Reala
LIGA
Erredakzioa
Talde txuri-urdinak 3-1 irabazi du Anoetan Willian Joseren, Juanmiren eta Yuriren golekin. Hiru puntu hauei esker donostiarrek sailkapeneko seigarren postua berreskuratu dute.
Realeko jokalariak Sportingi sartutako hiru goletako bat ospatze. Argazkia: EFE
Realak garaipen garrantzitsua lortu du Sportingen aurka (3-1) Anoetan astelehen honetan, eta talde txuri-urdina Europako postuetara itzuli da LaLigako sailkapeneko seigarren postuan kokatu baita, 52 punturekin. Eibarrek (zazpigarren) eta Athleticek (zortzigarren) baino bi puntu gehiago ditu orain Donostiako taldeak.
Azkar hartu du aurrea markagailuan Realak. Hirugarren minutuan, Xabi Prietok erdiraketa egin du bigarren zutoinera, eta Willian Josek buruz sartu du 1-0ekoa. Cuellar atezainak baloia aldendu du, baina goleko marra gainditu ondoren. Donostiako taldea baloiaren jabe izan da lehen gola sartu ondoren, eta bigarrena sartzeko aukera izan du laster, baina Velaren errematea kanpora joan da, oso gutxigatik. Sporting galduta ibili da Anoetako berdegunean, eta Burguik bakarrik ekarri dizkio arazoak Realaren defensako lerroari. Norgehiagokako 18. minutuan, Burguik jokaldi ona egin, area barruan sartu, eta horren jaurtiketa kanpora joan da atepean Realeko defentsa bat jo ostean. Asturiasko taldearen abisu horren ostean, etxeko taldea berriro nagusitu da, eta 27. minutuan bigarren gola sartu du, Juanmiren bitartez (2-0). Aurrelariak Xabi Prietoren pasea jaso, kontrol ona egin eta errematea sare barrura bidali du, Amorebietaren hankapetik. Hirugarren gola ere gertu izan dute txuri-urdinek, baina Yuriren jaurtiketak zutoina jo du.
Bigarren zatian ez da aldatu partidaren gidoia, eta Realaren nagusitasuna erabatekoa izan da. Txuri-urdinek 55. minutuan izan dute lehen abagunea, baina Cuellar atezainak eragotzi du gola. Hurrengo jokaldian, Yurik gertu izan du gola, baina ez du aurkariaren ate aurrean asmatu. 62. minutuan, Zurutuzak kanpora bidali du errematea, gutxigatik, eta Juanmik abagune oso argia huts egin du 68.ean. Reala ekinean ibili da, eta 77an lortu du saria, Yuriren golarekin (3-0). Sporting ezinean ibili da, eta ia ez du abagunerik sortu. Bigarren zatian izan duen abagune bakarrean (88. minutua), Burguik jokaldi ona egin, baloiak Elderson jo du eta sare barrura joan da, Rulli atezaina gaindituta (3-1). Sportingen gola berandu iritsi da, eta Realak eskuratu ditu hiru puntuak.
Fitxa teknikoa:
3.- Reala: Rulli; Zaldua (Elustondo, 74. min), Navas, Iñigo Martinez, Yuri; Illarramendi, Zurutuza, Xabi Prieto; Juanmi, Vela (Canales, 81. min) eta Willian Jose (Oyarzabal, 67. min).
1.- Real Sporting: Cuellar; Lillo; Amorebieta, Mere, Elderson; Vesga, Xavi Torres (Pablo Fernandez, 77. min), Sergio Alvarez; Victor Rodriguez (Carmona, 62. min), Carlos Castro (Viguera, 59. min) eta Burgui.
Epàilea: Gonzalez Gonzalez.
Golak: 1-0, 9. min: Willian Jose. 2-0, 26. min: Juanmi. 3-0, 77. min: Yuri. 3-1, 86. min: Elderson.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa