11:27

Munduko Txapelketa

MULTZOEN FASEA

Ameriketako Estatu Batuek eta Herbehereek bana berdindu dute

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Txapeldun bikoitzak (2015 eta 2019) gehiago izan dira, baina eraginkortasuna handiagoa izan da europarren aldetik. Neurketako golegileak Jill Roord (17. min) eta Lindsey Horan (62. min) izan dira.

  • Julie Ertz eta Katja Snoeijs. Argazkia: EFE

    Julie Ertz eta Katja Snoeijs. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Ameriketako Estatu Batuek eta Herbehereek 1-1 berdindu dute eta puntuak banatu dituzte ostegun honetan, Munduko Txapelketako multzoen faseko bigarren jardunaldian. Txapeldun bikoitzak diren estatubatuarrak (2015 eta 2019) hobeak izan dira, baina eraginkortasuna handiagoa izan da europarren aldetik.

Ez da estatubatuarren partidarik onena izan, 2015eko ekainaren 12tik ez baitzuten Munduko Txapelketa batean neurketarik berdintzen. Izan ere, nahiz eta estatistikak 17 gol aukera eta 10 jaurtiketa jaso dituen AEBko selekzioaren alde, ez dute zehaztasunik izan Daphne van Domselaarrek defendatutako ateari begira, eta horrek berdinketara kondenatu ditu.

Herbehereak, haatik, talde praktikoa izan da, bere aukerak baliatu ditu eta emaitza ederra lortu du, Andries Jonkerren taldeak Munduko Txapelketa honetan zeresana izango duela argi utzita. Herbeheretarrek hiru zutoinen artean egin duten jaurtiketa bakarra gol izan da.

Amerikarrak erasoan buru-belarri sartuta zeudela iritsi da neurketako lehen gola, kontrako atean, hain zuzen ere. Lieke Martensek zelai erdian egindako bakarkako ekintza bikain batek bakarrik utzi du, eta AEBko defentsak ezkerreko hegala ez du ongi zaindu. Alderdi horretatik Victoria Pelova iritsi da 17. minutuan, erdiratzeko bi aukera ere izan ditu eta bigarrenean izan da Jill Roord baloia gurutzatzeko prest ikusi duenean. Azken horrek eskuinarekin jaurti du baloia, Alyssa Naeher behetik gainditzeko.

Bigarren zatian, AEBko taldeak partidaren hasieran bezala ekin dio, pixkanaka aurkaria atzean sartzen joan da eta sentsazioak berreskuratu ditu. 61. minutuan, bestalde, eztabaida luzea izan da Lindsey Horanen eta Danielle van de Donken artean, eta geldialdiak mesede egin dio AEBri. Izan ere, jarraian, korner bat jarri du jokoan, berdinketaren gola ekarri duena.

Rose Lavellek, atsedenaldiaren ostean zelairatu denak, kornerra bikain atera du, eta lehen zutoinean jarri du Horanek berak buruz errematatzeko. Golak hegoak eman dizkie Vlatko Andonovskiren neskei, eta aukera ugari izan dituzte hurrengo minutuetan.

Bien bitartean, 71. minutuan, Damaris Egurrola bizkaitarrak Snoeijs ordezkatu du zelaian.

Trinity Rodmanek 81.ean estatubatuarren bigarren gola izan du bere oinetan. AEB zen nagusi, baina ez zuen bere nagusitasun hori markagailuan islatzen, eta azken hamar minutuetan Herbehereen mehatxua presente egon da beti.

Fitxa teknikoa:

1 -Ameriketako Estatu Batuak: Naeher; Fox, Ertz, Girma, Dunn; DeMelo (Lavelle, 77. min) 46), Sullivan, Horan; Rodman, Morgan eta Smith.

1 - Herbehereak: Van Domselaar; Pelova (Casparij, min. 87), Spitse, Van der Gragt (Nouwen, 46. min), Janssen, Brugts; Groenen, Roord (Jansen, 94. min), Van de Donk; Snoeijs (Egurrola, 71. min) eta Martens.

Golak: 1-0, 17. min: Jill Roord. 1-1, 62. min: Lindsey Horan.

Epailea: Yoshimi Yamashita (Japonia).

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.

    Ez dago zuzenekorik

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena