Futbola
Erreginaren Kopa
EITB MEDIA
Txapeldun berriak 95. minutuan berdindu zuen talde zuriak markagailuan jarritako 2-0ekoa; penalti jaurtiketetan, Manolo Canoren jokalariak argi gailendu ziren, 3-1. Atletico Madrilek irabazitako bigarren Kopa da.
Atletico Madrilek bigarren aldiz irabazi du Kopa. Argazkia: EFE.
Atletico Madrilek Erreginaren Kopako finala irabazi zuen larunbat gauean, Real Madril penaltietan menderatuz, Leganeseko Butarque futbol zelaian. Txapeldun berriak partidako azken minutuetan berdindu zuen, Lucia Moralek eta Bainik 87. eta 95. minutuetan sartutako golei esker, talde zuriak markagailuan jarritako 2-0ekoa (Tolettik eta Ivanak sartu zituzten Real Madrilen golak). Penalti jaurtiketetan, Manolo Canoren jokalariak argi gailendu ziren, 3-1; Atletico Madrilek irabazitako bigarren Kopa da hau.
Kopako finala emozioz beterik izan zen, eta, gainera, kontuan izanik nola zihoan soilik minutu gutxi batzuk geratzen zirela, ia pentsaezina zen modu batean amaitu zen. Atletico Madrilek ausardia erakutsi zuen neurketaren hasieran, eta gutxi falta izan zitzaion lehen zatian aurreneko gola sartzeko; izan ere, Rasheedat Ajibadek eta Baninik gertu izan zuten 0-1ekoa. 30. minutuan, baina, Sandie Tolettik, korner bat buruz errematatuz, Real Madril jarri zuen aurretik; golak lasaitasuna eman zion Alberto Torilen taldeari, eta zuriek ez zuten aparteko arazorik izan, atsedenaldia hasi baino lehen, abantailari eusteko.
Weirrek gutxigatik ez zuen 2-0ekoa egin, bigarren zatiaren hasieran; Gallardok geldiketa bikaina egin zuen orduan, baina Atletico Madrilen atezainak ezin izan zuen saihestu, gerora, Ivana Andresen gola. Hori ere korner baten ondorioz gauzatu zen, Real Madrileko jokalariek ondo egin zuten jokaldia orduan.
Euria erruz bota zuen, eta horrek jokalarien lana biziki oztopatu egin zuen; hala, Atletico Madrilen balentria, finala berdintzea, are zailagoa izan zen, gainera. 87. minutuan, Lucia Moralek 2-1ekoa sartu zuen, eta 95.enean, falta jaurtiketa batean, Baninik, eskuinez, gol ederra egin zuen, baloia angeluan jarriz. Finala luzapenera eraman zuen, horrela.
30 minutu gehigarri horietan, ordea, ez zen golik izan; Weirrek izan zuen abagunerik onena, Real Madrilen aldeko 3-2koa sartzeko. Penaltiek erabaki zuten, azkenean, eta Atletico Madrilek gehiagotan asmatu zuen, horietan, Kopa bereganatzeko.
Fitxa teknikoa
2 - Real Madril: Misa; Robles, Kathellen, Ivana, Carmona; Toletti (Freja Siri, 114. min), Zornoza (Abelleira, 82. min), Weir; Athenea (Oroz, 70. min), Caicedo (Svava, 82. min) eta Feller (Moller, 70. min).
2 - Atletico Madril: Gallardo; Moraza (Alexia, 76. min), Van Dongen (Lundkvist, 67. min), Menayo, Medina; Maitane, Sonia Majarin (Guerrero, 57. min); Cardona (Moral, 57. min), Banini, Ajibade; eta Barbara (Eva Navarro, 57. min).
Epailea: Acevedo Dudley (Kataluniako Batzordea). Jokalari hauek jaso zuten txartel horia: Kathellenek (34. min), Orozek (93. min), Lundkvistek (110. min), Alexia (114. min).
Golak: 1-0, 30. min: Toletti. 2-0, 55. min: Ivana. 2-1, 87. min: Lucia Moral. 2-2, 95. min: Banini.
Penalti jaurtiketak: Menayo (0-1), Weir (1-1), Guerrero (1-2), Carmona (huts egin zuen) (1-2), Eva Navarro (1-3), Abelleira (huts egin zuen) (1-3), Banini (huts egin zuen) (1-3), Svava (huts egin zuen) (1-3).
Gertakizunak: Erreginaren Kopako finala, Butarque futbol zelaian. 9.217 ikusle. Jokalariek pankarta bat erakutsi zuten: "Arrazistak, futboletik kanpo".
Hurrengo zuzenekoak
27 | 18:00 - 20:00 | IGERIKETA | Donostiako Gabonetako Saria |
28 | 22:10 - 00:30 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Jaka-Imaz |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa