Osasuna
Osasuna auzia
EITB.EUS
Miguel Archanco presidente ohiaren eta Txuma Peralta zuzendari ohiaren inguruko erabakia atzeratu du magistratuak eta larunbat honetan kautelazko neurriak iragarriko ditu.
Albisteak (5)
Epaileak luzatu egin du Miguel Archanco Osasunaren presidente ohiaren eta Txema Peralata Zuzendaritzako kide ohiaren atxiloaldia. Beste zuzendaritzako lau kide ohi, berriz, libre utzi ditu, karguekin, Osasunaren 2,4 milioirekin zer egin zuten argitu ez dutelako eta hainbat partidutan iruzur egitea leporatuta.
Fermin Otamendi epaileak deklarazioa hartu die gaur egun osoan, Archancori eta Peraltari ez ezik, Patxi Izco presidente ohiari, Juan Pascual horren presidenteorde ohiari, Angel Vizcay gerente ohiari, eta Diego Maquirriain Fundazioaren zuzendariari. Lau horien kasuan, epaileak libre utzi ditu karguekin gauean.
Futbol Liga Profesionalak (LFP), auzian sartu denak, iragarri du biharko saioan, behin behineko neurriak erabakitzeko saioan, Archanco eta Peralta kartzelatzea eskatuko duela.
Gauerdian, epaileak bien atxiloaldia luzatzea erabaki du, eta berriro polizia-etxera eraman dituzte gaua igarotzera.
Bihar goizean Justizia Jauregira eramango dituzte epailearen badaezpadako neurrien berri izateko, iturri judizialek azaldu dutenez.
Angel Vizcay gerente ohia, partiduen iruzurra argitara eman zuena, ere libre geratu da karguekin, baina epaitegira joan beharko du hamabost egunean behin.
Vizcayk epaitegitik atera denean azaldu duenez, "datu garrantzitsua da Futbol Liga Profesionalak nire kontra eta Osasunaren kontra kereilarik aurkeztu ez izana".
Izco eta Pascual, berriz, gauerdia baino lehentxeago atera dira Iruñeko Justizia Auzitegitik, abokatuak alboan zituztela, eta geroago atera da Maquirriain. Ez dute adierazpenik egin nahi izan.
Deklarazioa hartu dietenean, auzian dauden alde guztien abokatuak lekuko izan dira; beraz, sei akusatuen abokatuez gain, Osasunarena (akusazio partikularra), Futbol Liga Profesionalarena, eta guardiako fiskala izan dira bertan.
Osasuna, akusazio gisa
Luis Sabalza Osasunako egungo presidentea Iruñeko Justizia Jauregian izan da kluba 'Osasuna auzian' akusazio bezala aurkezteko.
Sabalza 12:40ean iritsi da Justizia Jauregira Pedro Baile zuzendaritzako kidearekin batera. Bertan dauden kazetariei auzian akusazio gisa aurkezteko joan direla esan diete, beste barik.
Gertatzen ari denarekin kezkatuta dagoen galdetu diotenean, Sabalzak erantzun du: "Noski, kontrakoa zentzugabekeria litzateke".
2,4 milioi, desagertuta
Iruñeko 2. zenbakiko Instrukzioko Epaitegiko arduradunak hirurak atxilotzeko agindua eman zuen atzo, Osasunako kontutik modu irregularrean ateratako 3,7 milioiak zertan erabili zituzten argitu nahi du; izan ere, horren esanetan, Osasunako aurreko zuzendaritzari diru horretaz bidegabe jabetu, delitu sozietarioa egin eta dokumentuak faltsutu izana leporatu ahal zaie.
Hirurek Polizia Nazionalaren Iruñeko polizia-etxean igaro dute gaua. Atzo, Poliziaren aurrean deklaratu zuten, eta hiruren etxeak miatu zituzten.
Bestalde, partiden emaitzak aurretik adostuta ustez egindako iruzurragatik kereila aurkeztu du Futbol Profesionaleko Ligak (LFP). Ustelkeria izan zen eta Osasunaren diruaz bidegabe jabetu ziren ikertuko du Iruñeko epaitegiak. Kereila otsailaren 26an aurkeztu zuen LFPk. Osasunako zuzendaritzako kide ohi horiek ustez egindako irregulartasun ekonomikoen auziarekin batera ikertzea erabaki du epaileak.
Filtrazioak
Auzia sekretupean badago ere, Futbol Profesionaleko Ligak jarritako kereilaren inguruko hainbat xehetasun zabaldu ditu SER irrati-kateak.
Besteak beste, Patxi Puñal eta Damia Abella jokalarien testigantzak eskatu ditu elkarte horrek, baita Espanyoleko jokalari batena ere.
Osasunako aurreko zuzendaritzaren aurka jarri du Futbol Profesionaleko Ligak kereila. Arcancho, Juan Pascual Leache, Jesus 'Txuma' Peralta eta Tomas Lopez Felipe aipatu dituzte bertan, eta Angel Vizcay salaketatik kanpo utzi dute.
Betis, Espanyol, Valladolid eta Getafe taldeak inplikatu ditu auzian Angel Vizcay presidente ohiak, SER katearen arabera. Jokalarien artean, Puñal eta Abellarekin batera, Jordi Figueras, Antonio Amaya eta Sergio Garcia ere ageri dira kereila horretan.
Vizcayk berak Futbol Profesionaleko Ligaren aurrean aitortu zuenez, Osasunak 150.000 euro eskaini zizkion Valladolidi 2012/13 denboraldian, beste 150.000 euro Betisi eta 400.000 euro Getaferi.
2013/14 denboraldian, berriz, Espanyolekin berdinketa adostu zutela adierazi du Vizcayk, eta ordainean 250.000 euro eman zizkion Osasunak talde horri. Betisi, aldiz, 650.000 euro eman zizkion, bi partida irabaztearen truke.
Rafael Entrena Espanyoleko bozeramaileak otsailean esandakoa errepikatu du Kataluniako taldeak. Horrela, partiden iruzurrean inolako inplikaziorik izan ez duela adierazi du Espanyolek.
Bestalde, “deliturik sekula egin ez” duela adierazi du Sergio Garcia Espanyoleko aurrelariak agiri batean.
Hurrengo zuzenekoak
28 | 11:00 - 14:00 | PILOTA | Afizionatuen Diario Vasco Txapelketa |
28 | 17:15 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Artola-Mariezkurrena II vs Elordi-Zabaleta |
29 | 23:15 - 00:45 | ERREMONTEA | Binakako Txapelketako finala |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa