Futbola
EA Sports Liga
I. G. | EITB MEDIA
Tenagliaren golari esker, babazorroek bosgarren garaipena lortu dute etxean eta postu gorrietatik irten dira. Bestalde, Gipuzkoako taldeak atzera egin du Europako postuetan sartzeko borrokan.
Kike Garcia eta Jon Martin. Argazkia: EFE
Alavesek jaitsieratik ateratzeko urrezko hiru puntu poltsikoratu ditu, asteazken honetan Realaren aurka Mendizorrotzan jokatutako derbia gutxienekoagatik (1-0) irabazita, EA Sports Ligako 33. jardunaldian. Tenagliaren golari esker, babazorroek bosgarren garaipena lortu dute etxean eta postu gorrietatik irten dira. Bestalde, Gipuzkoako taldeak atzera egin du Europako postuetan sartzeko borrokan.
Partidako lehen minutuak oso parekatuak izan dira. Realak jabetza pixka bat gehiago izan du, baina hori ez da emaitzan islatu; izan ere, 20 minutu igaro dira lehen jaurtiketa ikusteko.
Babazorroek defentsan jardun dute zain eta muin, erasoa Realari utzita, eta kontraerasoan min egin nahian. Gipuzkoako taldeari korner batean iritsi zaio aukerarik onena; hala ere, Braisek bigarren zutoinera errematatu eta ez du lortu Oyarzabalekin bat egitea, gutxigatik.
Lehen zatia amaitu aurretik, Alaves gora etorri da, ikusleek bultzatuta, eta Remiroren ate ingurura hainbatetan hurbildu da, baina jartiketarik egin gabe.
Bi taldeetako bat ere ez da fin aritu erasoan, defentsan bai, ordea. Hala, partida golik gabe joan da atsedenaldira.
Bigarren zatian jokoa bizituz joan da eta Take Kubok izan du lehen abagunea; area barruan baloia hartu due, baina jaurtiketak zutoinaren kontra jo, eta kanpora joan da.
Reala estutzen ari zen, eta bisitariek gola aurkituko zutela zirudienean, etxekoek ireki dute markagailua. Tenaglia kapitainak korner bat guraizez errematatu du gol ikusgarria sartu eta bere taldea aurretik jartzeko (1-0).
Konformatu beharrean, babazorroak gehiagoren bila abiatu dira eta Antonio Blancok eskuinkada bikaina jo du, baina langak gelditu du. Bitartean, Realari indar pixka bat falta izan zaio, eta ez du Alavesen horma hausteko modurik aurkitu.
Azken minutuetan, Oskarssonek berdinketaren gola sartu du, baina epaileak baliorik gabe utzi du, Becker (pasea eman dio) jokoz kanpo zegoelako.
Horrela, Alavesek jaitsiera postuetatik kanpo itxiko du jardunaldia, eta Realari Europarako borroka zaildu zaio.
Fitxa teknikoa:
1 - Alaves: Sivera; Tenaglia, Garces, Mouriño, Manu Sanchez; Blanco, Jordan (Guevara, 46. min); Carlos Vicente, Carlos Martin (Conechny, 46. min), Guridi (Protesoni, 71. min) eta Kike Garcia (Toni Martinez, 78. min).
0 - Reala: Remiro, Aramburu (Aritz, 65. min), Jon Martin, Pacheco, Javi Lopez; Brais (Sucic, 65. min), Zubimendi, Pablo Marin (Mariezkurrena, 76. min), Sergio Gomez (Becker, 76. min), Kubo (Oskarsson, 65. min) eta Oyarzabal.
Gola: 1-0, 65. min: Tenaglia.
Epailea: Busquets Ferrer. Txartel horia atera die Vicente, Sivera, Blanco, Aramburu, Mariezkurrena, Oskarsson, Sucic eta Aritz jokalariei.
Hurrengo zuzenekoak
06 | 22:30 - 00:30 | ERREMONTEA | ''Erremontari'' saioaren 2. jardunaldia |
Ezagutu 2025eko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2025 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa