Futbola
LaLiga Hypermotion
EITB MEDIA
Jandroren taldeak urrezko garaipena lortu du Andorra aurkari zuzenaren aurka. Sailkapeneko azken bost taldeak lau punturen baitan daude orain.
Andorra-Amorebieta. Argazkia: LaLiga Hypermotion
Amorebietak garaipen garrantzitsua lortu du Andorra aurkari zuzenaren etxean 0 eta 1 irabazita, LaLiga Hypermotioneko 31. jardunaldian jokatutako partidan. Mailari eusteko bizkaitarrek duten aurkari zuzenetako bat da Andorra. Neurketako gol bakarra Unai Bustinzak egin du, 88. minutuan.
Lehen zatian etxeko taldea zornotzarra baino gehiago izan da eta hainbat aukera izan ditu markagailuan aurrea hartzeko. Lehenengoa 15. minutuan izan dura, Ruben Boverrek egindako jaurtiketa batean, baina baloia gora joan zaio.
Argienak, baina, Ivan Gilek eta Scheidlerrek izan dituzte. Camporen jaurtiketa ondo gelditu du Magunagoitia atezainak eta Scheidlerrek baloia kanpora bidali du, gutxigatik, bizkaitarren atezainaren aurrean bakar-bakarrik egonda.
Urdinei asko kosta zaie euren zelaitik ateratzea, baina, hala ere, aukera oso argia izan dute lehen gola egiteko Dorriok egindako jokaldi pertsonal batean. Amorebietako jokalariaren jaurtiketa gora joan da, oso gutxigatik, Nico Ratti atezainak baloia laztandu ostean.
Bigarren zatian, Andorrak oso gertu izan du gola 57. minutuan Boverrek egindako jaurtiketarekin baina Magunagoitiak geldiketa bikaina egin du.
Eta 88. minutuan zornotzarren garaipenaren gola iritsi da. Morcillok falta bat atera eta baloia areara bidali du, Unai Bustinzari iritsi zaio eta haren errematea Andorrako taldearen ate barrura sartu da.
Gol horri esker, Amorebietak urrezko hiru puntu lortu ditu, sailkapeneko azken bi tokietan dauden bi taldeen arteko lehian. Azken bost taldeak lau punturen baitan daude orain.
Fitxa teknikoa
0 - Andorra: Nico Ratti; Iker Benito, Jose Marsa (Alex Calvo, 86. min), Alex Pastor, Adria Vilanova, Diego Pampin; Jandro, Ruben Bover (Alvaro Martin, 78. min), Ivan Gil (Julen Lobete, 86. min); Pombo (Karrikaburu, 70. min) eta Scheidler.
1 - Amorebieta: Magunagoitia; Alvaro Nuñez, Bustinza, Xabi Etxeita (Jorge Mier, 75. min), Felix Garreta, Dani Lasure; Sibo, Alex Carbonell (Jorge Yriarte, 75. min), Morci (Edwards, 91. min); Dorrio eta Unzueta (Eneko Jauregi, 68. min).
Gola: 0-1, M.88: Bustinza.
Epailea: Iosu Galech Apezteguia (Nafarroako batzordekoa). Txartel horia atera die Andorrako Eder Sarabia entrenatzaileari (36. min), eta Jandro (73. min), Jose Marsa (81. min) eta Adria Vilanova (85. min) jokalariei; eta Amorebietako Bustinza (33. min) eta Dani Lasure (60. min) jokalariei.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa