Futbola
3. jardunaldia
EITB MEDIA
Brais Mendezek egin du 1-0ekoa, 33. minutuan, Asier Villalibrek, penaltiz, berdinketa jarri du, atsedenaldira joan aurretik eta, 77. minutuan, Toni Martinezek sartu du 1-2koa. Reala hamar jokalarirekin aritu da, 29. minututik, epaileak Mikel Oyarzabal kanporatu baitu.
Alaveseko jokalariak, 1-2koa sartuta; Toni Martinezek egin du hori. Argazkia: EFE.
Alavesek Reala menderatu du, 1-2 irabazita, Reale Arenan, Donostian, 2024-25 denboraldiko EA Sports Ligako 3. jardunaldiko euskal derbian, asteazken gauean. Brais Mendezek egin du 1-0ekoa, 33. minutuan, Realarentzat, Asier Villalibrek, penaltiz, berdinketa jarri du, Alavesen aldetik, atsedenaldira joan aurretik eta, 77. minutuan, Toni Martinezek sartu du azken gola, 1-2koa. Reala hamar jokalarirekin aritu da neurketan, 29. minututik, epaileak Mikel Oyarzabal zuzenean kanporatu baitu, txartel gorria aterata.
Lehenengo zatia bizi-bizia izan da, bi taldeak hasieratik ibili baitira golaren bila. 29. minutuan jazotakoak markatu du, nolanahi ere, aurreneko zati hori. Orduan, baloia zelai erdian zegoela, Mikel Oyarzabal eta Carlos Benavidez lurrera joan dira, lehia batean; Sanchez Martinez epaileak, hasiera batean, Realaren aldeko falta adierazi du, eta txartel horia atera dio Alaveseko futbolariari. Jokaldia VARen berraztertuta, baina, Alavesen aldeko falta adierazi du, baliogabetu egin du Benavidezi ateratako txartel horia, eta Realeko kapitaina kanporatu du, txartel gorria erakutsita.
Hamar jokalari zituela, talde txuri-urdinak aurrea hartu du markagailuan, Brais Mendezen eskutik; erdilariak, area txikian, Sergio Gomezek egindako erdiraketa bikaina errematatu du, 33. minutuan.
Luzapenean, Alavesen aldeko korner batean, Igor Zubeldiak elastikotik heldu dio Abqarri, area barruan; Asier Villalibrek hartu du bere gain penaltia jaurtitzeko ardura, eta sareetera bidali du baloia.
Markagailua berdinduta, eta Reala hamarrekin zebilela, bigarren zatian protagonista nagusia Toni Martinez izan da. Alavesek asteartean iragarri zuen aurrelariaren fitxaketa; 70. minutuan zelairatu da, eta segituan izan da goletik oso gertu. Bigarrenean, baina, ez du hutsik egin, eta, 77.ean, 1-2koa sartu du. Horrenbestez, Luis Garcia Plazaren taldeak garaipena eskuratu du.
Fitxa teknikoa
1 - Reala: Remiro; Traore, Zubeldia (Olasagasti, 81. min), Pacheco (Jon Martin, 46. min), Javi Lopez; Zubimendi, Sergio Gomez (Marin, 81. min), Brais Mendez (Turrientes, 81. min); Kubo, Oyarzabal eta Becker (Sadiq, 66. min).
2 - Alaves: Sivera; Novoa, Abqar, Pica, Diarra (Manu Sanchez, 63. min); Guevara, Benavidez, (Stoickhov, 46. min), Guridi; Vicente (Blanco, 90+1. min), Villalibre (Kike Garcia, 63. min) eta Rebbach (Toni Martinez, 70. min).
Golak: 1-0, 33. min: Brais Mendez; 1-1, 45+5. min: Villalibre (p.); 1-2, 77. min: Toni Martinez.
Epailea: Jose Maria Sanchez Martinez (Murtzia). Mikel Oyarzabal kanporatu du, zuzenean, txartel gorria aterata. Realeko Pacheco, Zubeldia, Kubo eta Jon Martin eta Alaveseko Stoickhov, Rebbach, Sivera eta Manu Sanchez zigortu ditu, txartel horia aterata.
Gertakizunak: 32.220 zale, Reale Arenan. Isiluneko minutua izan da, Jose Antonio Urtiaga Realeko jokalari ohiaren heriotzagatik.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa