Futbola
EURO 2020
A. B. E. | EITB Media
Ukrainako selekzioak 1-2ko emaitzarekin lortu du garaipena Suediaren aurka Eurokopako final-zortzirenetan, eta Ingalaterra izango du aurkari final-laurdenetan.
Artem Dovbyk, Ukrainarekin Suediari sartu dion gola ospatzen. Argazkia: EFE
Ukrainako selekzioak Eurokopako final-laurdenetarako txartela eskuratu du astearte honetan final-zortzirenetako partidan Suedia mendean hartuta (1-2). Ukrainarrek Ingalaterra izango dute aurkari final-laurdenetako kanporaketan. Ukrainak lehen aldiz jokatuko ditu final-laurdenak Eurokopan.
Erritmo biziarekin ekion diote neurketari bi selekzioek, eta Suediak abagune bikoitza izan du zazpigarren minutuan, baina ez Forsberg ez Ekdal ez dira gai izan aurkariaren atea zulatzeko. Lau minutu geroago, Olsen atezain suediarrak erantzun bikaina eman dio Yarmolenkoren jaurtiketari. Partidako 20. minutuan, gola gertu izan du Suediak; Isakek, ordea, kanpora bidali du errematea. Suedia Ukraina baino hobeto ibili da lehen zatiko lehen erdian, baina ukrainarrek gola sartu dute 27. minutuan; Yarmolenkok area barruan baloia jaso, erdiratu, eta Zinchenkok 0-1ekoa jarri du markagailuan.
Gola hartu ostean, Suediak berdinketaren bila jo du. Bushchan atezainak suediarren gola eragotzi du 30. minutuan, Larssonen falta jaurtiketa desbideratuta. Atsedenaldira iritsi aurretik, 43. minutuan, Suediak saria jaso du, Forsbergek gola egin baitu (1-1); Suediako selekzioko jokalariak area kanpotik jaurti, eta atezaina gainditu du, baloiak Zabarnyi jo ostean.
Bigarren zatiaren hasieran, norgehiagokaren erritmoa ez da makaldu. Ukrainak aurretik jartzeko aukera izan du zutoinera joan den Syorchuken jaurtiketaren bidez, eta, bi minutu geroago, Forsbergen jaurtiketa batek jo du zutoina. Partida oso irekia izan da, eta Bushchan atezain ukrainarrak erantzun bikaina eman dio Kulusevskiren jaurtiketari, 66. minutuan. Hiru minutu geroago, Forsbergek jokaldi bikaina egin du, bi aurkari atzean utzi ditu, eta jaurtiketa langara bidali du.
Norgehiagoka azken txanpan sartu da, eta bi taldeetako batek ere ez dio erasoari uko egin. Hala ere, Suedia eta Ukraina ez dira abagune argiak sortzeko gai izan, eta arauzko 90 minutuak berdinketarekin (1-1) bukatu dira.
Luzapena nahasia, falta ugarikoa eta abagune gutxikoa izan da. Luzapeneko lehen zatia amaitu arretik, Suedia jokalari bat gutxiagorekin geratu da, Danielssonek txartel gorria ikusi baitu Basedini egin dion falta gogorrarengatik. Amaierarako hiru minutu falta zirenean, Marinovskik izan du gola sartzeko aukera, baina jaurtiketa kanpora joan zaio. Neurketa amaitzear zela, 121. minutuan, Dovbykek ukrainarren bigarren gola sartu du (1-2), Zinchenkoren erdiraketa bikain errematatuta. Suediak ez du partida berdintzeko astirik izan, eta, ondorioz, Ukrainak lortu du garaipena.
Fitxa teknikoa:
1- Suedia: Olsen; Lustig (Krafth, 83. min), Lindelöf, Danielson, Augustinsson (Bengtsson, 83. min); Larsson (Claesson, 97. min), Ekdal, Olsson (Helander, 101. min), Forsberg; Kulusevski (Quaison, 97. min) eta Isak (Berg, 97. min).
2- Ukraina: Bushchan; Karavaev, Zabarnyi, Krivtsov, Matviyenko; Stepanenko (Magarenko, 94. min), Sydorchuk, Zinchenko; Yarmolenko (Dovbyk, 106. min), Shaparenko (Malinovsky, 61. min) eta Yaremchuk (Biesiedin, 91 min, Tsigankov, 101. min).
Golak: 0-1, 27. min, Zinchenko. 1-1, 43. min, Forsberg. 1-2, 121. min, Dovbyk.
Epailea: Daniele Orsato (ITA). Txartel horiak atera dizkie Kulusevski (69. min) eta Forsberg (85. min) Suediako jokalariei, baita Yarmolenko (79. min) eta Dovbyk (123. min) ukrainarrei ere. Gainera, txartel gorria atera dio Danielsson (99. min) Suediako jokalariari.
Hurrengo zuzenekoak
27 | 18:00 - 20:00 | IGERIKETA | Donostiako Gabonetako Saria |
28 | 22:10 - 00:30 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Jaka-Imaz |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa