Futbola
FINAL-ZORTZIRENAK
EITB MEDIA
Caliko Amerika taldeko aurrelariak (bere selekzioaren historiako golegile nagusia) Kolonbiak eta Jamaikak jokatu duten final zortzirenetako kanporaketa erabaki du, partidako gol bakarra sartuta. Ingalaterra izango da, orain, Nelson Abadiaren taldearen hurrengo aurkaria.
Usmek sartu du, EFEren argazkiak jasotzen duen jokaldian, Kolnbiari garaipena eman dion gola.
Kolonbiak Jamaika menderatu du, 1-0, asteartean, Australian eta Zeelanda Berrian jokatzen ari diren 2023ko Munduko futbol Txapelketako final zortzirenetako kanporaketan, eta, hortaz, final laurdenetarako sailkatu da. Kolonbia Ingalaterraren aurka arituko da final laurdenetan, larunbatean. Catalina Usme aurrelariak (bere selekzioaren historiako golegilerik nagusia) sartu du Kolonbiari garaipena eman dion gola, 51. minutuan.
Partidak xarma handia zuen bi taldeentzat; izan ere, biek ala biek zuten aukera Munduko Txapelketan inoiz baino urrunago iristeko, final laurdenetara. Kolonbiak (Amerikako egungo txapeldunordea) H multzoko aurreneko postuan amaitu zuen lehen fasea. Multzo horretan, Kolonbiak eta Marokok Alemania utzi zuten txapelketatik at, alegia, faborito nagusietako bat. Jamaika, ordea, lehen aldiz aritu da Munduko Txapelketako kanporaketetan. Bigarren sailkatu zen F multzoan, Brasilen aurretik. Hori dela eta, Kolonbia zuten askok faboritotzat, neurketa hasi aurretik.
Azken emaitzak arrazoia eman die hori uste zutenei, baina Kolonbiak amaierara arte borrokatu behar izan du garaipena bermatzeko. Lorne Donaldsonen selekzioak ez du amore eman, eta etengabe aritu da berdinketaren bila. Jamaikak agur esan dio Munduko Txapelketari, baina ondo ibili da, eta bikain lehiatu.
Realeko Manuela Vanegas atzelariak ezin izan du jokatu, txartelengatik zigortuta baitzegoen. 51. minutuan iritsi da neurketa eta kanporaketa erabaki duen jokaldia: Caliko Amerika taldeko 33 urteko aurrelariak baloia jaso du area barruan, eta, trebetasun handiz, ezkerrez jaurti du. Rebecca Spencer Jamaikako atezainak ezin izan du ezer egin Usmeren jaurtiketa gelditzeko.
Hala, Kolonbia larunbatean bueltatuko da lehiara, Euskal Herrian 12:30 direnean, Sydneyn, Ingalaterraren aurka. Munduko Txapelketako finalaurrekoetan aritzeko toki bat izango dute jokoan.
Fitxa teknikoa
1 - Kolonbia: Catalina Perez; Carolina Arias, Jorelyn Carabali, Daniela Arias, Ana María Guzman; Lorena Bedoya, Diana Ospina; Catalina Usme (Marcela Restrepo, 92. min), Leicy Santos (Daniela Montoya, m.87), Linda Caicedo; eta Mayra Ramirez.
0 - Jamaicka: Rebecca Spencer; Tiernny Wiltshire (Cheyna Matthews, 83. min), Allyson Swaby, Chantelle Swaby, Deneisha Blackwood; Trudi Carter (Tiffany Cameron, 67. min), Vyan Sampson (Peyton McNamara, 79. min), Drew Spence, Jody Brown (Kameron Simmonds, 83. min); Kalyssa Van Zanten (Atlanta Primus, 46. min) eta Khadija Shaw.
Gola: 1-0, 51. min: Catalina Usme.
Epailea: Kate Jacewicz (Australia). Jokalari hauei atera die txartel horia: Chantelle Swaby (41. min), Drew Spence (45. min) eta Daniela Arias (70. min).
Hurrengo zuzenekoak
25 | 12:00 - 14:00 | HARRI-JASOTZAILEAK | Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa |
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa