18:52

Futbola

Finala

Reala, 2024ko Euskal Herria Kopako txapeldun

EITB MEDIA

Jose Luis Sanchez Veraren taldeak, finalean, Athletic hartu du mendean, penalti jaurtiketetan, 3-2, Berazubin; partida 0-0 amaitu da. Penaltietan, Elene Lete atezaina bikain aritu da, eta bi jaurtiketa gelditu ditu.

  • Nerea Eizagirre Realeko kapitaina, Euskal Herria Kopa jasota. Argazkia: EITB Media.

    Nerea Eizagirre Realeko kapitaina, Euskal Herria Kopa jasota. Argazkia: EITB Media.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Realak 2024ko Euskal Herria Kopa irabazi du, igandean, Berazubi futbol zelaian, Tolosan, eta, horrenbestez, bosgarren aldiz eskuratu du titulu hori. Jose Luis Sanchez Veraren taldeak, finalean, Athletic hartu du mendean, penalti jaurtiketetan, 3-2; partida 0-0 amaitu da. Penaltietan, Elene Lete bikain aritu da, eta bi jaurtiketa gelditu ditu; Realeko atezaina, hala, giltzarria izan da txuri-urdinek Euskal Herria Kopa irabazteko.

Lehenengo zatian, Reala eta Athletic parean aritu dira. Berazubiko berdegunean, jokoa, bereziki, zelai erdian gauzatu da; hori bai, azken minutuetan, Athleticek arrisku handiagoa sortu du, Realaren areatik gertu. Gol aukerarik onena, nolanahi ere, Realak izan du, Nerea Eizagirrek area ertzetik egindako jaurtiketa polit batean; Adriana Nanclares ondo ibili da, eta kornerrera aldendu du tolosarraren ezkerkada.

Bigarren zatian ere izan da parekotasun handia, eta ez da golik izan. Violeta Quilesek oso gertu izan du 1-0ekoa, luzapenean dagoeneko, baina bere errematea, Athleticen area barruan, goitik irten da, desbideratuta. Lehia bizi-bizia izan da derbian, bai eta erritmo handia ere; biak ala biak maila oso berdintsuan aritu dira, eta finala penaltietan erabaki da, azkenean.

Penalti horietan, Realak Athleticek baino gehiago asmatu du, nabarmen. Gipuzkoako taldeak lau jaurti ditu, eta hiru sartu, Nerea Eizagirreren, Lucia Rodriguezen eta Cecilia Marcosen bidez; Athleticen, aldiz, Nerea Nevadok eta Marta Sanadrik sartu egin dute, baina Clara Pinedok, Leire Bañosek eta Mariana Cerrok ezin izan dute baloia sareetara bidali, eta, hortaz, Realak ez du izan zertan egin bosgarren eta azken penaltia. Elene Letek bi geldiketa bikain egin ditu, Pinedoren eta Bañosen jaurtiketetan; atezain zumarragarrak eragin zuzena izan du Gipuzkoako taldearen garaipenean.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    25 12:00 - 14:00 HARRI-JASOTZAILEAK | Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa
    25 17:00 - 20:00 PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena