Osasuna
1-0
eitb.eus
Talde gorritxoak 1-0 irabazi dio Lugori, Iñigo Perezek 89. minutuan sartutako golari esker. Playoff postuetatik bi puntura dago Arrasatek zuzentzen duen taldea.
Osasuna-Lugo (1-0). Argazkia: @CAOsasuna
Osasunak garaipen garrantzitsua lortu du Lugoren aurka (1-0) Sadarren, Bigarren Mailako 16. jardunaldian. Talde gorritxoak 25 puntu ditu, eta playoff postuetatik bi puntura dago.
Jagoba Arrasatek zuzentzen duen taldea nagusi izan da lehen zatian. Baloiaren jabe izan da talde gorritxoa eta hainbat abagune sortu ditu. Bigarren minutuan izan du lehena, baina Roberto Torresen errematea kanpora joan da aurkari batengan jo ostean. Lugok erantzun egin du gutxigatik kanpora joan den Herreraren falta jaurtiketa baten bitartez. Ondoren, 13. minutuan, Juan Carlos atezainak Osasunaren gola eragotzi du, Juan Villarren erremate on bati erantzun paregabea emanda. Juan Villarri gora joan zaio beste aukera bat, 27. minutuan.Nagusi zen etxeko taldea, baina 31. minutuan, Lugok aurrea hartzeko abagunea izan du; Lazo bakarrik geratu da Ruben atezainaren aurrean area barruan, eta jaurtiketa kanpora bota du, oso gutxigatik. Atsedenaldirako 10 minutu falta zirenean, Juan Villarren jaurtiketa ona, gora joan da. Lehen zatia amaitu baino lehen, Ruben Osasunako atezainak talde galiziarraren gola eragotzi du Escricheren jaurtiketa desbideratuta.
Bigarren zatia parekatuagoa izan da, baita abagune gutxiagokoa. Bi taldeei asko kosta zaie gola sartzeko aukerak sortzea. Neurketako 58. minutuan Lugok abagune bikaina izan du, baina Ruben atezainak eragotzi egin du galiziarren gola. Gorritxoen erantzuna 76. minutuan heldu da Juan Villarrek gora bidali duen jaurtiketarekin. Jagoba Arrasatek zuzentzen duen taldeak abagune bikoitza izan du 88. minutuan; Juan Carlos atezainak ondo erantzun dio Nacho Vidalen lehen jaurtiketari eta bigarrena kornerrera desbideratu du. Korner horretan, baloia solte geratu da area barruan eta Iñigo Perezek sare barrura bultzatu du, 1-0ekoa sartuta. Luzapenean, Osasunak ez du emaitzari eusteko arazorik izan, eta garaipena eskuratu du.
Fitxa teknikoa:
1 - Osasuna: Ruben; Lillo, Unai Garcia, Aridane (Iñigo Perez, m.46), Clerc; Oier, Fran Merida; Ruben Garcia, Roberto Torres, Kike Barja (Nacho Vidal, 68. min); eta Juan Villar (Xisco, 79. min).
0 - Lugo: Juan Carlos; Campabadal, Vieira, Malagon, Kravets; Iriome (Sergio Gil, 87. min), Seoane, Azeez, Lazo; Escriche (Juan Muñiz, 82. min) eta Herrera (Jona, 65. min).
Gola: 1-0, m.90: Iñigo Perez.
Epailea: Varon Aceiton. Txartel horiak atera dizkie Aridane (39. min), Juan Villar (77. min), Escriche (35. min) eta Kravets (69. min) jokalariei.
Hurrengo zuzenekoak
29 | 23:15 - 00:45 | ERREMONTEA | Binakako Txapelketako finala |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa