Reala
ANOETAn, 21:30ean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donostiarrak presioz beteta helduko diote norgehiagokari, Anoetan izaten ari diren emaitza kaskarrak direla-eta, bertan jokatu dituzten zortzi partidetatik bi besterik ez baitituzte irabazi.
Carlos Vela Realarekin jokatutako partida batean. Artxiboko argazkia: EFE
Realak Sevillari irabazteko beharrizanarekin esango dio agur 2017ari, baldin eta orain lau puntura dituen Europako postuetatik aldendu nahi ez duen. Gainera, asteazkeneko partidak badu beste osagai berezi bat ere, Carlos Velak talde txuri-urdinarekin jokatuko duen azken partida izango baita.
Velak ez du Realean jarraituko Gabonetako oporraldiaren ostean, bere ibilbide profesionala AEBko MLS ligan hasiko baita jokatzen otsailetik aurrera, eta zelaitik bertatik agurtzeko aukera izango duela espero da, nahiz eta agian ez den hasierako hamaikakoan izango.
Donostiarrak presioz beteta helduko diote norgehiagokari, Anoetan izaten ari diren emaitza kaskarrak direla-eta, bertan jokatu dituzten zortzi partidetatik bi besterik ez baitituzte irabazi. Denetara 15 puntuk egin die alde, eta horren eraginez sailkapenaren erdialdean daude kokatuta.
Sevillak, bere aldetik, zenbaki onekin bukatuko du urtea: bosgarren doa liga txapelketan, eta Txapeldunen Ligan zein Errege Kopan final-zortzirenetara sailkatzea lortu dute, baina futbol-sentsazioak bestelakoak dira.
Eduardo Berizzo entrenatzaile argentinarrak ez du joko-jarioa aurkitzen bere taldean, eta, hartara, ez du garaipenik lortu azken hiru partidatan. Bestalde, aipatzekoa da Berizzo joan zen ostiralean itzuli zela Sevilla aulkitik bertatik zuzentzera, minbizia zela-eta egindako ebakuntzaren ostean zenbait partidatan zereginen horretan ibiltzeari utzi behar izan baitzion halabeharrez.
Donostian defentsa berregituratu beharko du, Clément Lenglet atzelari titularrak zigorra bete beharko duelako aurreko jardunaldian bosgarren txartela jasotzeagatik.
Bere hutsunea epe luzeko baja diren beste bi erdiko atzelariren (Daniel Carriço portugaldarra eta Nico Pareja argentinarra) hutsuneei batu behar zaie.
Horrenbestez, gune horretan jokatu ohi ez duen jokalari batek jardun beharko du toki horretan.
Balizko hamaikakoak:
Reala: Rulli; Odriozola, Llorente, Iñigo Martínez, De la Bella; Illarramendi, Prieto, Zurutuza; Januzaj, Oyarzabal, Willian José.
Sevilla: Sergio Rico; Corchia, Geis, Kjaer, Escudero; Pizarro, Éver Banega; Sarabia, Franco Vázquez, Nolito; Ben Yedder.
Epailea: Hernández Hernández (Kanarietako Batzordea).
Zelaia: Anoeta
Ordua: 21:30ean
Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa