12:06

Osasuna

Osasuna auzia

Archanco eta Osasunako bi agintari ohi atxilotu dituzte

EITB.EUS

Talde gorritxoaren presidente izandakoa, Angel Vizcay gerente ohia eta Txuma Peralta Archancoren bigarrena hartu ditu atxilo Poliziak.

1:05
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Miguel Archanco Osasunako presidente ohia, Txuma Peralta (Archancoren bigarrena) eta Angel Vizcay talde gorritxoaren gerente izandakoa atxilotu ditu gaur Polizia Nazionalak, aurreko zuzendaritzaren garaian izandako ustezko irregulartasun ekonomikoen inguruko azalpenak eman ditzaten. Iruñeko 2. zenbakiko Instrukzioko Epaitegiko arduradunak dirutza zertan erabili zuten argitu nahi du; izan ere, horren esanetan, Osasunako aurreko zuzendaritzari diru horretaz bidegabe jabetu, delitu sozietarioa egin eta dokumentuak faltsutu izana leporatu ahal zaie.

Hiruek Polizia Nazionalaren Iruñeko polizia etxean igaro beharko dute gaua. Iturri juridikoen arabera, ziurrenera, ostiralean dira epailearen aurretik.

Jose Manuel Purroy, Miguel Archanco presidente zenean Osasunako zuzendaritzako kide zena, Iruñeko polizia-etxera joan da arratsaldean bere testigantza ematera.

Iruñeko 2. zenbakiko Instrukzio Epaitegiko arduradunak emandako aginduari jarraiki, Osasunako hiru agintari ohi horien etxeak miatu eta Iruñeko polizia-etxera eraman dituzte, deklaratzera.

Aurreko denboraldian, Nafarroako futbol taldearen kontutik inongo azalpenik eman gabe ateratako 2,4 milioi euroak zertan erabili ziren ikertzen dabil epailea, Osasuna taldeko egungo zuzendaritzak otsailean jarritako salaketaren harira. Dena den, "Osasuna kasua" daraman epailearen ustez, ordea, zuloa 3,7 milioi eurokoa da.

Ustez, dirua hainbat irregulartasun egiteko erabiltzeagatik ikertzen ari dira talde gorritxoa, tartean, 2013-2014 denboraldiko Espanyol-Osasuna partida "erosteagatik".

Auditoriaren egileek astelehenean deklaratu zuten epailearen aurrean, lekuko gisa, eta txostenak jasotako irregulartasunak berretsi zituzten. Emandako azalpenen arabera, futbol-taldearen kontutik 2.416.611 euro atera zituen modu irregularrean 2014ko ekainera arte agintean izan zen zuzendaritzak.

Angel Vizcayk, Archancoren garaian gerente izan zenak, partidak erosten saiatu zela aitortu zuen Espainiako Futbol Profesionaleko Ligaren egoitzan.

Bien bitartean, Luis Sabalza egungo Osasunako presidenteak iaz taldearen kontuetatik dirua erretiratu zela aitortu du, baina baieztatu du ez dakiela diru hori zertarako erabili zen.

Epaileak 'Osasuna auzia'ren sumarioa sekretupean ipini du orain.

Ustezko iruzurra futbol partidatan

Bestalde, norgehiagoken ustezko iruzurragatik kereila aurkeztu du Futbol Liga Profesionalak (LFP). Partikularren ustelkeria eta bidegabe jabetzea ikertuko du Iruñeko epaitegi batek.

Kereila otsailaren 26an aurkeztu zuen LFPk. Osasunako zuzendari ohiek ustez egindako irregulartasun ekonomikoen auziarekin batera ikertzea erabaki du epaileak.

Betiseko bi jokalariekin partidatan iruzurra egiteko saiakera batean parte hartu zuela onartu zuen Vizcayk LFPren aurrean, urtarrilean. Bilera Madrilen egin zuten.

Antza denez, Vizcayren adierazpenak bideoan grabatu zituen LFPk. Iragan denboraldiaren amaieran Valladolidi irabazteko Betiseko bi jokalariei 250.000 euro eskaini zizkietela onartzen du Osasunako gerente ohiak. Astebete geroago, beharrezkoa izango balitz, Osasunaren aurrean galtzen uztea adostu zuten.

Gertakariak Miguel Archanco Osasunako presidentea zen garaian jazo ziren, eta iruzurrak talde gorritxoa bigarren mailara ez jaistea zuen helburu.

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    • AZ.
    • OG.
    27 18:00 - 20:00 IGERIKETA | Donostiako Gabonetako Saria
    28 22:10 - 00:30 PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Jaka-Imaz

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena