23:16

Futbola

Euskal Herria Txapela

Osasunak irabazi du Euskal Herria Txapela, Reala 1-3 mendean hartuta, Catenak sartutako hiru golei esker

EITB MEDIA

Nafarroako taldeko erdiko atzelariak egin ditu Euskal Herria Txapelako txapeldun berriaren hiru golak, lehen zatian. Finala Irunen jokatu dute, eta partidak erritmo bizia izan du, bi taldeen aldetik; Jagoba Arrasatek eta Imanolek gazteei jokatzeko aukera eman diete.

6:33
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Osasunak irabazi du VII. Euskal Herria Txapela, ostiral gauean, Reala 1-3 menderatuta, Irungo Stadium Galen, Alejandro Catenak sartutako hiru golei esker. Nafarroako taldeko erdiko atzelari berriak egin ditu bere taldearen hiru golak, lehen zatian; partidak erritmo bizia izan du, bi taldeen aldetik, eta Jagoba Arrasatek eta Imanolek gazteei jokatzeko aukera eman diete.

Lehen zatian erritmo bizia izan da, bi taldeak saiatu dira abiaduraz jokatzen, eta interesgarria izan da, batez ere kontuan izanik denboraldiaurreko zein puntutan gauden; hain zuzen ere, jokalariak entrenatzen hasi dira, hori besterik ez. Egia esan, Osasunak asmatu egin du Remiroren atearen aurrean, eta 1-3ko emaitzarekin joan dira aldagelara bi taldeak. Jagoba Arrasateren gizonak hasi dira jokoa kontrolatzen, eta Lucas Torrok gertu izan du aurreneko gola hirugarren minutuan, korner batean: gerora, Catenak, Moncayolaren erdiraketa bikaina baliatuz, 0-1ekoa egin du, area barruan Realeko atzelariei aurrea hartuta. Nafarroako klubaren erdiko atzelariaren estreinaldia izan da, baina ez gauean sartuko zuen azkenengo gola.

Momo Chok, 23. minutuan, berdinketaren gola sartu du, Gorrotxategirekin egindako jokaldi bikaina aprobetxatuz; frantziarrak ezkerrez jaurti du, eta modu bikainean gainditu du Aitor Fernandez atezaina. Baina Osasunak eman du berriro, 37. minutuan, Catenaren eskutik orain ere; Moncayolak erdiratu du eskuinaldetik, eta atzelari madrildarrak, burukada ederra eginez, 1-2koa erdietsi du.

Atsedenaldira iritsi aurretik, berriz ere Catenak, Osasunaren jokaldi polit bati amaiera ezin hobea emanda, gorritxoen hirugarren gola sartu du, bere hirugarren gola ere.

Bigarren zatian, denboraldiaurreko partidetan ohikoa denez, lehenengoan baino erritmo motelagoa izan da. Jokoa berdinduta izan da, eta ez da abagune argi askorik markagailua berriro mugitzeko. Onena, gazteen lana; lehen zatian ere erakutsi dute hainbatek entrenatzaileen eta taldekideen konfiantza merezi dutela. Han izan dira, besteak beste, Javi Martinez, Adama, Iker Muñoz, Areso, Huarte, Gorrotxategi, Cantero, Martin edo Astigarraga.

Txarrena, ordea, Aritz Elustondoren lesioa izan da. Realeko jokalariak berdegunea utzi behar izan du; itxaropena dago, baina, aparteko ezer ez izateko.

Osasunak ez du zailtasun handirik izan 90. minutura iristeko, eta, horrenbestez, VII. Euskal Herria Txapela erdietsi du; David Garcia kapitainak jaso du garaikurra.

Fitxa teknikoa

1.- Reala: Remiro; Gorosabel, Cantero, Zubeldia, Rico; Olasagasti, Gorrotxategi, Brais; Momo Cho, Oyarzabal, Carlos Fernandez. Bigarren zatian hauek ere izan dira zelaian: Marrero, Sola, Aritz, Astigaraga, Aihen, Gonzalez de Zarate, Marín, Azkune, Navarro, Magunazelaia, Karrikaburu, Dadie, Martin.

3.- Osasuna: Aitor Fernandez; Juan Cruz, Catena, Herrando, Areso; Lucas Torro, Moncayola, Javi Martínez; Kike Barja, Kike Garcia, Ruben Garcia. Bigarren zatian hauek ere izan dira zelaian: Sergio Herrera, Unai Garcia, David Garcia, Chimmy Avila, Peña, Moi Gomez, Budimir, Ibañez, Jose Arnaiz, Adama eta Iker Muñoz.

Epailea: De Burgos Bengoechea. Zubeldiari erakutsi dio txartel horia.

Golak: 0-1, 8. min: Catena. 1-1, 23. min: Momo Cho. 1-2, 38. min: Catena. 1-3, 42. min: Catena.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    27 18:00 - 20:00 IGERIKETA | Donostiako Gabonetako Saria
    28 22:10 - 00:30 PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Jaka-Imaz

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena