Munduko Txapelketa
Qatar 2022
EITB Media
Kroaziako selekzioak penaltietan hartu du mendean Brasilgoa 2022ko Qatarko Munduko Txapelketako final-laurdenetan. Lehen 90 minutuak golik gabe bukatu dira, eta luzapena banako emaitzarekin (1-1) amaitu da. Penaltietan, kroaziarrak nagusitu dira (4-2).
Kroaziako jokalariak Brasilen aurka lortutako garaipena ospatzen. Argazkia: EFE
Kroazia Qatarko Munduko Txapelketako finalerdietara sailkatu da ostiral honetan (abenduak 9) Brasil mendean hartuta final-laurdenetan. Golik gabe (0-0) amaitu dira 90 minutuak, eta luzapena bana berdinduta (1-1) bukatu da. Penalti jaurtiketetan Kroazia nagusitu da (4-2).
Lehen zatia kaskarra izan da bi taldeen aldetik, eta ez da abagune argirik egon. Bigarren zatian Brasil izan da nagusi, baina jokalari brasildarrak ez dira fin ibili aurkariaren ate aurrean. Gainera, gola sartzeko izan dituzten aukera argietan Lakovic atezainarekin egin dute topo. Kroaziak ez du abagunerik eduki. Hala ere, golik gabe amaitu da lehia, eta neurketak luzapena behar izan du.
Jaun eta jabe izan da Brasil luzapenean, eta gola sartzeko hainbat aukera alferrik galdu ostean, saria jaso du; Neymarrek 0-1ekoa jarri du markagailuan, brasildarren jokaldi ederrari amaiera bikaina emanda.
Luzapenaren bigarren zatian ere nagusi izan da Hego Amerikako taldea, baina gehiegi barkatu du aurkariaren ate aurrean. Horrela, Kroazia bizirik iritsi da azken minutuetara, eta, partidan izan duen gol aukera urrietako baten, emaitza berdindu du: Petkovicek gola sartu du (1-1) 117. minutuan, area kanpotik jaurtita. Baloiak aurkari batengan jo du, eta ate barruan sartu da.
Luzapena ere berdinduta amaitu denez, penalti jaurtiketen bidez erabaki da finalerdietarako sailkapena. Vlasicek gola sartu du Kroaziaren lehen penalti jaurtiketan, eta Lakovic atezainak gelditu egin du Rodrygo brasildarraren jaurtiketa. Majerrek eta Modricek Kroaziarentzat, eta, Casemirok eta Pderok Brasilentzat, ez dute kale egin. Orsicek (Kroazia) gola sartu du laugarren penaltian, eta zama guztia aurkariaren gain utzi du: Marquinhosek (Brasil) zutoinera bidali du jaurtiketa, eta, ondorioz, Kroaziak bereganatu du garaipena (4-2).
Fitxa teknikoa:
1 (4) - Kroazia: Livakovic; Sosa (Budimir, 110. min), Lovren, Gvardiol, Juranovic; Brozovic (Orsic, 114. min), Kovacic (Majer, 106. min); Pasalic (Vlasic, 72. min), Modric, Perisic eta Kramaric (Petkovic, 72. min).
1 (2) - Brasil: Alisson; Militao (Alex Sandro, 106. min), Marquinhos, Thiago Silva, Danilo; Casemiro; Paqueta (Fred, 106. min), Neymar; Raphinha (Antony, 55. min), Richarlison (Pedro, 83. min) eta Vinícius (Rodrygo, 63. min).
Golak: 0-1, 106. min: Neymar. 1-1, 117. min : Petkovic.
Penalti jaurtiketak: 1-0: Vlasic, gola. 1-0: Rodrygo, Livakovicek gelditu. 2-0: Majer, gola. 2-1: Casemiro, gola. 3-1: Modric, gola. 3-2: Pedro, gola. 4-2: Orsic, gola. 4-2: Marquinhos, zutoinera.
Epailea: Michael Oliver (Ingalaterra). Txartel horiak atera dizkie Brozovic (30. min) eta Petkovic (117. min) Kroaziako jokalariei, baita ere Danilo (25. min), Casemiro (67. min) eta Marquinhos (76. min) Brasilgo futbolariei.
Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa