Futbola
Europa Liga
EITB Media
Ostegun honetan jokatuko dira norgehiagokak. Zuri-gorriek Suediako taldea hartuko dute San Mamesen, 18:45ean; txuri-urdinek ere etxean jokatuko dute Herbehereetako taldearen kontra, 21:00etan.
Europa Ligako baloiak. Argazkia: Europa Press
Athleticek eta Realak UEFA Europa Ligako bosgarren jardunaldiko partidak jokatuko dituzte ostegun honetan, azaroaren 28an. Biek ala biek etxean jokatuko dute; San Mamesen eta Reale Arenan hurrenez hurren.
Zuri-gorriak eta txuri-urdinak iragan igandean EA Sports Ligako euskal derbia jokatzetik datoz. Athleticek bereganatu zuen garaipena. Derbian bi taldeetako baten ere ez zen inor lesionatu.
Athletic Club vs Efsborg
San Mamesen Athletic eta Elfsborg ariko dira nor baino nor gehiago 18:45ean hasiko den partidan. Bilboko taldea sailkapeneko seigarren postuan dago, eta hiru puntuak lortuz gero, final-zortzirenetara zuzenean sailkatzeko aurrerapauso handia emango luke; izan ere, sailkapeneko lehen zortzirek lortzen dute final-zortzirenetarako txartel zuzena. Gainera, Europa Ligan porrotik jaso gabe jarraitu nahi du Athleticek. Ernesto Valverde Athleticen entrenatzaileak jokalari bakarra du min hartuta; Yuri Berchiche deialditik at geratu da azken unean, gainkarga duelako ezkerreko psoaseko muskulaturan. Unai Simon da deialdiko berritasuna. Atezaina taldekideekin batera entrenatzen hasi da, denboraldi hasieratik min hartuta egon ostean, eskumuturreko ebakuntza dela eta.
Bestalde, Elfsborg sailkapeneko 24. postuan da, lau punturekin. Hala ere, Suediako taldeak Erromari irabazi zion (1-0) bigarren jardunaldian, ezustekoa emanda, eta berdindu egin zuen Bragaren kontra (1-1) laugarren jardunaldian. Horrez gain, jasotako bi porrotetan, gol bakarragatik galdu zuen: 3-2ko emaitzarekin AZ Alkmaarren aurka eta 4-3ko emaitzarekin Galatasarayren kontra. Beraz, esan daiteke Suediako taldeak gola sartzeko erraztasuna baduela, nahiz eta gol asko jaso jasotzen dituen.
Reala vs Ajax
Reale Arenan Realak Ajax izango du aurkari. Txuri-urdinek Athleticen aurkako derbian jasotako porrota ahaztu nahi dute. Gainera, garaipena behar du talde txuri-urdinak, sailkapeneko goiko postuetara begira jartzeko.
Reala 25. postuan da, 4 punturekin, eta une honetan txapelketatik at egongo litzateke. Izan ere, lehen zortzi sailkatuek final-zortzirenetarako txartela lortzen dute, 9. postutik 24enera arteko postuetan amaitzen dutenek final-hamaseirenetako kanporaketa, eta 25. postutik 36.era artekoak kanporatuta geratzen dira.
Imanol Alguacil entrenatzaileak Orkassonen baja izango du Ajaxen kontrako lehian. Alvaro Odriozola eta Urko Gonzalez de Zarate ere ez dira jokatzeko prest egongo, min hartuta baitaude.
Ajaxi dagokionez, azpimarratu behar da Herbehereetako taldea sailkapeneko bigarrena dela, eta jokatutako lau partidetatik hiru irabazi eta bat berdindu dituela. Orain arte erdietsitako garaipenetan erabateko nagusitasunez gailendu da Ajax: 4-0 irabazi zion Besiktasi lehen jardunaldian, 0-3 Qarabagi hirugarrenean eta 5-0 Maccabi Tel Avivi laugarrenean. Bigarren jardunaldian, berdindu egin zuen Slavia Pragarekin (1-1), azken hogei minutuak jokalari bat gutxiagorekin egonda, epaileak Baas egotzi baitzuen.
Hala, bada, partida zaila izango du Realak, baina derbiko porrota ahazteko eta berriz dinamika onera bueltatzeko aukera ona ere bai.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 12:00 - 14:00 | HARRI-JASOTZAILEAK | Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa |
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa