Reala
AKZIODUNEN BATZARRA
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Akziodunek % 98ko babesa eman diote, eta, gainera, klubak inoiz izan duen aurrekontu handiena (100 milioitik gorakoa) onartu dute.
Jokin Aperribay, argazkiaren erdian. Argazkia: EFE
Jokin Aperribayk Realeko presidente izaten jarraituko beste bost urtez, Akziodunen Batzar Orokorraren % 98ko babesa eskuratu eta gero. Batzar horrek ere klubaren inoizko aurrekontu handiena (100 milioi eurotik gorakoa) onartu du.
Kusaal jauregian egin den batzarra lasai joan da Realaren presidentearentzat. 237 bazkide bertaratu dira, eta etorkizunera begirako proiektuaren nondik norakoen berri jaso dituzte. Batez ere datozen bi urteetan gauzatuko den Anoetaren eraberritze-lana izan da hizpide nagusia, baita hauteskundeak aurreratzeko arrazoi behinena ere. Aipatu hauteskundeetara ez da beste hautagaitzarik aurkeztu.
Aperribayk 2013an ere lortu zuen presidente gisa berriz hauta zezatela (1997tik geroz gertatzen ez zena, Luis Uranga presidente izanik).
Horrenbestez, hemendik aurrera erakunde txuri-urdinaren garai oparoena zuzentzea egokituko zaio, azken zortzi urteetan superabita izan baitu. Hori aintzat hartuta, ez dituzte bazkideen kuotak igoko datorren urteari begira, eta ez da ezarriko ere Klubari Laguntzeko Egunik.
"Gure zimenduak sendotzen baditugu, datozen 100 urteetarako oinarriak ezarriko ditugu", baieztatu du Realeko agintariak. Gaineratu duenez, Realak "proiektu bat, estrategia bat dauka, eta badaki zein den ibili nahi duen bidea".
Bere aldetik, Ignacio Serrats kontseilariak hainbat datu ekonomiko azaldu ditu. Horien artean, orain arte Europa Ligak ekarri duen onura ekonomikoa: 8,4 milioi, aurrekontuetan aurreikusitakoa baino hiru gehiago.
Gogora ekarri duenaren arabera, 42.000 eserleku izateko eta atletismo pista kentzeko xedearekin egingo den Anoetaren berreraikuntzak 49 milioi euroko kostua izango du, eta horietatik 35 Realak jarriko ditu.
Azaldu duenez, "aldirik eta kritikoenean", hau da, datorren denboraldiaren hastapenarekin bat egingo duen garaian, talde txuri-urdinak etxetik kanpo jokatu beharko ditu lehendabiziko hiru jardunaldiak.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa