20:30

Futbola

EUROKOPA 2020

Bilbo ez da Eurokopako egoitza izango

EITB MEDIA

Euskal erakundeek gogor kritikatu dituzte UEFA eta Luis Rubiales Espainiako Federazioko presidentea, eta ekitaldia bertan behera uzteagatik kalte-ordainak eskatuko dituztela iragarri dute.

  • San Mames futbol zelaia.

    San Mames futbol zelaia. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

UEFAk baieztatu du Bilbo ez dela Eurokopako egoitza izango eta, beraz, Espainiako futbol selekzioak ez du San Mamesen jokatuko.

Horren berri izan ostean, Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak adierazpen bateratu bat plazaratu dute, eta bertan azpimarratu dute UEFAren erabakia "alde bakarrekoa" dela. Hartara, ez dute bat egiten aipatu erabakiaren, eta iragarri dute erakunde horrekin sinatu zuten kontratua ordain ekonomikoa eskatzeko baliatuko dutela.

Euskal erakundeek gogorarazi dutenez, 2014an UEFArekin kontratua sinatu zuten, eta gaurdaino "% 100ean" bete dutela ziurtatu dute, "UEFAko zuzendariek askotan onartu duten bezala".

"Prest geunden San Mames futbol-zelaiak datorren ekainean 2020ko Eurokopa har zezan beharrezkoa den guztia aurrera eramateko", gaineratu dute.

Erakundeek azaldu dutenaren arabera, "UEFAren erabakia izan zen 2020an Eurokopa ez jokatzea eta urtebetez atzeratzea, osasun arrazoiak zirela medio; izan ere, covid-19ak eragindako pandemia egoeran geunden". Hartara, ohartarazi dute osasun publikoaren egoera "berdina edo antzekoa" dela gaur egun.

"Hori izan da gure ustez kontuan hartu beharreko baldintzetako bat, hirian pilaketak edo gaixotasuna kutsatzeko aukerak sor ditzaketen ekitaldiak egiteko orduan", adierazi dute.

Hala, euskal erakundeek uste dute uneoro "seriotasunez eta erantzukizunez" jokatu dutela.

Horrez gain, Udalak, Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak adierazi dutenez, "ekitaldia prest zegoen", eta "joan den astera arte hainbat arlotan aurrera egiten jarraitu da, hala nola segurtasunean, prentsarekiko harremanean, maiatzean San Mamesen trofeoa erakusteko nondik norakoetan eta sorgailu elektriko autonomo bat izateko prestakuntzan (zelaiko atarian ikus daitekeena), elektrizitatea inoiz falta ez zedin. Baita hedabideetako ordezkarien ekipo teknikoentzako kabinetan ere".

Bilbo eta Euskadiren irudia

Bestalde, azaldu dute ez dutela onartuko "zalantzan jartzea euskal agintariek nazioarteko ekitaldiak kudeatzeko eta antolatzeko duten esperientzia eta gaitasuna".

"Ez dugu zalantzarik utziko sei urte baino gehiagoko proiektu honetan beti aintzat hartu diren irizpideei buruz; izan ere, gauzak egiteko euskal estiloa gailendu da: seriotasuna, koherentzia, profesionaltasuna eta erantzukizuna", zehaztu dute.Halaber, azpimarratu dutenez, "inork ez dio kalterik eragingo Bilboren, Bizkaiaren edo Euskadiren irudiari, ez tokian-tokian, ez nazioartean, zalantzan jarriz hiri, lurralde edo herrialde gisa dugun gaitasuna nazioarteko interesa duten kirol, kultura, gizarte, erakusketa edo kongresu ekitaldiak erakartzeko".

EAEko erakundeek nabarmendu dute "arduraz" jokatu dutela eta 2014an sinatutako kontratuan adierazitako baldintza eta zeregin guztiak "bete" dituztela, eta UEFAk Bilboko egoitza baztertzeko  "azalpen sinesgarririk" eman ez duela uste dute. "Ez dago. UEFAk ondo daki hori, eta horregatik saiatu da egunotan erakunde horren aurkako auzia saihesten", azaldu dute.

UEFArekin eta Espainiako Futbol Federazioarekin (RFEF) lotzen dituen kontratua eta UEFAren jakinarazpen ofiziala "Bilboko Egoitza" delakoaren zerbitzu juridikoen esku daudela erantsi dute, hura "aztertzeko eta baloratzeko". Eta baita ere "UEFArekin batera, edo gure aldetik, ekitaldiaren antolakuntzan orain arte inbertitutako zenbatekoen ordaina (1,2 milioi euro baino gehiago) eta erabaki horrek eragin ditzakeen kalte-galeren kopurua ebaluatzeko".

UEFAren eta Luis Rubialesen papera

Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak kirol-ekitaldi hori ez egitearen, kontratu-harremana alde bakarretik etetearen eta horregatik egin beharreko diru-ordainaren erantzule zuzentzat jo dituzte UEFA eta Espainiako Futbol Federazioa, zeinari, euren aburuz, "ez zitzaion inoiz gustatu Bilbo 2020ko Eurokoparen egoitza izatea".

"Beraiek azaldu beharko dituzte arrazoiak eta zein diren 'egoitza berri' batekin egindako negoziazioak eta ezarritako osasun-, ekonomia- eta kontratu-baldintzak".

Azaldu dutenez, azken egunotan UEFAri eskatu diote idazki ofizial bidez helarazteko "zein diren bete ez diren kontratuaren puntuak, zertan oinarritzen diren Bilbo 2020ko Eurokoparen egoitza gisa baztertzeko, eta kontratuaren zein puntutan aipatzen den egoitza aldatzeko aukera, egoitza honekin kontsultatu, jakinarazi eta landu gabe".

Euskal erakundeen arabera, UEFAk Cardiff (Gales) eta Stockholm (Suedia) zituen "ordezko egoitza" gisa kontratua sinatu zutenean. Aitzitik, Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko (RFEF) presidenteak hilaren 16an esan zuen Bilbok "arazoak" zituela Eurokopako partidak hartzeko, eta "Cartuja leku bikaina" izango litzatekeela esan zuen, UEFAk "erabaki" behar zuen arren.

Ildo beretik, erakundeek kritikatu egin dute Rubialesek "duela aste batzuetatik" Bilboko alkatearekin hitz egin ez izana, hau da, kasu honetako "mintzakide naturala" denarekin. "Edota, agian, hitz egin du, baina Bilboko egoitzari ezer esan gabe, beste egoitza bat eta beste interes batzuk defendatzeko", gaineratu dute.

"Bilbo ez da 2020ko Eurokoparen egoitza izango, baina argi gera dadila ez dugula mehatxurik, irainik eta gutxiespenik onartuko, eta, are gutxiago, une honetan gure herritarren osasuna zaintzeko indarrean dauden neurriak ez betetzea", azaldu dute.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    27 18:00 - 20:00 IGERIKETA | Donostiako Gabonetako Saria
    28 22:10 - 00:30 PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Jaka-Imaz

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena