23:26

Futbola

EURO 2020 (F multzoa)

Frantziak, Alemaniak eta Portugalek final-zortzirenetarako txartela lortu dute

A. B. E. | EITB Media

Frantziak eta Portugalek bina berdindu dute F multzoko 3. jardunaldiko partida, eta emaitza berdinarekin amaitu da Alemaniaren eta Hungariaren arteko neurketa. Ondorioz, Hungaria kanpoan geratu da.

  • Alemania

    Alemaniako selekzioko jokalariak Hunariaren aurka berdindu ostean. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eurokopako F multzoak zirrara izan du azken unera arte, eta Frantzia, Alemania eta Portugal sailkatu dira azkenean final-zortzirenetara; Hungaria txapelketa honetatik at geratu da. Frantziak amaitu du multzoko lehen postuan, Alemania izan da bigarren eta Portugal hirugarren.

Frantziaren eta Portugalen arteko neurketa (2-2) ikusgarria izan da. Lehen zatian, Portugalgo selekzioa izan da nagusi, eta aurrea hartu du markagailuan, Cristiano Ronaldok penaltiz sartu duen golarekin (1-0). Lloris atezainak ukabilkada eman dio Danilori, eta penaltia argia izan da. Bazirudien neurketa portugaldarren aldeko abantailarekin iritsiko zela atsedenaldira, baina orduan Mateu Lahoz norgehiagokako epailea protagonista bihurtu da, penaltia adierazi baitu Frantziaren alde, nahiz eta Mbappek bere burua lurrera bota duen. Benzemak partida berdindu du (1-1) penaltiz, Rui Patricio atezaina gaindituta.

Bigarren zatiaren hasieran, 49. minutuan, Benzema area barruan sartu da, eta Frantziaren bigarren gola egin du jaurtiketa gurutzatu batekin (1-2). Norgehiagoka erritmo bizikoa izan da, Portugalek berdinketa lortzeko abaguneak izan ditu, baita Frantziak ere, baina 60. minutuan Koundek baloia eskuarekin moztu du area barruan, Mateu Lahozek penaltia adierazi du Portugalen alde, eta Cristiano Ronaldok binakoa jarri du markagailuan (2-2), Lloris atezaina berriro gaindituta hamaika metroko puntutik. Azken txanpan, bi taldeek ontzat eman dute berdinketa, eta horrelaxe amaitu da partida.

Bestalde, Alemaniak gogotik sufritu du Hungariaren aurkako neurketan (2-2). Hungariak gola sartu du 11. minutuan Szalairen bidez (0-1), eta Alemaniako selekzioa urduritu egin da. Markagailua kontra zuela iritsi da atsedenaldira. Bigarren zatian, erasora jo dute alemaniarrek, eta markagailua parekatu dute 66. minutuan, Havertzen golarekin (1-1). Hala ere, Hungariak aurrea hartu du berriro, gola jaso eta minutu bat geroago; Schafer izan da golegilea (1-2). Emaitza horrekin, Alemania Eurokopatik kanpo zegoen, baina, 84. minutuan, Goretzkak binakoa jarri du markagailuan (2-2). Gol horrek final-zortzirenetarako txartela eman dio Alemaniari, eta kanpoan utzi du Hungaria.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    25 Zuzenean 17:00 - 20:00 PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena