Futbola
Eurokopa 2024
EITB MEDIA
Havertz, penaltiz, eta Musiala izan dira alemaniarren golegileak, partidako bigarren zatian. Final-laurdenetan Espainia edo Georgia izango dute aurkari.
Rudiger (Alemania) eta Delaney (Danimarka), partidako jokaldi batean. Argazkia: Efe.
Alemania 2 eta 0 gailendu zaio Danimarkari, 2024. urteko Eurokopako final-zortzirenetako partidan. Golak bigarren zatian egin dituzte alemaniarrek; lehenengoa, Harvertzek egin du, penaltiz, 53. minutuan, eta bigarrena, Jamal Musialak, 68.ean.
Final-laurdenetan Espainia-Georgia kanporaketako irabazlea izango dute aurkari.
Borussia Dortmunden estadioak anfitrioien hasiera bikaina bizi izan du, Nico Schlotterbecken gola barne, Toni Kroosek ateratako korner batean burukada indartsu batekin. Michael Oliver epaile ingelesak, ordea, baliorik gabe utzi du, Joshua Kimmichek Andreas Skov Olseni falta egin diolako korner hori atera aurretik.
Jarraian, Kimmich nahiko gertu egon da areaz kanpotik eskuinkada indartsu batekin gola sartzeko, baina Kasper Schmeichel atezain daniarrak kornerrera urruntzea lortu du.
UEFAk eskatuta, epaileak jokoa gelditu du ekaitz elektrikoaren mehatxupean, eta futbolariak ia ordu erdi babestu dira aldageletan, staff teknikoekin eta arbitro-taldearekin batera. Partida berriz hasi eta berehala, Schmeichel berriro ere bikain aritu da Havertzen burukada bat gelditzeko.
Atsedenaldira iritsi aurretik, Danimarkak beste abagune bat izan du kontraeraso batean, Thomas Delaney sevillar ohiak gidatuta. Baina Manuel Neuer atezainak Hojlund jokalariak egindako jaurtiketa bertan behera utzi du.
Aldageletatik bueltan, eta ia lekua hartzeko astirik gabe, Joachim Andersenek sartu du Danimarkaren lehen gola, baina VARak gola baliogabetu du. Hurrengo jokaldian, Raumen erdiraketa batek estropezu egin du Andersenen eskuin besoan eta epaileak penaltia ezarri du. Hjulmanden protestak gorabehera, Havertzek jaurti eta 1-0ekoa egin du, zutoinari itsatsitako jaurtiketa gogor batekin.
Danimarkako hautatzaileak zenbait aldaketa egin ditu bere jokalariek kontraerasoa egin zezaten, baina jokalariek tarte handiegia utzi dute atzean pare bat aldiz, eta hortik sartu da Musiala jokalaria 68. minutuan, Andersenen bizkarrean, Schmeichelen area aldera esprintatzeko. Bayern Municheko erasotzaile gazteak ez du aukera alferrik galdu eta 2-0ekoa egin du.
Fitxa teknikoa:
,2 - Alemania: Neuer; Kimmich, Rudiger, Schlotterbeck, Raum (Heinrichs, 80.min); Kroos, Andrich (Emre Can, 64. min); Musiala (Wirtz, 80. min), Gundogan (Füllkrug, 64. min), Sane (Waldemar Anton, 87. min); Havertz.
0 - Danimarka: Schmeichel; Andersen, Vestergaard, Christensen (Bruun Larsen, 82. min); Bah (Kristiansen, 81. min), Delaney (Norgaard, 69. min), Hojbjerg, Maehle; Skov Olsen (Poulsen, 69. min), Eriksen; Hojlund.
Golak: 1-0, 53. min: Havertz, penaltiz. 2-0, 68. min: Musiala.
Epailea: Michael Oliver. Kasper Hjulmand, Danimarkako entrenatzaileari (41. min) eta Julian Nagelsmann, Alemaniako hautatzaileari (60. min) txartel horia atera die. Halaber, Danimarko Bah (57. min) eta Maehle (61. min) jokalariei txartel horia atera die.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa