Munduko Txapelketa
Qatar 2022
EITB Mdia
Argentinako selekzioak 2022ko Qatarko Munduko Txapelketako finala irabazi dio Frantziari. Penaltietan erabaki da irabazlea (4-2), neurketa berdinduta (3-3) amaitu ostean.
Argentinako jokalariak, garaipena ospatzen koparekin. Argazkia: EFE
Albisteak (2)
Argentinak irabazi du 2022ko Qatarko Munduko Txapelketa, igande honetan (abenduak 18) Frantzia mendean hartuta, penaltietan. Neurketa bina berdinduta amaitu da (2-2); luzapenean gol bana sartu du selekzio bakoitzak (3-3), eta penalti jaurtiketean nagusitu dira argentinarrak (4-2).
Argentina Frantzia baino hobeto sartu da norgehiagokara. Europarrek urduritasunez ekin diote finalari, baloi asko galduta. Mac Allisterrek eta De Paulek egin dituzte lehendabiziko saiakerak area kanpotik.
16. minutuan, frantziarren enegarren hutsaren ondorioz, argentinarrek kontraeraso arriskutsua antolatu dute; azkenean, Di Mariari gora joan zaio errematea. Bikain aritu da Juventuseko jokalaria lehen zatian.
Hain zuzen ere, 22. minutuan Di Mariak Dembele gainditu du, eta bien arteko lehian, lurrera joan da argentinarra: epaileak penaltia adierazi du. Messik erantzukizuna hartu, eta gola sartu du 11 metroetatik (1-0).
Argentinako selekzioak, Messiren gidaritzarekin, jaun eta jabe izaten jarraitu du. Horrela, 35. minutuan hegoamerikarrek bigarrena egin dute, kontraeraso bikain baten: Mac Allister bakarrik geratu da frantziarren zelaian, eta areara sartuta pasea eman dio Di Mariari, honek gola lortzeko (2-0).
Egungo txapeldunek ez dute biderik aurkitu arriskua sortzeko, eta gutxiago izan dira jokoan zein intentsitatetan. 40. minutuan aldaketa bikoitza egin du Deschampsek; Dembele eta Giroud kendu ditu, Thuram eta Kolo Muani zelairatuta.
Bigarren zatiko gidoia berdina izan da. Deschampsek zuzentzen duen taldea ez da gai izan argentinaren area mehatxatzeko. Hegoamerikarrek, bitartean, abaguneak izaten jarraitu dute. Llorisek gelditu egin du Julian Alvarezen jaurtiketa, eta Rabiotek Messiren errematea eragotzi du azken unean.
Azken 20 minutuetan, Argentinak, Scalonik egindako aldaketekin, atzerapausoa eman du; Frantziak, ordea, aldaketa erasokor gehiago egin ditu. 78. minutuan Otamendik penaltia egin dio Kolo Muaniri, eta frantziarrek ez dute alferrik galdu partida estutzeko aukera: Mbappek ez du huts egin (2-1), eta Frantzia lehian sartu da.
3 minutu beranduago, eromena iritsi da europarrentzat: Kolo Muanirekin horma egin eta gero, Mbappek binakoa (2-2) jarri du markagailuan, maisuki Martinez atezaina gaindituta.
Azken txanpa zirraragarria izan da, bi taldeek bilatu baitute garaipenaren gola. Messik jaurtiketa bortitza atera du 97. minutuan, baina Llorisek geldiketa apartarekin bidali du baloia kornerrera. Horrela bukatu dira 90 mintuak.
Luzapenean, Argentina nagusi izan da. Lautaro zelairatu berriak izan ditu bi abagune argi; Upamekano defentsak, aldiz, gola eragotzi du bietan.
108. minutuan Argentina aurreratu da markagailuan berriro: Lautaro Martinezek egin duen jaurtiketa Llorisek gelditu du, baina aldaratzea Messik baliatu du gola sartzeko (3-2).
Munduko Txapelketa argentinarrentzat zela zirudienean, Montielek eskuarekin jo du baloia are barruan, eta penaltia adierazi du epaileak. Mbappek lehia berdindu du berriro (3-3), penaltia sartuta.
Txapelduna penalti jaurtiketen bidez erabaki da. Mbappek eta Messik sartu dituzte lehendabiziko penaltiak (1-1). Ondoren, Emiliano Martinezek jaurtiketa gelditu dio Comani, Dybalak, ordea, ez du huts egin (1-2). Frantziaren hirugarren penaltia kanpora jaurti du Tchouamenik; Paredesek, aldiz, asmatu, eta zuloa ireki du (1-3). Kolo Muanik itxaropena eman die frantziarrei (2-3), baina Montielek sartu egin du penalti erabakigarria (2-4), eta titulua eman dio Argentinari.
Garaipenarekin, Argentinak hirugarrenez irabazi du Munduko Txapelketa, eta bukaera eman dio Europako selekzioen azken 20 urteetako nagusitasunari.
Fitxa teknikoa:
3 (2) - Frantzia: Lloris; Kounde, Varane (Konate, 113.min), Upamecano, Theo Hernandez (Camavinga, 71.min); Tchouameni, Rabiot (Fofana, 86.min); Griezmann (Coman, 71.min); Dembele (Marcus Thuram, 41.min), Giroud (Kolo Mouani, 41.min), Mbappe.
Golak: 1-0, 23.min: Messi, penaltiz. 2-0, 35.min: Di Maria. 2-1, 80.min: Mbappe, penaltiz. 2-2, 81.min: Mbappe. 3-2, 109.min: Messi. 3-3, 118.min: Mbappe, penaltiz.
Penaltak: 0-1: Mbappe, gola. 1-1: Messi, gola. 1-1: Coman, 'Dibu' Martinezen geldiketa. 2-1: Dybala, gola. 2-1: Tchouameni, kanpora. 3-1: Paredes, gola. 3-2: Kolo Muani, gola. 4-2: Montiel, gola.
Epailea: Szymon Marciniak (Polonia). Txartel horiak: Enzo Fernandez (52+.min), Acuña (97+.min), Paredes (114.min), Montiel (117.min) eta 'Dibu' Martinez; Rabiot( 54.min), Marcus Thuram (87.min) eta Giroud (93+.min, aulkian).
Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa