Munduko Txapelketa
QATAR 2022
B. L. G. | EITB MEDIA
90 minutuak berdinduak izan dira. Japoniak lehen zatia bereganatu du, baina bigarrenean, Kroazia nagusitu da. Hala ere, ez dute lortu gailentzerik, eta azkenean, aukera argirik gabeko luzapenaren ostean, penaltietan erabaki da norgehiagoka.
Pasalic (Kroaziaren azken golaren egilea) Livakovic atezaina besarkatzen. Argazkia: EFE
Kroaziak final-laurdenetarako sailkapena lortu du. Penaltietan erabaki da Japonia eta Kroaziaren arteko final-zortzirenetako kanporaketa eta Livakovicek 3 penalti gelditu ditu.
Partida biziki berdindua izan da: lehen zatian Japonia izan da nagusi, bigarrenean, berriz, Kroaziak izan du agintea. Luzapenean, aukera argiena Japoniak izan du baina ezin izan dute gola egin eta azkenean, penaltietan erabaki da kanporaketa.
Japoniak gogor ekin dio lehen zatiari, baloiaren jabetza bereganatu ez badute ere, aukera argienak haienak izan dira eta txapelketa osoan zehar erakutsi duten oldarkortasunari men eginez, Kroazia estutu dute lehen zatian. Are gehiago, atsedenaldira aurretik joan dira Maedak (43. minutuan) korner bat errematatuta lortutako golari esker.
Atsedenalditik bueltan, europarrek argi zuten partida irauli behar zutela eta berehala eman dute lehen kolpea mahai gainean: 54. Minutuan, Perisicek partida berdintzea lortu du. Kovacicek urrunetik erdiraketa ikusgarri bat egin eta Tottenhameko erdilariak bikain errematatu du. Talde biek mantendu nahi izan dute emaitza amaierara arte eta akatsen bat egiteko beldurrez, bigarren zatiko azken minutuetan ez dute apenas aukerarik sortu.
Luzapenean ere ez da saiakera berezirik izan, lehen zatiaren hondarrean, baina, Mitomak baloia jaso eta bakarkako lasterraldi bat hasi du Kroaziako aterantz. Japoniarrak jaurtiketa gogorra egin du baina Livacovicek gelditu egin du. Luzapeneko bigarren zatian emaitzari eusteko saiakera egin dute asiarrek eta europarrek.
Azkenean, penaltietara heldu da partida. Bi atezainak selekzioarekin penalti bakar bat ere gelditu gabe ziren oraino. Japonia hasi da jaurtitzen eta Livakovicek ekidin du asiarrak aurretik jartzea. Beste bi aldiz errepikatu da kontu bera. Bitartean, bere taldekideek baloia sareratzen jardun dute. Japoniak penalti bakarra sartu du eta Kroaziak bakarra huts egin du. Bukaerarako, Livakovic heroiz jantzi eta hiru geldiketarekin Kroazia sailkatu du final-laurdenetarako.
Fitxa teknikoa:
1 - Japonia: Shuichi Gonda; Takehiro Tomayisu, Maya Yoshida, Shogo Taniguchi; Junya Ito, Wataru Endo, Hidemas Morita (Ao Tanaka, 105. min), Yuto Nagatomo (Kaoru Mitoma, 64. min); Doan Ritsu (Takumi Minamino, 87. min), Daizen Maeda (Takuma Asano, 64. min) eta Daichi Kamada (Hiroki Sakai, 75. min).
1 - Kroazia: Dominik Livakovic; Josip Juranovic, Dejan Lovren, Josko Gvardiol, Borna Barisic; Mateo Kovacic (Nikola Vlasic, 98. min), Marcelo Brozovic, Luka Modric (Lovro Majer, 98. min); Andrej Kramaric (Mario Pasalic, 68. min), Bruno Petkovic (Ante Budimir, 62. min; Marko Livaja, 105. min) eta Ivan Perisic (Mislav Orsic, 105. min).
Golak: 1-0, 44. min: Dalzen Maeda; 1-1, 56. min: Ivan Perisic. Penaltiak: Minamino: Livakovicek gelditu du; Vlasic: gola (0-1); Mitoma: Livakovicek gelditu du; Brozovic: gola (0-2); Asano: gola (1-2); Livaja: zutoinera (1-2); Yoshida: Livakovicek gelditu du (1-2): Pasalic: gola (1-3).
Epailea: Ismail Elfath (AEB). Txartel horiak: Mateo Kovacic eta Borna Barisic (Kroazia).
Hurrengo zuzenekoak
25 | 17:00 - 20:00 | PILOTA | Binakakoa: Ezkurdia-Rezusta vs Artola-Mariezkurrena II |
Ezagutu 2023ko Tourrari buruzko informazio guztia: Etapa profilak, sailkapenak, bideo interesgarrienak.
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa