatuko zait Zubietara ez joatea eta nire taldekideak ez ikustea. Baita Realean pentsatu gabe jaikitzea ere, nire bizitza delako", adierazi du defentsak, emozioz beteta.
Lodosako (Nafarroa) jokalariak Realean eman ditu azken 18 urteak, harrobiko kategorietatik lehen taldera iritsi arte. Lau gol sartu ditu jokatu dituen 208 norgehiagoketan, lehen mailaren eta bigarren mailaren artean banatuta.
Aperribay
"Bigarren agurra da Xabi Prietorenaren ostean. Carlos 2000. urtean sartu zen Realean, eta bizitza oso bat da", gogoratu du Jokin Aperribay presidenteak. Klubeko arduradun nagusiak esker oneko hitzak izan ditu jokalariarentzat, "Realak aurrera egin zezan eta hazi zedin" guztia emateagatik.
Aperribayren aburuz, Carlos Martinezek "belaunaldi bateko balioak" irudikatzen ditu, eta eskertu egin dio izandako jarrera profesionala, "ez baitut gogoratzen ezer okerrik egin duzunik", azaldu du presidenteak.
Hurrengo zuzenekoak
28 | 11:00 - 14:00 | PILOTA | Afizionatuen Diario Vasco Txapelketa |
28 | 17:15 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Artola-Mariezkurrena II vs Elordi-Zabaleta |
29 | 23:15 - 00:45 | ERREMONTEA | Binakako Txapelketako finala |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa