22:28

Futbola

Errege Kopa

Amorebieta eta Peña Azagresa Kopatik kanpo geratu dira

eitb.eus

Bizkaitarrek 0-1 galdu dute Urritxen Badajozen aurka. Nafarrek, berriz, apenas izan dute aukerarik Celtaren kontra (0-2).

  • Urritxek Amorebietaren eta Badajozen arteko lehia hartu du.

    Urritxek Amorebietaren eta Badajozen arteko lehia hartu du. Argazkia: ETBren bideo bateko irudia.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Amorebieta Errege Kopatik kanpo geratu da ostegun honetan, zornotzarrek galdu egin baitute Badajozen kontra Urritxen jokatu duten neurketan (0-1).

Lehendabiziko zatiari indartsu ekin diote etxekoek, lehen minutua bete denerako zutoinaren aurka jaurti baitu Orozkok. Gerora, baina, neurketa parekatzen joan da, eta talde biek izan dituzte hurbilketa arriskutsuak arerioaren ate ingurura, baina eraginkortasunik gabe.

Bigarren zatiaren erdialdera etorri da norgehiagokako gol bakarra. Amorebietak alboko sake bat izan du bere zelaian, baina galdu egin du baloia, eta Extremadurako taldeak egoera baliatu du jokaldia antolatu eta baloia eskuineko hegalera irekitzeko.

Bertatik Kingley Fobi azaldu da, eta bere jaurtiketa gurutzatuak sare barruan amaitu du, zornotzarren atzelari batengan ukitu ondoren.

Jokaldia polemikaz beteta egon da, Diego Segovia Badajozeko jokalariak, baloia Fobiri eman aurretik, eskuarekin kontrolatu duela protestatu baitute etxekoek, baina ez du halakorik adierazi epaileak.

Hortik aurrera, bizkaitarrak saiatu dira berdinketaren gola lortzen, eta estu hartu dituzte aurkariak, baina Iñigo Velez de Mendizabalen mutilek ez dute golik sartzen asmatu izan dituzten hainbat abagunetan.

Celta, nagusi Peña Azagresaren aurka (0-2)

Peña Azagresak Celta izan du aurrez aurre. Argazkia: EFE

Peña Azagresak ere ezin izan du aurrera jarraitu Kopan, amore ematea egokitu baitzaio ostegun honetan jokatu duen Celtaren aurkako kanporaketan (0-2).

Norgehiagoka Calahorran jokatu da, 3.800 zale ingururen aurrean, eta hasieratik garbi geratu da Lehenengo Mailako taldearen nagusitasuna Hirugarren Mailakoaren aurrean.

Celtarena izan da baloia lehen zati osoan zehar, eta arrisku ugari eta aukera argiak sortu ditu Alvaro Marinen ate inguruan. Hain zuzen ere, etxeko atezaina izan da Nafarroako taldeko jokalaririk nabarmenena lehendabiziko tarte horretan.

Alabaina, neurketa atsedenaldira heltzear zegoela, ezin izan du gelditu Juan Hernandez erdilari galiziarrak area barrutik egindako jaurtiketa (46. min). Ondorioz, bisitariak gol bateko abantailarekin joan dira aldageletara.

Bigarren zatiak ildo beretik jarraitu du, jokoaren kontrola eta baloi jabetza Celtarena izan baitira erabat. Oscar Garciarenak oso hurbil izan dute bigarren gola erdiestea 59. minutuan, baina Juan Hernandezek areaz kanpotik ezkerrarekin egindako jaurtiketa bikainak langan jo du bete-betean.

Handik gutxira, ordea, Hernandez berak ez du barkatu. Santi Minak area barrura erdiratu du, Sergio Bermejok buruz baloia irristarazi du bigarren zutoinerantz, eta bertan bakar-bakarrik zegoen Celtako zazpi zenbakiak boleakada bikaina jo du baloia sare barrura botatzeko.

Hala, Galiziako taldeak kanporaketa erabakita utzi du, aurrean aurkari nekatua zeukalako eta ezustekorik emateko gaitasun gutxirekin.

Peña Azagresak, dena den, aukera ona izan du Pabloren jaurtiketa batean, baina gutxigatik gora atera da.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    • OR.
    28 Zuzenean 17:15 - 20:15 PILOTA | Binakakoa: Artola-Mariezkurrena II vs Elordi-Zabaleta
    29 23:15 - 00:45 ERREMONTEA | Binakako Txapelketako finala

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena