Futbola
FITXAKETAK
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hiru denboraldirako kontratua sinatu du talde madrildarrarrekin. Munduko Txapelketaren ostean ekingo dio bere zeregin berriari.
Julen Lopetegui. Artxiboko irudiak: EFE
Julen Lopetegui, egungo Espainiako futbol-hautatzaile nagusia, izango da Real Madrileko entrenatzailea datozen hiru denboraldietarako, talde madrildarrak berak gaur arratsaldean jakitera eman duenez.
Une honetan 2018ko Errusiako Futbol Txapelketa prestatzen ari den Lopeteguik Zinedine Zidanen hutsunea beteko du Real Madrilen. Frantziarrak maiatzaren 31n utzi zion Madril entrenatzeari, Txapeldunen Liga irabazi ostean.
Entrenatzaile gipuzkoarrak (Asteasu, 1966) Real Madrileko atezain gisa jokatu zuen. 1985ean, Real Madrileko bigarren talderako fitxatu zuten, eta bertan hiru denboraldi eman zituen.
Las Palmasen denboraldi bat utzita jokatu eta gero, Real Madrileko lehen taldera igaro zen 1989an, eta 1991ra arte egon zen han. Madrildik atera ondoren, Logroñesen (1991-94), Bartzelonan (1994-97) eta Rayo Vallecanon (1997-2002) aritu zen atezain-lanetan.
Entrenatzaile gisa, Rayo Vallecano (2003-04), Real Madril Castilla (2008-09), 19 urtez azpiko Espainiako selekzioa (2010-12), 20 urtez azpikoa (2011-13) eta 21 urtez azpikoa (2012-14) zuzendu zituen. Horren ostean, Portugalera abiatu zen Porto entrenatzera (2014-16), eta, azkenik, Espainiako selekzio nagusia zuzentzeko ardura dauka une honetan.
Horrez gain, duela gutxi (joan zen maiatzaren 21ean), Espainiako Federazioarekin zeukan kontratua luzatu zuen hautatzaile-lanetan jarrai zezan 2020ko Eurokopara arte.
Hurrengo zuzenekoak
Ez dago zuzenekorik |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa