Munduko Txapelketa
MULTZOEN FASEA
A. A. | EITB MEDIA
Afrikako selekzioak garaipena behar zuen italiarren aurkako neurketan, eta 92. minutuan Kgatlanak sartutako golari esker lortu du.
Thembi Katglana bere selekzioari sailkapena eman dion gola ospatzen. Argazkia: EFE
Albisteak (5)
Informazio gehiago (1)
Australia eta Zeelanda Berriko Munduko Txapelketan, beste bi selekzio iritsi dira final-zortzirenetara: Hegoafrika eta Suedia.
Suediak sailkapena aurreko jardunaldian ziurtatu zuenez, multzoko interesgune nagusia suediarrekin batera zein beste selekzio sailkatuko zen jakitea zen, eta Hegoafrikak eskuratu du azkenean multzoko bigarren postua, Italia 3-2 mendean hartuta emozioz beteriko partida batean.
Afrikarrek garaipena behar zuten arren, europarrek aurrea hartu dute markagailuan, eta baita azkar egin ere, 11. minuturako aurretik baitziren Carusok penalti puntutik sartutako golarekin. Hala ere, 32. minutuan oreka itzuli da markagailura, Orsik baloia bere atean sartuta. Italiako atzelariak indartsuegi bidali dio pase bat bere atezainari, eta hura ez da gai izan baloia gelditzeko.
Emaitza horrek ez zienez balio, hegoafrikarrek erasora jo dute bigarren zati osoan zehar, eta aukerak bata bestearen atzetik kateatu dituzte. Halako batean, 67. minutuan, Magaiak gola erdietsi du, Kgatlanaren pase bikaina baliatuta, area barruan baloia gurutzatuta Italiako atezainarengandik urruti.
Afrikarren pozak, baina, ez du luze iraun, Carusok berriro gola sartu baitu italiarrentzat, korner baten irteeran. VARak luzaroan berrikusi du jokaldia, baina ontzat jo du azkenean. Hori bai, horren ondorioz, neurketa 11 minutuz luzatu da, eta denbora hori baliatu du Hegoafrikak sailkapena eman dion behin betiko gola gauzatzeko.
Gol horretan, Magaiak eta Kgatlanak zereginak trukatu dituzte, eta azken horrek egin du bere selekzioari sailkapena eman dion gola, lehendabizikoaren pasea baliatuta.
Hirutik hiru Suediarentzat (0-2)
Suediako jokalariak Argentinaren aurkako gol bat ospatzen. Argazkia: EFE
Bestalde, multzoko beste lehian, Suediak mendean hartu du Argentina (0-2), eta hiru partidatik hiru irabazita iritsi da final-zortzirenetara. Hegoamerikarrei garaipenak bakarrik balio zien aurrera egiteko, eta, hala ere, Italiaren eta Hegoafrikaren arteko lehian gertatzen zenari begira egon behar zuten. Baina emaitza bietako bat ere ez dute aldeko izan.
German Portanovaren taldea aurkariaren atearen bila atera da hasieratik, baina ez du arrakastarik izan, nahiz eta aurkariak aldaketa ugari egin dituen bere hasierako hamaikakoan (bederatzi guztira).
Bigarren zatian, Argentinak behera egin du, eta Suediak, aldiz, baloiaren jabetza eskuratu eta arriskua eraman du argentinarren atera. Horren ondorioz iritsi da suediarren lehen gola 66. minutuan. Jakobssonek ezker hegaletik egindako erdiraketa bikaina erraz bidali du sare barrura Blomqvist aurrelariak, buruz.
90. minutuan, Elin Rubenssonek penaltiz sartu du 0-2koa.
Final-zortzirenetan, Suediak Estatu Batuak izango du aurkari abuztuaren 6an, 11:00etan. Egun berean, baina zazpi ordu lehenago, 04:00etan, Hegoafrika Herbehereak kanporatzen saiatuko da.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 12:00 - 14:00 | HARRI-JASOTZAILEAK | Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa |
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa