Osasuna
EA SPORTS LIGA
EITB MEDIA
Arnaiz eta Budimir, lehen zatian, eta Iker Muñoz, bigarrenean, izan dira neurketako golegileak.
Jose Arnaiz, Almeriari sartutako gola ospatzen. Argazkia: Efe.
Osasuna 0 eta 3 nagusitu da Almeriaren etxean, EA Sports Ligako 30. jardunaldiko partidan. Garaipen erosoa lortu dute nafarrek Ligako azken sailkatuaren etxean, Arnaizek, Budimirrek eta Iker Muñozek egindako golei esker.
Gorritxoak neurketa hasi eta berehala jarri dira aurretik markagailuan. Eskuin hegaletik egindako erasoan, Aresok baloia areara bidali du, eta Arnaizen errematea andaluziarren atean sartu da. 0-1 Osasunaren alde, eta Arnaizek Ligan egindako bigarren gola.
Arrasateren taldearen bigarren gola 9. minutuan iritsi da, Almeriaren defentsak eta atezainak egindako huts ikaragarriaren ondorioz. Defentsak Maximiano atezainari baloia modu arriskutsuan itzuli dio, eta Almeriako atezaina kornerrera saihesten saiatu da, baina baloia Moncayolari utzi dio, eta honek Budimirri eman, aurrelariak 0 eta 2koa egiteko. Kroaziarrak Ligan egin duen 16. gola izan da.
10. minutua bete aurretik, partida oso aldapan gora jarri zaio EA Sports Ligako azken sailkatuari.
Nafarrek, aldiz, nahiko erraz jo dute erasora, Almeriak aurrerapausoa eman duen arte. Horrela, atsedenaldiaren atariko minutuetan, andaluziarrek nafarrak estutu dituzte, baina gehiegizko arriskurik sortu gabe.
Iker Muñozen gola
Atsedenaldiaren ostean, Almeriak aukera argi pare bat izan ditu nafarren aldea murrizteko, baina gola gorritxoek egin dute. Iker Muñozek sartu du, 61. minutuan, bakar-bakarrik zegoela penalti puntutik egindako jaurtiketaren bidez.
Ondorengo minutuetan, Almeriak aukerak izan ditu gola egiteko, baina Pepe Melen taldeak arazo handiak ditu aurkarien atea zulatzeko. Azkenean, 0 eta 3 nafarren alde.
Fitxa teknikoa
0 - Almeria: Maximiano; Pubill, Cesar Montes, Radovanovic (Marcos Peña, 20. min), Centelles; Edgar, Robertone (Lopy, 76. min); Ramazani, Jonathan Viera (Luka Romero, 63. min), Arribas (Embarba, 46. min); eta Marezi (Leo Baptistao, 46. min).
3 - Osasuna: Sergio Herrera; Areso, Catena, Herrando, Juan Cruz (Mojica, 77. min); Moncayola (Ibañez, 77. min), Iker Muñoz, Moi Gomez; Ruben Garcia (Ruben Peña, 65. min), Budimir (Raul Garcia, 77. min) eta Jose Arnaiz (Aimar Oroz, 55. min).
Golak: 0-1, 2. min: Jose Arnaiz. 0-2, 9. min: Budimir. 0-3, 61. min: Iker Muñoz.
Epailea: Gonzalez Fuertes (Asturiasko Batzordekoa). Txartel horia atera die Leo Baptistao (50. min), Robertone (50. min) eta Marcos Peña (77. min) Almeriako jokalariei eta Jose Arnaiz (37. min) eta Areso (44. min) Osasunakoei.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa