22:04

Futbola

FINALA, TURINEN

Olympique Lyonek bere zortzigarren Txapeldunen Liga eskuratu du, Bartzelonari 1-3 irabazita

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Damaris Egurrolaren taldea faborito garbia zen Irene Paredesena baino askoz gehiago izan da.

  • Lyongo jokalariek txapeldunen garaikurra jaso duten unea

    Lyongo jokalariek txapeldunen garaikurra jaso duten unea. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Damaris Egurrola bizkaitarraren Olympique Lyonek 1-3 irabazi dio Irene Paredes gipuzkoarraren Bartzelonari Turingo (Italia) Juventus Stadiumen, eta, hala, bere zortzigarren Txapeldunen Liga bereganatu du emakumezkoen futbolean duen nagusitasuna luzatzeko.

Talde katalanak laster jaso du lehen kolpea, 6. minuturako Amandine Henryren zartako batek arratsaldeko lehen gola ekarri baitie frantziarrei.

Olympiquek bereari eutsi dio, eta min handia egin du bere hegaletako futbolarekin, tarteak irekiz eta Bartzelonarengan zalantzak sortuz. Hortik etorri da 0-2koa, Melvin Malarden erdiraketa bikain bati esker, Ada Hegerbergek buruz sare barrura bidali duena.

Azkenik, 0-3koa Paredesek galdu duen baloi baten ostean iritsi da, baloia alderatzen saiatu ostean. Akats horri Lyonek probetxua atera dio, bigarren zutoinean bakar-bakarrik zegoen Macariok bultzatu baino ez baitu egin behar izan.

Lehen zatiaren amaiera aldera, Alexia agertu da Turingo katalanen arratsalde ilunari argi pixka bat emateko. Bartzelonarrak bere hanka txarrarekin errematatu du Hansenek eskuin hegaletik egindako erdiraketa, atsedenaldia baino lehentxeago bereei itxaropenak emateko.

Partidak antzeko gidoia jarraitu du bigarren zatian, Bartzelonak sakontasun gehiago bilatzen zuen arren, Osohala Hermosoren ordez zelairatu eta gero. Alabaina, aukerarik argiena, Jonatan Giraldezen taldea partidara itzularazi ahal izan duena, Patri Guijarrok zelai erditik egindako saiakeratik etorri da, baina langan jo du.

Barça buru-belarri murgildu da azken minutuetan, baina Olympiquek ofizioz eta esperientziaz jardun du denbora galtzeko eta kataluniarren jokoaren jarraikortasuna galarazteko. Laugarrena ere sartu ahal izan dute frantziarrek, Hegerbergek zutoinarekin topo egin izan ez balu.

Fitxa teknikoa:

1 - Bartzelona: Paños; Torrejón (Ana María Crnogorcevic, 60. min), Paredes, Mapi León, Rolfö (Pina, 75. min); Patri Guijarro, Aitana, Alexia; Graham Hansen, Mariona (Martens, 60. min) eta Jennifer Hermoso (Osohala, 46. min).

3 - Olympique Lyon: Endler; Carpenter (Buchanan, 14. min), Renard, Mbock (Cayman, 81. min), Bacha; Henry, Horan, Macario; Malard (Le Sommer, 75. min), Cascarino (Morroni, 81. min) eta Hegerberg.

Golak: Henry (6. min), Hegerberg (23. min), Macario (33. min); Alexia (41. min).

Epailea: Lina Lehtovaara (Finlandia). Txartel horiak: Mapi León eta Paredes (Bartzelona); Hegerberg, Macario eta Morroni (Lyon).

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    15 21:00 - 23:30 ERREMONTEA | Binakako txapelketa: Ansa II-Juanenea vs Urriza-Larrañaga

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena