Futbola
F Liga (9. jardunaldia)
I. G. | EITB MEDIA
Lehoiek eta armaginek Valentzia eta Sporting Huelva gainditu dituzte, hurrenez hurren, eta Realak, ia bigarren zati osoa bat gutxiagorekin jokatuta, ezin izan du Sevilla garaitu.
Athleticeko jokalariak lehen gola ospatzen. Argazkia: Athletic Club
Athleticek (1-2) eta Eibarrek (1-0) garaipen bana lortu dute larunbat honetan F Ligako 9. jardunaldian, Valentziaren eta Sporting Huelvaren aurka, hurrenez hurren, eta Realak porrot egin du Sevillaren aurka (1-2).
Athletic aurkaria baino gehiago izan da hasieratik, eta hiru puntuak lortu ditu Valentziaren etxean, markagailuan bi aldiz aurrea hartuta.
Ordu laurdenerako lehoiek atera jaurti dute, Zubietaren eskutik, baina jaurtiketa gora joan zaio gutxigatik. Euskaldunek bultzaka eta presioz jarraitu dute, 40. minutuan penalti baten bidez saria aurkitu duten arte, Pujadasen bultzada baten ondorioz. Pinedok bidali du baloia sarera (0-1).
Bigarren zatian Athleticek gora egin du eta Azkonak gertu izan du bigarren gola, baina Valentziak lortu du gola Pauletaren bitartez (1-1).
Bizkaiko taldeak ez du amore eman eta berriro markagailuan aurretik jartzen saiatu da, Zugastiren golari esker lortu dutelarik azkenean (1-2).
Horrela, garaipena lortu dute.
Lehenago, Reala izan da jokatu duen lehen euskal taldea. Lehen zatia oso parekatua izan da Zubietan eta ez donostiarrek ez sevillarrek ez dute jokoan gailentzea lortu.
Euskaldunek Uriaren oinetan izan dute lehen abagunea, aurrealdetik egindako jaurtiketa baten bidez. Gutxiren buruan, Eizagirrek markagailua ireki ahal izan du bere errematearekin, baina kanpora joan zaio langa urratuz. Lehen zatiak ez du gehiagorako eman eta golik gabe joan dira atsedenaldira.
Aldageletatik bueltan, Realari partida kontra jarri zaio, jokalari bat gutxiagorekin geratu baita Owusuren kanporaketagatik, bigarren txartel horia ikusi baitu. Gainera, bi minuturen buruan, Gabarrok gola sartu du Sevillarentzat, bisitariak aurretik jarriz (0-1).
Txuri-urdinek aldaketak egin dituzte, horien artean Amaiur Sarriegi, Realarekin 100. partida bete duena. Aldaketek eragina izan dute eta Jensenek berdinketaren gola sartu du (1-1).
Baina puntu bat berreskuratu zutela zirudienean, Perezek garaipenaren gola sartu du luzapenean Sevillarentzat (1-2).
Eibarrek amaiera hobea izan du Ipuruan Sporting Huelvaren aurka jokatutako partidan. Lehen zatian bi taldeetako bat ere ez da baloiaren jabe izan eta ia ez da gol aukera argirik egon. Ondorioz, norgehiagoka golik gabe joan da atsedenaldira.
Bigarren zatian partida ez da asko aldatu, 70. minutuan Andrea Alvarezek partidako gol bakarra sartu duen arte (1-0). Hortik aurrera, armaginek gehiago menderatu dute jokoa eta aldeko emaitzari eutsi diote.
Huelva markagailua berdintzen saiatu da, baina Eibar ondo aritu da defentsan eta hiru puntuak eta lehen garaipena bere zelaian eskuratu ditu.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa