18:33

Munduko Txapelketa

QATAR 2022

Marokok finalerdietarako txartel historikoa lortu du Portugali irabazita (1-0)

A. B. R | EITB MEDIA

Marokoko selekzioak historia egin du, Munduko Txapelketako finalerdietarako sailkatzen den lehen talde afrikarra izanda. En-Nesyrik sartu du partida erabaki duen gola.

  • Marokoko jokalariak osapatzen

    Marokoko jokalariak osapatzen. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Marokok Portugal garaitu du (1-0) Qatarko Munduko Txapelketako final-laurdenetan. Garaipen historikoari esker, finalerdietarako sailkapena lortu duen lehen talde afrikarra da Maroko. En-Nesyri izan da partidako golegilea.

Norgehiagoka bizi hasi da, erritmo eta intentsitate handiarekin. Bi taldeen lehen aukerak geldikako jokaldietan iritsi dira, baina Joao Felixek eta En-Nesyrik ez dute asmatu aurkariaren ate aurrean. Neurketa orekatuta mantendu da. Portugalek baloiaren jabetza izan du, baina marokoarrak arriskuarekin atera dira kontraerasora.

31. minutuan Joao Felixek saiakera arriskutsua egin du area kanpotik: aurrelariak aldaratzea jaso du area ertzean, eta bere jaurtiketa El Yamiq defentsak desbideratu du kornerrera. Hiru minutu beranduago Marokok izan du aukera, baina gora jaoan da Amallah erdilariak egindako jaurtiketa.

Partida, alternantziaz josia, are gehiago erotu da En-Nesyri marokoarren estreineko gola egin duenean 42. minutuan: Attiat-Hallah eskuin-hegaleko jokalariak erdiraketa loratua egin du, eta En-Nesyrik Diogo Costa atezainaren hutsa baliatu du gola sartzeko (1-0).

Portugaldarrek lehia berdintzeko aukera izan dute kolpea jaso eta gutxira, baina langara joan da Bruno Fernandesen erdiraketa itxia. Horrela iritsi da neurketa zirraragarria atsedenaldira Al Thumama estadioan (Doha).

Atsedenalditik bueltan, bigarrena sartzeko aukera izan du Marokok, baina El Yamiqen burukada Diogo Costak gelditu du. Fernando Santos Portugalgo entrenatzaileak aldaketa erasokorrak egin ditu, Cristiano Ronaldo eta Joao Cancelo zelairatuta.

Afrikarrak gero eta atzerago defendatzen hasi dira, eta Portugalek abaguneak izan ditu: Gonçalo Ramosek kanpora bidali du burukada, eta gora joan da Bruno Fernandesen jaurtiketa bortitza.

82. minutuan Portugalek neurketako abagune argiena izan du: horma bikaina egin eta gero, Joao Felixek jaurtiketa indartsua atera du, baina Bonok gola eragotzi du, geldiketa apartarekin.

Luzapenean, azken bi aukerak iritsi dira; Ronaldok ezin izan du Bono gainditu area barrutik egindako jaurtiketarekin, eta, ondoren, kanpora joan da Pepek area txikitik egindako errematea.

Fitxa teknikoa:

1 - Maroko: Yassine Bono; Achraf Hakimi, Jawad El Yamiq, Romain Saiss (Achraaf Dari, 57.min), Yahya Attiat-Allah; Sofyan Amrabat, Azzedine Ounahi, Selim Amallah (Walid Cheddira, 65.min); Hakim Ziyech (Zakaria Aboukhlal, 82.min), Youseff En Nesyri (Badr Benoun, 65.min) eta Sofiane Boufal (Yahya Jabrane, 82.min).

0 - Portugal: Diogo Costa; Diogo Dalot (Ricado Horta, 79.min), Pepe, Ruben Dias, Raphael Guerreiro (Joao Cancelo, 51.min); Ruben Neves (Cristiano Ronaldo, 51.min), Otavio (Vitinha, 69.min); Bernardo Silva, Bruno Fernandes, João Felix; eta Gonçalo Ramos (Rafael Leao, 69.min)

Gola: 1-0, 42.min: En-Nesyri.

Epailea: Facundo Tello (ARG). Walid Cheddira kaleratu du (93.min). Txartel horiak atera dizkio Achraf Dariri (70.min) eta Vitinhari (87.min).

Iruzkinak

  • Hurrengo zuzenekoak

    • Gaur
    • OG.
    • OR.
    • LR.
    • IG.
    • AL.
    • AS.
    25 Zuzenean 17:00 - 20:00 PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II

    Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena